[itzul] Esloganen gaineko gogoeta

Iñigo Fernández ifernandez a bildua publis.com
Ost, Eka 2, 15:20:30, CEST 2010


Barkatuko ote duzue publizista honen parte (esku edo hanka) sartzea...

Itzulpen lan "hutsetik" haratago doazen kasuetarako beste tarifa batzuk
jartzearekin zeharo ados ni. Baina batez ere, filologiaz, gramatikaz eta
abar ez ezik, publizitateaz ere badakiten "itzultzaile" espezializatuek
eskatzen baldin badituzte.

Zeharo ados, baita ere, honekin (betikoarekin): publizistek euskaraz
zabalduko dena euskaraz zertu behar lukete edo, gutxienez, euskaraz ere
egoki funtzionatu behar duela kalkulatuz (mezu benetan itzulgarriak
proposatuz).

Kontua da:
1) Publizitatea lizentziatura euskaraz irakasten pare bat hamarkada
daramatzan gure unibertsitateak ez duela asmatzen publizista euskaldun onak
trebatzen (besteak beste hara iristen diren ikasleen euskara mailak ez
duelako aukera hori ematen).
2) Ondorioz, inguruko publizitate agentzietan euskaldun (oso) gutxi dago,
eta are gutxiago agentzia handietan, telebistan eta kalean egunero ikusten
ditugun gauzak egiten dituzten agentzietan.
3) Iragarleek, gainera, ez diete gehiegi eskatzen beren agentziei. Euskaraz
ere egin dezatela, besterik ez (ez kalitaterik ez asertibitaterik ez
gaztelerazkoan beti eskatzen duten besterik).
4) Ondorioz, publizitate agentzia gehienetan, handi (ia) guztietan, euskara
beti dator gero. Eta inork ez du atzera botatzen "kanpaina on bat" euskaraz
arazoak izan ditzakelako. (Nola zen hura... "No dejes que la realidad te
estropee un buen titular" edo, publizista honek azkar eta gaizki
euskaratuta, "etzazu utzi euskarak kanpaina on bat izorra diezazun").
5) Eta, azkenik, euskaldunok ez dugu euskarazko publizitatea ez ona saritzen
ez txarra zigortzen.

Hori da bizi dugun sorgin-gurpila, nire ustez.

Pragmatiko jarrita, nire proposamenak zerrenda honetan, apaltasun osoz
emanak:
. Itzultzaileak halakoetan kexu ager daitezela, iragarkia egin duen agentzia
hemengoa denean behintzat. Ematen ez badu ere halakoak uste baino gorago
iristen baitira tarteka. (Argi dago etb1n publizitatea egitera behartu duten
kanpoko iragarlearen kasuan ez dagoela zer eginik, baina oso bestelako kasua
da hemengo iragarleena).

. Itzulpena eskatu duen iragarle edo publizitate agentziari testua ez ezik,
harekin batera joango den irudia ere eskatu, testuingurua ulertuta itzulpen
aukera gehiago ikusi ahalko direlakoan.

. Itzulpen zaila, oso zaila edo ezinezkoa duten iragarkietan, nolabaiteko
askatasuna eskatu, eta "euskarazko bertsioa" sortzeko iragarkia egin
duenarekin hitz egin: komunikazio helburuak zeintzuk diren, hau da, benetan
zer kontatu, saldu, nabarmendu, iradoki, nahi duten jakiteko.

Azken zeregin horretan sakontzen duten itzultzaileak (izango) dira
publizitateaz ere badakiten "itzultzaile" espezializatuak, nire ustez.








ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago