[itzul] "Café sostenible"

Juan Garzia Garmendia juangarzia a bildua gmail.com
Ast, Mar 4, 12:58:45, CET 2010


Ez dut kontraesanik ikusten, hainbestean:



-Euskaltzaindiak hobespen bat emana du halako guztien edo gehienen madrea
den "garapen iraunkor" delakoari buruz.

-Batzuek ez dute begi onez ikusten "iraunkor" hori, eta "jasangarri",
"eramangarri", "sosten(ga)garri" edo "iraungarri" behar lukeela diote (eta
haietariko batzuek -beste gai bat, Asier- ordain automatikoa nahi dute
"sostenible"rentzat).

-Kontestatario horietatik, badirudi "jasangarri"ren zaleen taldea nagusitu
dela, eta bildu dutela nahikoa arrazoi edo/eta indar Euskaltzaindiaren
dotrinan eragiteko.

-Euskaltzaindiak "jasangarri" bedeinkatzen badu (horra bi gaiek non egiten
duten bat), errazago izango zaio, hala egin nahi duenari, pentsatu ere egin
beharrik gabe itzultzea "sostenible", "sostenibilidad" eta (ia) zer guztia.
"Ia" horretan sartzen dira, besteak beste, euskarak bide horretatik nekez
eman litzakeenak: "de sostenibilidad relativa en el aspecto social"...

-Batzuei oso ondo iruditzen bide zaie, esanahiak itzuli beharrean, hitzak
itzultzea, datorrena datorrela, eta (beste azpigai bat) erdarazko
formulazioak (hor behintzat) ukiezin izatea.

-Beste batzuek (nik, bederen) egokiago ikusten dugu esanahiak itzultzea,
formulazioa behar hainbat moldatuz. Urrezko arauak senezko oreka gomendatzen
du, noski: itzulgaiaren formulazioetatik "ahal bezain hurbil eta behar
bezain urrun" ibiltzea, alegia.

[Hemendik aurrera, sermoi luze-luze bat idatzia nuen; besteak beste, alderdi
teknikoagoei buruz, baina ordeganagailuak irentsi dit, eta kasik hobe
(zuentzat, batez ere)].

Ondorio praktikoetara zuzenean.

Nik hor (“garapen iraunkor” edo “merkataritza justu/solidario” erakoetan
bai), ez nuke kalkatuko esapidea, “kafe” izena oso bestelakoa baita horien
aldean (azalpen xehea, ordenagailuaren tripan). Egia osoa berriro esateko,
erdaraz “café sostenible” idatzi beharrak ere lotsa emango lidake; noraino,
eta kontzientzia-eragozle izateraino. Arrazoiak, kasu horretan, ideologikoak
dira hein handi batean: ez dut lagundu nahi munduko kaka-kalaka areagotzen.

Kalkatzekotan (baina, garbi geratuko ahal zen, ez naiz partidario), zenbat
eta teknobitxiago izenondoa, hobe, berez (“sostengagarri”, “iraungarri”...),
interpretazio literal xelebrea uxatzeko (umorez, baina alderdi teknikotik
serio ari naiz). Hori, teorian. Hortik aurrera, hor konpon bakoitza bere
iritziarekin, Euskaltzaindiarenarekin edo ama santisimarenarekin.
[Terminologiaren
erabakimenarena ere egunen batean argituko ahal da].

Tarteko bidea da itzulkide askok iradoki dutena, hala nola
("sostenibilidad"="iraunkortasun" onarturik) "iraunkortasuna zaintzen duen
kafea". Luzea? Tira, kafe luzea ere kafea da, ezta?

Astunak astun, agian (ziber-iratxoei esker) jasangarritasunaren mugaren
barruan geratu naizen uste eta esperantzan, Eztabaida Orokorraren egun
handira arte, itzulkideok.




2010/3/4 Elhuyar Fundazioa <elhuyar a bildua gmail.com>:
> Lehenago ere, eta ez gutxitan, atera da Itzulisten "sustainable
development"
> terminoa eta haren ingurukoak euskaratzeko orduan sortzen zaizkigun
arazoak,
> eta Euskaltzaindiaren hobespenak (ez baita araua) ekarri dituen
> distortsioak.
>
> Arazoa, nire ustez, ez da "café sostenible" edo "fiestas sostenibles"
> euskaraz nola esan (hor dugu, adibidez, beste xelebre bat:"café justo",
> orain arte inork aipatu ez badu ere; antzekoa da). Izenondoak gomazkoak
> dira, eta erridikuluraino edo esperpentoraino ere luza daitezke, emaitza
> erridukuluak edo esperpentikoak lortzeko. Horregatik, horrelakoak
> konpontzeko, sena izango dugu sendagairik eta bidalagunik onena, Asierrek,
> Juanek eta Gotzonek, adibidez, iradoki duten bidean.
>
> Baina bada arazo larriagorik. Terminologia batzordeak aztertu zuen
> "sustainable development" terminoaren eta haren ingurukoen gaia, eta ikusi
> zuen Euskaltzaindiaren hobespenak arazoak sortzen zituela (ez naiz ari
"café
> sostenible" gisakoei buruz; horiek ez dut uste "benetako" arazo direnik;
> <permanente, persistente, sostenible> izenondoei buruz, "residuos
> persistentes / residuos sostenibles", "durabilidad de los materiales /
> sostenibilidad de los materiales", "desarrollo permanente y sostenible"
eta
> abarri buruz ari naiz). Gaiari buruzko normalizazio-txosten bat egin zen,
> eta txosten hori eztabaidatu zuen 2008ko abenduaren 22an Terminologia
> batzordeak. Ondorioa eta erabakia (txostena luzea da, eta ez da mezu
batean
> laburbiltzeko erraza) hau izan zen: Ingurumen-hiztegian (Euskaltermen
> sartzekoa dena) "garapen jasangarri" eta "jasangarri" sartzea "sustainable
> development" eta "sustainable" euskaratzeko, eta "iraunkor" ez erabiltzea.
> Horrekin batera, Euskaltzaindiari erabakiaren berri ematea eta
> normalizazio-txostena bidaltzea erabaki zuen.
>
> Gaiak emango du oraindik.
>
> Alfontso Mujika
> Elhuyar Hizkuntza Zerbitzuak
>
>
>
>
> 2010/3/4 <martin-rezola a bildua ej-gv.es>
>
>> Xabier Aristegietak aipatu duen "iraungarri" ez zait batere txarra
iruditu.
>>
>> Nik sentitzen dut, baina "iraunkor"-ekin beti sortzen zait dagoeneko
beste
>> espazio bat -interpretazio okerretik gertu-gertu dagoen espazio bat-
>> okupatzen duelako sentipena. Jaurlaritzan kafeak ezin dira oso
iraunkorrak
>> izan, edo kafea bera (aleak edo hautsa) kadukatzen direlako edo kafea
>> hartzen denbora 20 minutu baino ez delako.
>>
>> Martin
>>
>



ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago