[itzul] Canal Senado

Elhuyar Fundazioa elhuyar a bildua gmail.com
Or, Eka 5, 17:14:11, CEST 2009


Esango nuke telebista-kanalen izenak ez direla euskaratzekoak. Adibidez, "La
Sexta"  (edo "laSexta", izen komertziala erabiliz gero) edo "Canal Sur"
kanalak aipatzeko orduan, ez zaigu bururatzen "Seigarrena" edo "Hego kanala"
euskaratzea, eta izen berezi gisa deklinatzen ditugu: "La Sextaren
aurrekontua", "Canal Surreko programak"...
Alde horretatik, "Canal Senado" bere horretan uztekoa litzateke.
Hala ere (hemendik aurrerakoa hipotesi hutsa da), demagun Senatuak berak
nahi duela telebista-kanal horrek euskarazko izena ere izatea (adibidez,
Senatuak autonomien ganbera izan nahi duelako eta bere kanalak estatuko
hizkuntza ofizialetan ere izen ofiziala izatea nahi duelako). Orduan,
Senatuak ofizialdu behar luke izena, eta itzultzaileok ez genuke lanik
hartuko izena euskaratzen, euskaratuta eta ofizialduta egongo bailitzateke.
Demagun (beste hipotesi  bat), Senatuak hori egin nahi duela, eta Amaiari
dagokiola Senatuari esatea euskarazko zer izen jarri. Kasua hori balitz,
Amaiak plazaratu duen zalantza guztiz justifikatuta egongo litzateke. Kasua
hori balitz, gaztelaniazko izena euskaratzen saiatu beharko genuke, eta ez
dut uste batere kontuan izan behar genukeenik "Senado de Espaņa", "El Senado
de Espaņa" eta abar, hori ez baita "Canal Senado" izendapenean agertzen
(Nolanahi ere, mezuaren azken galderari erantzuteko, bai, erakundearen
izendapenak mugatua behar du: "Espainiako Senatua", "Euskaltzaindia" edo
"Euskal Herriko Unibertsitatea" erakundeen izendapenak izen-sintagma
mugatuak diren bezalaxe).
Azkenik, pentsa dezagun zer egingo genukeen Euskaltzaindiak telebista-kanak
bat plazaratu eta bere izena jarri nahiko balio: "Euskaltzaindia Kanala"
izan liteke, adibidez, baina ez "Euskaltzaindi Kanala", ezta? Bide beretik,
"Senatua Kanala" egin liteke.
Azken zalantza "kanal" hitzaren letra larriari buruzkoa da. Batetik, garbi
dago aposizio bat dela, izen berezi batez eta izen generiko ("kanal") batez
osatua. "Txindoki mendia" aposizioan ez zaigu bururatzen "mendia" letra
larriz jartzea, baina "Txindoki mendia" ez da erakunde bat edo izen
komertzial bat. Adibidez, "Elhuyar Fundazioa" aposizioa da, eta osagai
generikoa ("fundazioa") letra larriz idazten da, erakunde horren izenaren
parte delako. Horregatik, esku artean dugun kasuan ere, esango nuke "kanal"
hitza letra larriz hasita idaztekoa dela, izen komertzialaren parte delako
("Euskal Telebista" izendapenean ere, "telebista" letra larriz idazten dugun
bezala). Beraz, uste dut ez litzatekeela astakeria izango "Senatua Kanala"
idaztea.

(azalpen hipotetikoegia ote?)

Alfontso Mujika
Elhuyar Hizkuntza Zerbitzuak

2009/6/5 Amaia Imaz Clemente <amaia_imaz a bildua yahoo.es>

> Arratsalde on!
>
> Espainiako Senatuko telebista kanala da hori eta, "Senatuko Kanala /
> Senatuko kanala" (maiuskula bai ala ez?) alde batera utzita, bueltak ematen
> nabil Senatua Kanala edo Senatu Kanala izan beharko lukeen. Kontua da behin
> eta berriz azpimarratu digutela izen ofiziala "Senado de Espaņa" dela, ez
> "El Senado de Espaņa", eta uste dut horregatik nahasi naizela. Nire ustez,
> "Senatua Kanala/kanala" izan beharko luke, baina honezkero ez dakit zer eta
> zergatik uste dudan ere. Bide batez, erakundearen beraren izenak "Espainiako
> Senatua" (mugatua) izan behar du, ezta???
>
> Ea nik baino argiago duzuen!
>
> Eskerrik asko!!!
>
>
>
>
>



ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago