[itzul] Mezu hau eta ____ eranskinak
Juan Garzia Garmendia
juangarzia a bildua gmail.com
Or, Ots 19, 11:28:39, CET 2010
Alde batera utzia nuen mezu-kate hau, begiratu gabe, izenburuak
iradokitzen zidalako ez zela joskera-kontua, formulismoren bat baizik.
Halako batean, ordea, heldu diot, eta, erantzutekotan negoela, horra
erantzuteko bider-eskatu. Oraingo honetan, bada, ez dut nik txaparen
erru guztia izango...
1) Gai horri buruz ezer esan dudan toki guztietan, saiatu naiz garbi
uzten ez dela kontua inongo, inolako eta (batez ere) inoren erabilera
gaitzestea. Kontua, izan ere, batu estandarrerako erabilera ahalik eta
egokiena finkatuz joatea da, nire ikuspegitik. Jakina, desados egoteko
eskubide guztia du edonork, premisa nagusia ere ukatzeraino, hots,
euskara batu beharra bera, modako neotxokozaletasunetik gero eta
gehiago gertatzen denez. Nik, eta ez ahal naiz bakarra izango,
estandar hori mamituz joatea nahi nuke, eta bide horretatik joan nahi
dute nire proposamenek.
2) "Bere" zein "beraren"ek ez dute hor enfasiaren arazorik, berez.
Euskaltzaindiak berak badu hor erru apur bat, "erakusle indartu" izena
eman baitzien noizbait bai "huraxe"ri eta bai "bera"ri. Egia da
"huraxe" ereduko formak ia desgerbidean duten hiztunek "bera" eredura
jotzen dutela maiz, maiz, baina "ber-" osaera dutenak (nire
terminologian, berretuak) ez dira, berez, enfatikoak,
errepikapenezkoak baizik: "(aipaturiko) [hura] bera". "Bere", berriz,
izatez edo jatorriz, bihurkaria da ("reflexivo").
Beraz, hizkera batzuetan "beraren" (eta "haren") formen lekua hartu
aurretik (hots, "su"=bere automatizatu aurretik), eta bereizkuntzak
gordetzen jarraitzen duten hizkeretan orain ere berdin, bereizi egiten
zen/da "Amaia eta haren/beraren [Amaiaren] semea ikusi ditu dantzan"
eta "Amaia eta bere [ikuslearen] semea ikusi ditu dantzan".
Ez dakit hori arazoak areagotzea edo konpontzen laguntzea den, baina,
niri neuri, gustatzen zait, besteak beste, zerbait irakurtzen
dudanean, jabetzea zein diren esaldien erreferenteak. Eta esaldiak
hori baino bihurrixeagoak ere izan daitezke, eta erreferenteak
nahasgarriagoak, zenbait testutan. Hizkuntza-tresneria zorroztuta ez
badago, hizkuntzak ez du ondo beteko bere lana (hizkuntza zertarako
nahi dugun ere eztabaidagai izan liteke).
3) "Haren" eta "beraren"en arteko aldea, berriz, nik "inflazioa" deitu
izan diodanari dagokio. Oso labur (laburregi) azalduta: mendebaldeko
gramatika askotan, pertsona-izenordain arrunten zerrenda "ni, zu,
bera" zen . Horrek esan nahi du erreferentea (hiztunaren buruan,
nonbait) errepikatua balitz bezala abiatzen dela sistema hori, "hura"
arrunta bazterturik. Joera horretako hiztunei, bada, "ber-" hasten ez
den oro irudituko zaie ezohiko pertsona-izenlagunen kasuan
(él/ella=bera, aquel/aquella=hura). Hortik aurrerakoa: bera+-ren >
beraren/bere. Nire proposamenean (eta, esate baterako, Elizen arteko
Biblian,, bihurkaria ez den erreferente errepikatuarentzat gordetzen
da "beraren":
Amaiak esan zion Patxiri beraren [Amaiaren] etxean geratzeko.
[bere: Patxiren], haren: beste norbaiten (Ipar.: Amaiaren / beste
norbaiten)]
4) Horiek guztiak aspaldi azalduak dira, eta ederki ezkontzen dira
Alfontsoren eta Patxiren iruzkinekin. EIMAkoa aski eskematikoa da,
baina, ustez, funtzeskoena biltzen du.
5) Oraingo honetan hizpide duguna, aldiz, nik lehenago (ustez) inon
tratatu gabeko auzia da. Horrek ez du esan nahi auzi ez denik; izan
ere, ia egunero egokitzen zait halakoren bat neure itzulpenetan zein
besterenen zuzenketan edo begiraletzan. Kontu hori ere aski garbi
finkatu du Alfontsok: zer gertatzen da halakoetan ("nire" ereduan
zein bestetan) anaforaren erreferentea hirugarren graduan ez
dagoenean? Alegia, [hura>haren/beraren/bere] anafora-lotura izan
beharrean [hau/hori>...] abiapuntua osatu behar dugunean?
Lehenik, erantzun formala, "nire" ereduan:
Mezu hau eta beronen eranskinak.
Badakit zenbaitek (edo, beldur naiz, hainbatek) adar-jotzetzat hartuko
duela "berau" ereduko erakusle hain estigmatizatuei berriro honela
atea zabaltzea (nork eta nik, haien kontra esandakoak esanda), baina
serio ari naiz. Eredu horretako erakusleek ez dute berezko bekaturik:
ez dagokien erabilerara behartzea izan da bekatu aski zabaldua. Hor,
ordea, "hau"ren erreferntearen errepikapena markatzen du "berau"k, eta
horixe da "ber-" erakusle berretuen eginkizun jatorra.
Jakina, hor ere, "hau berau" eta "hori berori" joskeren lekuan,
graduaren neutralizazioz, "hau bera" eta "hori bera" darabilenak ez du
arazorik izango (aitzitik baizik) gradu-neutralizazio hori gure
adibide dontsura ere ekartzeko:
Mezu hau eta beraren [mezu honen] eranskinak.
Hobe eredu hori, noski, batu estandar formalean, zehazki adierazten
baitira hala "beronen/beraren" izenordainen erreferentea, "bere"
bihurkari orotariko bihurtua erabiliz baino. Gure adibidean, ez dirudi
larria denik anbiguotasunak, baina berehala egin dezakegu topo
nahasgarriagoren batekin, eta orduan zer?
6) Orain arteko guztian, esaldiak beren horretan utziz jardun dugu,
erakusleen aukera gorabehera. Batzuetan, askotan, esaldia bestela
taxuatzea izaten da irtenbide hobea. Besteak beste, eta maizenik,
Alfontsok iradoki bezala, genitiboa osorik ezabatuz edo/eta
erakuslearen ordez artikulua erabiliz, gradurik gabea baita hura (gure
adibidea ez da hor aproposena, baina):
Mezu hau eta eranskinak.
Mezua eta (dakartzan) eranskinak.
7) Zerbait baldin badago nire azalpenetan neuk "asmatua",
baztertzekotzat jo: euskarak berezko dituen joeren artean (aipatu
dudan xederako) egokien direnak seinalatu eta bultzatu nahiz ari naiz
ni. Euskara kultura-hizkuntza bete-bete eta oso-oso bilakarazteko
bidean, ez baitzaigu gutxi falta horretarako, begiak zabalik edukiz
gero bistan denez. Bidea egin nahi dugun da kontua, eta bide horretan,
arazo guztiak ez dira soziologikoak, bada-eta arazo tekniko
ez-nolanahikorik, garatu nahi izan d(u)en edozein hizkuntzatan bezala.
Ni ere pasotagoa nintzateke, ez pentsa, euskara ingelesaren edo
gaztelaniaren egoeran balego.
Mezu honekin eta beronen edukiarekin, nahi duzuena egin.
> Txisteak zioen bezala: "Larria da nirea, mediku jauna"?
>
> Patxi
>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago