[itzul] Ergatiboaren beharra
GOIKOETXEA G LANGARIKA, IRATXE
goikoetxea_iratxe a bildua eitb.com
Ost, Ira 27, 11:57:45, CEST 2006
Anbiguotasunak gorabehera, ez ahaztu 31. arauan (EKARTZEA MEREZI DU), beste
hiru aditz egitura inpertsonal aipatzen direla: 'ematen du', 'iduri du', eta
'balio izan' aditza.
"Hau ez da harritzekoa, bai baitaude beste zenbait aditz ukan hartzen badute
ere ergatibo barik erabiltzen direnak:
Euria egin behar duela ematen du.
Iduri du laster sendatuko zarela.
Balio izan aditza ere hor dago, nahiz honek bi erabilerak onartzen
dituen:
Zer balio du tematzeak?
Ez du balio orain etxea konpontzen hastea."
1995ekoa da araua. Gerora, beste galdera hau egin izan da JAGONETen.
Galdera: Zein da zuzena, "Gezurra dirudi hain argal egotea" ala "Gezurra
dirudi hain argal egoteak"?
Erantzuna: Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegian bietariko adibideak
aurkitu ditugu. Ez dira oso ohikoak "iruditu" aditzak "-t(z)ea/-t(z)eak"
erako osagarria hartuz eratutako egiturak ("-ela"dunak askoz ere ugariagoak
dira); idazle bakan batzuen lanetan bakarrik aurkitu ditugu aditz
jokatugabekoak, eta idazle horiek bi egiturak darabilzkite: "-t(z)eak" nahiz
"-t(z)ea".
Ondoren, adibideen zerrenda luzea dator.
Ikus Orotariko Euskal Hiztegiak dakartzan adibide hauek:
DIRUDI + -T(Z)EAK
- Erdal itzulpenik ez hori, ene iritziz, erdal hitzen faltaz izan da, baina
bidezkoa dirudi pentsaTZEAK (Koldo Mitxelena, Mitxelenaren Euskal Idazlan
Guztiak, VII, 100. or.)
- Irakurleari ez zaio biderik gehiegi zabaldu behar, agian, baina arantzaz
eta sasiz iraurTZEAK ere ez dirudi egoki (Koldo Mitxelena, Mitxelenaren
Idazlan Hautatuak, 345. or.)
- Horretarako Madrila joTZEAK, izan ere, ez dirudi bidezko (Koldo Mitxelena,
Mitxelenaren Idazlan Hautatuak, 144. or.)
- Orrez geiago, zure geroko, azkeneko orduko, gerorengo denporako ondasun
emoTEAK dirudi guztiz gitxi balio dabela zuretzat (Aņibarro, Geroko gero,
174. or.)
- Beraz, gatxago dirudi zeruan sarTZEAK, onetarako mandamentu guztiak gorde
bear badira (Aņibarro, Geroko gero, 309. or.)
- Kresala jaioterriko hizkeran, aski aldatuan, esan beharrik ez, idazTEAK
berezko dirudi (Koldo Mitxelena, Mitxelenaren Idazlan Hautatuak, 383. or.)
- Orain, berriz, gazte maltzurrak direla medio edo, itsuski xamar dirudi
horrela iharduTEAK (Koldo Mitxelena, Mitxelenaren Idazlan Hautatuak, 216.
or.)
- Zuzenago dirudi, hain zuzen, "afari, alfer, Nafarroa" idazTEAK beste
edozein idazkerak baino (Koldo Mitxelena, Mitxelenaren Idazlan Hautatuak,
97. or.)
DIRUDI + -T(Z)EA
- Gatxa dirudi Jangoikoa ganako bidea ta bere agindu santuak gordeTEA
(Aņibarro, Geroko gero, 314. or.)
- R samurrarekin bukatzen diren hitzak urri ditugularik, ordea, gehienak
bestelakoak baitira, merkeago dirudi, eta begientzat atseginago, "r" bakarra
erabilTZEA horietan ere (Koldo Mitxelena, Mitxelenaren Idazlan Hautatuak,
98. or.)
- Betiko leloak utzirik, beraz, ez dirudi lan alferra dakarren mandatu horri
begiraTZEA (Koldo Mitxelena, Mitxelenaren Idazlan Hautatuak, 320. or.)
- Eskutitz ori berorrek egin ta bidalTZEA dirudi egokiena (Azkue, Ardi
galdua, 77. or.)
- Gezurra dirudi praille batek orrenbesteraiņoko gatza ta grazia eukiTEA
(Bilbao, Ipuin, 6. or.)
Horrez gainera, ikus datu-base honetako "-tzea" eta "-t(z)ea" sarrerak.
Data: 2001/12/14
Erantzulea: Gramatika batzordea
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago