[itzul] Mezu hau eta ____ eranskinak

Patxi Petrirena petrirena a bildua gmail.com
Ast, Ots 18, 23:51:55, CET 2010


Uste dut zehaztapen bat egitea dagokidala Juan mintzatu aurretik (eskatzea
"libre bider bi" da...). A!, eta nire galderaren erantzuna "Kalko okerrak"
liburuan dagoela diozuenei: ez, hori ez dago (beste erantzun asko bai,
jakina), eta "Joskera lantegi"n ere ez dagoela esango nuke. (Bueno, Juanek
nik baino hobeki jakingo du igual...).

Alfontsok dio: <<Adibidez, film bati buruzko kritika bat idaztean, "film
honetan, film hau..." idatziko dugu.>>

Bai. "Joskera lantegi"k dioenez, "seinalatze zehazki kokatu gabe" bat da
hori (oker ez banago). Alegia, testu guztian present dagoen erreferentea da
dena delako filma, eta "film hau" esaten dugu (testu horren barruan, esaldi
jakin batean, beste film bat aipatzen baldin bada, hartaz "film hori" esango
dugu hurrengo esaldian; beste seinalatze klase bat da hori).

Nire adibideetako "hau", berriz, diferentea da. Film-kritikaren
adibidearekin segituz, jo dezagun halako batean esaten dugula: "ezin iruzkin
hau amaitu zera esan gabe". Horixe da nire adibideetako "hau": iruzkinean
esaten dugun "iruzkin hau", mezuan esaten dugun "mezu hau", ebazpenak esaten
duen "ebazpen hau", kontratuan ageri den "kontratu hau"... Hori deixi
arrunta da, eta ez da goiko "film hau" kasuan gertatzen dena ("film hau" ez
baita filmean esaten, bestan denez, kritikan baizik; jakina, guztiz posible
da "film hau" deixia ere, baina ez da hori goiko adibideko kasua).

Deixi arrunta aipatua dago "Kalko okerrak" liburuan, 77. orrian, kataforaz
mintzo den pasarte batean:

====
<<Aipatu dugun funtzio-banaketa horretan, hain zuzen, badu lehen graduak
inork ukatuko ez dion erabilera bat, bere-berea, kataforiko deritzona.
Katafora zer den ulertzeko, grekorik ikasi beharrik ez dago: bi puntuen
aurrean gero bi puntuon segidan azalduko dena aurretik biltzen duen
elementua da katafora. Tipikoenean:

     - (honako) hau: ...

Proposatzen den ereduan, bada, funtzio horretarako utziko genituzke lehen
graduko erakusleak. Horretarako eta, jakina, deixi arrunterako: (bizi garen)
mundu hau, (esaldi hau ageri den) testu hau, (gure) herri honi... ">>
====

Horraino zehaztapena. Hortik aurrerakoan, ikusi dut Iņigo Errasti eta
Alfontso Mujika bat etorri direla (aukeretako batean behintzat) nire
galderari erantzuteko orduan, biek proposatu baitute hauxe:

    Mezu hau eta BERAREN eranskinak...
    Ebazpen hau ez da irmoa, eta BERAREN aurka...

Hala ere, ez da bete-betean egia Iņigok esan duen gauza bat: <<"Mezu hau eta
haren eranskinak..." eta Juan Garziak "Kalko Okerrak" hartan (77. or.)
aipatzen duen "Maddi eta haren/beraren [?bere] lagunak etorri ziren" egitura
bera direla, ezta ba?>>.

Bada, uste dut ezetz, hain zuzen ere Maddiren adibide horretan ez dugulako
deixirik eta gure adibideetan bai; horrexegatik, oker ez banago, "Maddi eta
haren lagunak" normal gertatzen zaigu --bere(zale)keriak gorabehera--, eta
ez, aldiz, "mezu hau eta haren eranskinak", niri behintzat. Izan ere,
Alfontsoren adierazpidearen ildotik, "(mezu hau)REN eranskinak" niri "(mezu)
HONEN eranskinak" ateratzen zait eta ez "HAREN eranskinak".

Bukatzeko, beraz: niri, lehen ere esan dudan bezala, "mezu hau eta HAREN
eranskinak" desegoki gertatzen zait, eta zalantza dut "mezu hau eta BERAREN
eranskinak" aukerarekin; lehenago esango nituzke "mezu hau eta HONEN
eranskinak" eta... "mezu hau eta BERONEN eranskinak" (bueno, hori ez nuke
esango baina iruditzen zait teknikoki edo teorian ongi dagoela).

Txisteak zioen bezala: "Larria da nirea, mediku jauna"?

Patxi



ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago