[itzul] Zalantza ( todo lo que quieras/quieres )

Xabier Aristegieta xabiera a bildua parlamento-navarra.es
Ost, Maiatza 9, 15:20:43, CEST 2007


Kaixo:

1.- Ezer proposatzen hasi aurretik, komeni da zehatz-mehatz jakitea zer
iragarri nahi den lelo horren bitartez, ahalik eta ideia hurbilenekoa
izateko.

2.- Zentzuzkoa iruditzen zait zalantza sortzea ea indikatibotik
subjuntiborako aldaketa horrek aditzaren esanahiaren aldaketa ere islatzen
ote duen. Kasu horretan, nik ulertzen dut "nahi izan" esanahia lehen
esaldian adierazi nahi izango litzatekeela ("para todo lo que quieras"), eta
"maite izan", berriz, bigarren esaldian ("para todo lo que quieres"), baldin
eta iragarleek hunkimen-efektu bat-edo eragitea bilatzen badute (ohi
dutenez). Dena den, ohartarazi beharrekoa da bitxi samar gelditzen dela
"maite izate" horren objektua "todo" izatea, eta ez, askoz ere logikoagoa,
"todos" (badakigu, hala ere, ikus-entzunezko iragarki bat baldin bada,
efektu bitxi hori ez litzatekeela axolakoa izango baldin eta, adibidez,
"todo" hitz hori "familia zoriontsu" tipiko baten irudiari gaininprimaturik
agertuko balitz). Kasu honetan ez dago itzulpen-arazorik: "Nahi duzun
guztirako. Maite duzun guztirako".

3.- Benetako arazoa sortzen da bi esaldietan "querer" horrek esanahi bera
duenean ("nahi izan", nik ulertzen dudanez) eta, beraz, kontua denean
euskaraz nola islatu behar den gaztelaniazko aldaketa hori, indikatibotik
subjuntiborakoa. Aipatzeko modukoa iruditzen zait ezen, iragarlearen asmoa
baldin bada bi esaldietan "nahi izan" adieraztea, deigarria dela esaldien
hurrenkera hori aukeratu izana, eta ez alderantzizkoa (alegia, "Para todo lo
que quierEs. Para todo lo que quierAs"), bigarren hurrenkera hori, nire
ustez behintzat, biribilagoa baita.

Nire proposamenak:

"Nahi duzun edozertarako. Nahi (izaten) duzun guztirako" (itzulpen honek
oihuka eskatzen dit, niri behintzat, esaldi-hurrenkera alderantzizkoa
izatea).

    Edo (askatasun pixka/asko batekin jokatuz):

"Guztia nahi baduzu. Guztia nahi duzulako."

Ea, bada. Dena den, lehenik eta behin, iragarleak zer esan nahi duen guztiz
argitu beharko litzateke, jakina.

Xabier


----- Original Message ----- 
From: "Patxi Petrirena" <altxupere a bildua euskalerria.org>
To: "ItzuL" <itzul a bildua postaria.com>
Sent: Wednesday, May 09, 2007 2:05 PM
Subject: Re: [itzul] Zalantza ( todo lo que quieras/quieres )



>>>Para todo lo que quieras. Para todo lo que quieres. (Bi
esaldiak hurrenkera horretan doaz).

Gaztelaniazko leloaren sortzaileak koxka gramatikal bat
jarri dio euskarazko itzultzaileari, itxura batean zuzeneko
baliokiderik ez duena. Kontua da ñabardura hori
adierazteko bide bila hasi naizenean antzemangaitz samar
gertatu zaidala diferentzia gaztelaniaz ere. Adiera
berberean hartu behar ote da 'querer' bi esaldietan? Edo
'nahi izan' / 'maite izan' moduko bereizkuntzaren bat ote
dago? Halakorik ez bada, indikatiboaren eta subjuntiboaren
arteko aldea ez dut erraz harrapatzen nik, praktikan. Garbi
dago 'nahi izan' aditzarekin 'nahi duzun guztirako' esango
genukeela bi esaldietan.

Zerbaitetan laguntzeko esperantzan, hona aieru batzuk:

- Alde handi samarra legoke, teorian, 'nahi zenukeen
guztirako' eta 'nahi duzun guztirako' esanda, baina hor ere
zalantza franko sortzen zait, alde hori gaztelaniazkoarekin
pareka ote daiteken.

- Beste bide batetik, 'Zernahitarako' eta 'Nahi duzun
guztirako' proba liteke.

Nire nahimenak horrainoko emaitza erdietsi du. Eskasa,
seguruenik. Nahiak nahi, ezinak ezin.

Patxi




ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago