[itzul] Mezu hau eta ____ eranskinak

ERRASTI ARAMBARRI, Iņigo inigo.errasti a bildua bizkaia.net
Ast, Ots 18, 14:20:10, CET 2010


Epa, Patxi

Nik honela emango nituzke:

1.- "Mezu hau eta beraren eranskinak hartzaileari..." edo izenorderik gabe ere; ondo ulertuko nuke. Nik etxetik kanpo ikasia dut halakoetan "haren" erabiltzea proposatzen duen sistema. Horrek esan nahi du gurean (ia-ia) neutralizatuta dagoela hirugarren pertsonako izenordearen erabilera hori, eta hor ez dugula (inoiz) "haren" erabiltzen. Dena dela, uste dut "Mezu hau eta haren eranskinak..." eta Juan Garziak Kalko Okerrak hartan (77. or.) aipatzen duen "Maddi eta haren/beraren [?bere] lagunak etorri ziren" egitura bera direla, ezta ba? Berak hori ematen du egokitzat. Ondo ulertu ez badut, esango didazu.

2.- "Ebazpen hau ez da irmoa..." Kasu horretan, ez zait ateratzen "... eta beraren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiete..." Batetik, "beraren aurka" erabiltzeko, galdegai izan beharko lukeelako, eta, kasu horretan, "gora jotzeko errekurtsoa" sartu zaigu aditzaren aurrean. "beraren aurka" erabiltzeko, esaldia pixka bat aldatuko nuke: "Ebazpen hau ez da irmoa, eta, beraren aurka egiteko, gorako jotzeko errekurtsoa jar daiteke..." edo horren antzeko zeozer. Beste alde batetik, kasu honetan ere, "ikasitako" sistema erabiliz gero, ontzat hartuko nuke "haren" jartzea. Dena dela, dagoen moduan, nahasbiderako aukera ematen du "haren aurka gora jotzeko..." horrek, baina hori beste kontu bat da.

3.- Hirugarrenak bigarrenaren arazo bera du niretzat: esaldiaren hasieran eta mintzagaiaren lekuan, nekez aterako litzaidake horrela. Badakit izenordain indartuak ez duela derrigor joan behar galdegaiaren lekuan eta beste arrazoi batzuk ere eragiten diotela, baina nire belarriarentzat ez da hau horietako bat.

Ondo ibili,


Iņigo





ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago