[itzul] Bana, bina...
Bittor Hidalgo
bittorhidalgo a bildua euskalnet.net
Lar, Urt 31, 12:34:58, CET 2009
Niri oso ondo iruditzen zaidak bakoitzak nahi duen bezala idaztea (eta
batuan idatzi nahi badu, batuan), eta baita ere nahi duen errekurtso
estilistikoekin idaztea, eta ez erabiltzea nahi ez dituenak. Baina
horretan ere, koloreez bezala gustu asko omen daude, eta estilistika
eskola etereoetarako utzi beharko genituzke halakoak, nire ustez.
Arazoa da, nire ustez, norberaren apetetatik, apetentzietatik, eta
askotan ezagutza eskas eta ezjakintasunetatik, besteentzako arau
"gramatikal" orokortzaile eta derrigortzaileak-edo eratorri nahi izatea.
Ze, ezin ahatu dugu, 2009. urtean, eta euskarak azken 100 urteetan (edo
500 urteetan) izan duen transmisio sozio-kultural diglosiko
desorekarekin, maiz gutako bakoitzari pertsonalki iritsi zaigun euskara
hizkuntzaren gaineko informazioa/formazioa, nahikoa laburra izan dela.
Neronek ere noski. (Gure ama-edo izan dugu askok urte askoan ia euskal
informazio/formazio iturri bakarra, ezta?) Horregatik maiz uste dut gure
intuizioak oso diglosikoak izan litezkeela eta oso euskararen ezezagutza
sozial, geografiko eta historikoen ondorio. Eta ondo dago bakoitza
daukanetik abiatzea. Ez daukanetik ezin. Baina hortik, besteentzako arau
edo legeak eratortzeko, ezinbestekoa da, uste dut, denon artean saiatzea
gure "intuizio partikular" horiek kontrastatzen euskararen zabalera
soziologiko, geografiko eta historikoan ere (hau da, letradun historian)
behintzat.
Horregatik, nik aipatutako hainbat datu, teoria (P. Goenaga) edo
adibideren aurrean (OEH), hik segitzea esaten hik ez dituala halakoak
erabiliko, ez zaizkikala halakoak inondik ere sartzen, edo HIRE (hik
kasuan gogoan hartu nahi dituan) hiztunei ez zaiela normala iruditzen
"zeoze", ez duk beste datu soziologiko txiki bat gehiago baino. Kontuan
hargarria, bai. Baina nire ustez ezin parekatu litekeena OEHn jaso den
Nemesio Etxaniz baten adibide batekin esaterako. Kasuan adibideak ez
direlako bat eta bat (bana). Batetik, hire testigantza, eta Etxanizena
bestetik, baizik eta batetik, hirea, hire usteena eta hire lagunena-edo,
eta bestetik OEH egin duen taldearena, adibide hori ere hor sartzea
erabaki duena, seguru esanguratsua iruditu zaielako, eta beraiek
aztertutako corpusean denera izan ditzaketen 2, 4 edo 5.000 /bana.../,
/bina.../, ... adibideren isla izan litekeelakoan hori ere.
Eta aurrerantzean hik erabiliko dituk halakoak, edo ez, hire apeten
arabera, eta eskubide guztia izango duk. Baina baita besteok ere izan
nahi diagu eskubidea hireak erabiltzeaz gain, euskarak guri hireez
bestelako beste bide batzuetatik ekarri dizkigun formak erabiltzeko, eta
ez inor hasteko bere soil hura inposatu nahian.
Hau dena filosofia da, badakit, baina nire espirituarekin hobeto
moldatzen den filosofia. Hainbeste gauza debekatzen ibili ordez, hobe
dugulako, nire ustez, euskararen espresabideak ahalik eta gehien
zabaltzen saiatzea, bide zaharretatik eta bide berrietatik, eta geroak
erabakiko du zein adierazpide zaizkigun geratu, eta zein baztertu diren,
soziolunguistikak erabiltzen dituen ekuazio guztiz arbitrarioen arabera.
Esaterako, eta adibidetxoa. Nik ez det esango, ez det esan, HUSNA formak
tradiziorik izan duenik azken 40 urteak arte. Ez det ere esango HUTSEAN
eta ENPATE ez direnik nire nerezko formak, edota HUTS ETA HUTS txarra
denik. Baina esan beharra al daukagu HUSNA txarra dala, euskal hiztunak
berez asmatu duenean forma hau, eta oso eroso erabili bere adierazpen
behar linguistiko bat asetzeko.
Berdin gertatzen zitzaidan Henrike Knör zenak (edo beste hainbatek, zuen
arteko akok ere seguru) "Norbaiten ZORIONAK OSPATU/IZAN/EDUKI..."
bezalakoak gaitztsi nahi izan dituztenean. Ez dute tradiziorik, azken 30
urteak arte. Eta zer? Zertan dira txarrak halako formak euskal hiztun
modernoak asebetegarri topatu baditu, eta arrakastaz erabili, euskeratik
bertatik sortuta eta esportatu gainera espainolera?
Eta amaitzeko, eta gure gaiarekin segiaz, begiratu bat egin diet OEHn
*bina, hiruna* eta *launa* sarrerei, eta baita ere berriro aurkitu
segidako adibideak behintzat, distribuzioa oionarritzen dutenak, ez
subjektuen pluraltasunean (edo datiboenean, oso ohizkoak direnak),
baizik eta beste kasu bitxiagoetan, hik Patxi gaitzetsi nahi dituan
estilokoak.
"Eta aita semeen begietatik irten ziran biña negar-malko galant." (J.M.
Zabala) (hau da aitaren eta semearen begi bakoitzetik bi malko).
"Goiz artan bina gerazi belarritako yarri zituen ollanda ark." (Orixe)
(hau da, belarri bakoitzean, edo belarritako gisa -predikatu osagarri?-
bi gerezi belarri bakoitzean)
"Subil" naiz "baztar-egur", naiz "enbor", bat dena, / etxe bakoitzetara
bina dakartena. Orixe. (hau da, etxe bakoitzera bina enbor)
"+Kaietek bota ditu / biak bira tiroz." (Etxamendi) (hau da, delako
Kaietek akabatu ditu bi pertsona bakoitza bina titoz -objektua plurala,
baina bitxia eta politta, ez?-)
"Egün oroz goizan, egüerditan eta arratsen hirurna zeñü khaldi emaiten
dira elizan." (Belapeire) (hau da, hiru "zeñü khaldi" beraz goizean,
beste 3 eguerdian eta beste 3 arratsean)
"Zuk iruna kuarto eskatu eta orrela ez dizkitzu iñork erosiko."
(Mokoroa) (hau da eskatu bakoitzagatik 3 kuarto ( edo € edo))
"--Laurontzako meriyenda on bat [...] --Iruna pesetako meriyendie."
(Kirikiño) (hau da, bakoitzarentzat/tzako 3 pezetako merienda).
"Irabaztan du kostiua eta irur pezeta, maiatziaraz gero, irabatzen dei,
laurna, eta kosturik bage." (Mendigatxa) (hau da, maiatzaz geroztik
egunean, egunero, edo astero, irabazten ziren 4 pezeta Erronkarin-edo
eta kosturik gabe)
Ondo izan
Bittor
Patxi Petrirena(e)k dio:
> Ez nituen aztergai guztiak zaku berean sartu, eta zure adibide guztiak
> ere, Bittor, ez dira denak zaku berekoak, nik uste. "Zernahi" bana
> daitekeelako horretan, kasuak eta maiztasunak ere kontuan hartu
> beharko direlakoan nago (esaterako, nik ez diot inori entzun
> "anai-arreba bana" edo "seme-alaba bana" duenik).
>
> - Zalantza eta jakinmina dut, esan bezala, "sari bana irabazi du
> Bartzelona eta Madrilen" modukoekin, baina erabat egokitzat daukat
> "liburu bana oparitu diet ilobei". Esan dezadan, bide batez, ez
> naizela bakarra izan lehenbiziko hori zalantzakotzat jotzen, zerrendan
> eta laneko inguruan.
>
> - Okertzat edo desegokitzat daukat "Bartzelonako eta Madrilgo lagun
> bana etorri da (dira??)", "seme-alaba bana izan" edo "anai-arreba bana
> izan" bezala. Adibide bat (behintzat) agertu da, bai. Hiztunei normal
> gertatzen zaizkie halakoak?
>
> "Egañak eta Lujanbiok zortziko txiki bana kantatu dute". Ederki.
> "Lujanbiok zortziko txiki eta kopla bana kantatu du". Niri ez zait
> hori inondik ere sartzen.
>
> Hurrengo batean, zerbait gehiago.
>
> Patxi
>
>
--
=============================
Bittor Hidalgo Eizagirre
Gaztelu kalea, 25, 4.A
20013 Donostia (Gipuzkoa)
Euskal Herria (Espainia -gainezarpenez-)
Tfnoak: 943326855 // 655728290
posta-e: bittorhidalgo a bildua euskalnet.net
=============================
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago