[itzul] jaietako egitarauak eta euskara "jatorra"

Alberto Martinez de la Cuadra acuadra a bildua zamudiokoudala.net
Or, Eka 6, 10:17:35, CEST 2008


Iritzi bi eman dira jai egitaraua euskara «jator» deitu duzun horretan uztearen alde. Nire iritziz, ez zenuke bere hartan utzi behar; ez, behintzat, jai egitarau hori Zaldibarko Udalak argitaratzekoa bada. Administrazioari euskararen erabilera jasoa dagokio idatziz. Beste hizkuntza batean inori ez litzaioke burutik pasako administrazio publiko batek hiperlokalismoz beteriko testuak plazaratzea.

Euskaltzaindiak «Euskara batua, euskalkiak eta tokian tokiko hizkerak» izeneko agiria argitaratu zuen 1979an. Agiri horretan, salatu zuen, euskalkia erabiltzeko aitzakiarekin, badaezpadako euskara erabiltzeko izaten den joera.

Jokaera kaltegarri hori saihesteko, besteak beste, baldintza hau ezarri zuen:

«Idatzian, ortografia bakarra onartuko da batuan nahiz euskalkietan; izan ere, euskara hizkuntza bakarra baita, ez hizkuntza asko. Horregatik, Euskaltzaindiak ortografiaren batasunerako eskaini dituen erabaki eta proposamen guzti-guztiak bete behar dira euskalkietan idaztean ere».

1994an, «Euskalkien erabilera Administrazioko 1. eta 2. hizkuntz eskakizunetan» izeneko agirian, besteak beste, honako irizpide orokor hauek finkatu eta proposatu zituen Euskaltzaindiak, euskalkian idazten denerako:

«1. Ahozkoan eta lagunarteko hizketan ohikoak diren laburtzapenak gaitzetsi egin zituen.
»2. Tokian tokiko fonetismo bereziak gaitzetsi egin zituen.
[...]
»4. Batasunerako erabaki den deklinabidea derrigorrezkotzat jo zuen, baina bizkaierazko zenbait forma berezi ere ontzat emanez.
»5. Batasunerako erabaki den aditz-jokoa derrigorrezkotzat jo zuen, baina euskalkiko forma batutzat har daitezkeenak ere ontzat emanez.
»7. Morfologian, hitzen forma dialektal tradiziodunak ere (bakotxa, barri,
burruka, edur, elexa, parkatu...) ontzat eman zituen».

2004an, beste adierazpen bat egin zuen Lezaman euskalkien erabileraz, eta Administrazioko erabileraz hau esan zuen:

«2.1. Euskara idatziari dagokionez, administrazio orokorrean euskara batua erabiliko da.
»2.2. Lurralde mailan diharduten administrazioek aintzat hartuko dituzte bertako euskalkiak; betiere administrazioko lexikoaren eta terminologiaren batasuna».

Informazio hori guztia hemen duzu:
(http://www.euskaltzaindia.net/arauak/dok/Araua_0137.pdf)

Ińaki Zabaleta Urkiolaren «Euskalkiak eta komunikabideak» artikuluan (Euskera 2007) beste hau dio:
«Azkenik, frankotan, ikus-entzunezko komunikabideei dagokienez behintzat, "euskalki versus euskara batua" eztabaidaren azpian beste bi arazo egoten dira ezkutuan: profesionalaren hizkuntza-gaitasunaren ahulezia eta edukien aldez aurreko prestaketa desegokia. Bi neke horien aurrean abaro erretorikoa bilatzeko, euskalkiaren eta herri-hizkeraren aldarrikapena erabiltzen da; baita horien forma arruntena ere. Egiaz, euskara batu bertaratuaren kontzeptuan oinarrituz, hizkuntza estandarrak ez du arazorik euskalkiekin, auziak bitasunean eztabaidatzeko joeratik aldentzen bagara behintzat».

(http://www.euskaltzaindia.net/euskera/dok/euskera_2007_1.pdf)


Alberto MC
Zamudioko Udala




ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago