[itzul] Esloganen gaineko gogoeta

Juan Garzia Garmendia juangarzia a bildua gmail.com
Ost, Eka 2, 17:55:21, CEST 2010


Barkatu ez, baizik eta estimatu egiten dugu, Iņigo. Are gehiago,
kontua barrutik eta sakonetik ezaguten duenaren iritzia izanik.

Ni behintzat, "publizistak" nioenean, zirkuituaz edo muntaia orokorraz
ari nintzen, eta, ados, publizitatearen bezerook ere badugu erru ez
gutxi (alegia, guzti-guztiok); eta itzultzaileok aktiboagoki,
kolaborazionismoarengatik (objektiboki, arrazoiak arrazoi).

Esan dituzun guztiekin bat nator, beraz. Zerbait gehitzekotan
(aipatzen nuen greba alegiazkoaren partez), arazoa hedabideetan eta
gizartean nabarmenarazteko estrategiaren bat ere ez letorke gaizki.

Tira: publizitate-kanpaina batekin konpontzekoa balitz...

2010/6/2 Iņigo Fernández <ifernandez a bildua publis.com>:
> Barkatuko ote duzue publizista honen parte (esku edo hanka) sartzea...
>
> Itzulpen lan "hutsetik" haratago doazen kasuetarako beste tarifa batzuk
> jartzearekin zeharo ados ni. Baina batez ere, filologiaz, gramatikaz eta
> abar ez ezik, publizitateaz ere badakiten "itzultzaile" espezializatuek
> eskatzen baldin badituzte.
>
> Zeharo ados, baita ere, honekin (betikoarekin): publizistek euskaraz
> zabalduko dena euskaraz zertu behar lukete edo, gutxienez, euskaraz ere
> egoki funtzionatu behar duela kalkulatuz (mezu benetan itzulgarriak
> proposatuz).
>
> Kontua da:
> 1) Publizitatea lizentziatura euskaraz irakasten pare bat hamarkada
> daramatzan gure unibertsitateak ez duela asmatzen publizista euskaldun onak
> trebatzen (besteak beste hara iristen diren ikasleen euskara mailak ez
> duelako aukera hori ematen).
> 2) Ondorioz, inguruko publizitate agentzietan euskaldun (oso) gutxi dago,
> eta are gutxiago agentzia handietan, telebistan eta kalean egunero ikusten
> ditugun gauzak egiten dituzten agentzietan.
> 3) Iragarleek, gainera, ez diete gehiegi eskatzen beren agentziei. Euskaraz
> ere egin dezatela, besterik ez (ez kalitaterik ez asertibitaterik ez
> gaztelerazkoan beti eskatzen duten besterik).
> 4) Ondorioz, publizitate agentzia gehienetan, handi (ia) guztietan, euskara
> beti dator gero. Eta inork ez du atzera botatzen "kanpaina on bat" euskaraz
> arazoak izan ditzakelako. (Nola zen hura... "No dejes que la realidad te
> estropee un buen titular" edo, publizista honek azkar eta gaizki
> euskaratuta, "etzazu utzi euskarak kanpaina on bat izorra diezazun").
> 5) Eta, azkenik, euskaldunok ez dugu euskarazko publizitatea ez ona saritzen
> ez txarra zigortzen.
>
> Hori da bizi dugun sorgin-gurpila, nire ustez.
>
> Pragmatiko jarrita, nire proposamenak zerrenda honetan, apaltasun osoz
> emanak:
> . Itzultzaileak halakoetan kexu ager daitezela, iragarkia egin duen agentzia
> hemengoa denean behintzat. Ematen ez badu ere halakoak uste baino gorago
> iristen baitira tarteka. (Argi dago etb1n publizitatea egitera behartu duten
> kanpoko iragarlearen kasuan ez dagoela zer eginik, baina oso bestelako kasua
> da hemengo iragarleena).
>
> . Itzulpena eskatu duen iragarle edo publizitate agentziari testua ez ezik,
> harekin batera joango den irudia ere eskatu, testuingurua ulertuta itzulpen
> aukera gehiago ikusi ahalko direlakoan.
>
> . Itzulpen zaila, oso zaila edo ezinezkoa duten iragarkietan, nolabaiteko
> askatasuna eskatu, eta "euskarazko bertsioa" sortzeko iragarkia egin
> duenarekin hitz egin: komunikazio helburuak zeintzuk diren, hau da, benetan
> zer kontatu, saldu, nabarmendu, iradoki, nahi duten jakiteko.
>
> Azken zeregin horretan sakontzen duten itzultzaileak (izango) dira
> publizitateaz ere badakiten "itzultzaile" espezializatuak, nire ustez.
>
>
>
>
>
>



ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago