[itzul] Zalantza ('todo lo que quieras/quieres')

Xabier Mendiguren xmendiguren a bildua elkarlanean.com
Ost, Maiatza 9, 14:10:22, CEST 2007


Gaztelaniaz ez dira berdin-berdinak. Indikatiboan, izatez eta egiazki 
nahi duzun hori adierazten du. Subjuntiboan, nahi izan dezakezuna, 
nahiz eta orain nahi izan ez, edo jakin ez nahi duzun ala ez.

Euskara naturalean "nahi duzun guztia" esango genuke, baterako nahiz 
besterako. Hala ere, ñabardura markatzea ezinbestekoa bada, badira 
bereizkuntzarako bideak: "nahi duzun / nahi dukezun"  ("nahi duzun / 
nahi dezazun" ere proposa liteke, nahiz eta horren gramatikaltasunaz 
zalantzak izan). Hala ere, hurrenkera gaztelaniaz proposatu zaigunaren 
alderantzizkoa da, eta eslogan moduan bistan da ez duela grazia 
apurrik.

X.

El 09/05/2007, a las 14:05, Patxi Petrirena escribió:

>
> >>>Para todo lo que quieras. Para todo lo que quieres. (Bi
> esaldiak hurrenkera horretan doaz).
>
> Gaztelaniazko leloaren sortzaileak koxka gramatikal bat
> jarri dio euskarazko itzultzaileari, itxura batean zuzeneko
> baliokiderik ez duena. Kontua da ñabardura hori
> adierazteko bide bila hasi naizenean antzemangaitz samar
> gertatu zaidala diferentzia gaztelaniaz ere. Adiera
> berberean hartu behar ote da 'querer' bi esaldietan? Edo
> 'nahi izan' / 'maite izan' moduko bereizkuntzaren bat ote
> dago? Halakorik ez bada, indikatiboaren eta subjuntiboaren
> arteko aldea ez dut erraz harrapatzen nik, praktikan. Garbi
> dago 'nahi izan' aditzarekin 'nahi duzun guztirako' esango
> genukeela bi esaldietan.
>
> Zerbaitetan laguntzeko esperantzan, hona aieru batzuk:
>
> - Alde handi samarra legoke, teorian, 'nahi zenukeen
> guztirako' eta 'nahi duzun guztirako' esanda, baina hor ere
> zalantza franko sortzen zait, alde hori gaztelaniazkoarekin
> pareka ote daiteken.
>
> - Beste bide batetik, 'Zernahitarako' eta 'Nahi duzun
> guztirako' proba liteke.
>
> Nire nahimenak horrainoko emaitza erdietsi du. Eskasa,
> seguruenik. Nahiak nahi, ezinak ezin.
>
> Patxi



ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago