[itzul] Unibertsitateetako itzultzaileentzat

Elhuyar Fundazioa elhuyar a bildua gmail.com
Ost, Urr 8, 15:48:23, CEST 2008


<<Ni ETXEAN JAIOA naiz, ez ospitalean>> zuzena bada, <<Ni arma KIMIKOETAN
ADITUA naiz>> ere zuzena izango da, "jaioa" eta "aditua" partizipioak
baitira. Atribuzio-perpausen barnean eman ohi dira horrelakoak testuaren
barnean ("Urlia Arte Ederretan lizentziatua da", "zu arma kimikoetan aditua
zara"), eta hor ez dago, nire ustez, problemarik. Aditza kenduta ere ez:
<<Urlia, Arte Ederretan lizentziatua; Berendia, folklorean aditua>>. Izan
ere, aditz batek problemarik gabe har dezake adizlaguna modifikatzaile edo
osagarritzat.

Baina, partizipiorik ez badago (<<Urlia GeologiAN DOKTOREA da>>), beste
azalpen bat beharko dugu egitura zilegitzat joko badugu. Badira adjektibo
batzuk modifikatzaileak edo osagarriak onartzen dituztenak, hala
nola*"aberats" eta "pobre".
*

<<Ez gagoz oso ABERATS DIRUZ ezta ere OINETAKOZ>> dio kantak. Eta Orotariko
Euskal Hiztegian, berebat, <<Beharrik da bethidanik KANTARIZ ABERATS izan
Eskual Herria>> eta <<Aberats eta txiro TXINDIZ, eta LANAZ, / bakotxak al
daunaz>> ageri dira. Horien gisakotzat har litezke "katedradun" eta
"doktore" izenondoak ("doktore", berez, izena izan arren, atributu gisa ere
erabiltzen da, hau da, adjektibotzat ere har daiteke). Arrazoibide horren
ondorioz, "Medikuntzan doktorea" edo "Kimikan doktorea" gisakoak zuzentzat
eman genitzake.

Bestela, hor dago Leizarraga Elkanokoaren adibidea: "*pestearen
katedratiko".*

Baina ez dut uste onargarritasunaren muga harago eraman daitekeenik. Hau da,
ez dut uste adjektibotzat har ez daitekeen izen batekin onar daitekeenik:
"Kimikan masterra" ez da, nire ustez, onargarria, nahiz eta izenburu batean,
ordena aldatuta, onargarritzat har daitekeen: "Masterra Kimikan". Izan ere,
garbi dago horrek ez duela funtzionatzen testuaren barnean, adizlagun horrek
garrasika eskatzen baitu aditz bat: <<*Masterra Kimikan oso garrestia da>>,
<<*Kimikan masterrak 12.000 euro balio du>>.

Horiek horrela, <<Atzerriko Hizkuntzan Aipamena>> ez dut uste onargarria denik.

Gaztelaniazko "mención en" delako hori, hoberik ezean, "Atzerriko
Hizkuntzako Aipamena" egin liteke, "Aljebrako eskola, Kimika
Organikoko azterketa..." egiten dugun moduan.



Alfontso Mujika
Elhuyar Hizkuntza Zerbitzuak


2008/10/8 <sara a bildua euskal.deusto.es>

> Egun on, denoi:
> Graduko titulu berri batzuek 'aipamenak' dituzte, espezialitatea edo
> adierazteko. Adibide pare bat: Grado en Educación Primaria,
> Mención en Lengua Extranjera edo Mención en Necesidades
> Educativas Especiales.
> Baduzue honelakorik euskaratuta? Demagun aipamen hitza
> darabilgula euskaraz 'mención' emateko, nola lotu espezialitatearen
> arloarekin? Zer da?: zeren aipamena? zeri buruzkoa? zertarakoa? -
> ko/-etakoa?
> Guk, orain arte, espezialitateekin, -ko, -ari buruzko edo -rako
> espezialitatea erabili izan dugu, arlo bateko, arlo bati bati buruzko
> edo zer edo zertarako espezialitatea dela ulertuta, baina 'mención'
> hitzak zein lotura duen arloarekin ez dut ikusten.
> Bihotzez eskertuko ditut ekarpenak.
> Sara Muniozguren
> Deustuko Unibertsitatea
>



ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago