[itzul] erabaki terminologikoak

Juan Garzia Garmendia juangarzia a bildua gmail.com
Al, Mar 22, 11:49:15, CET 2010


Pozgarria da, ez baitzaigu maiz gertatzen, auzi baten muin orokorraren
ingurura etortzea eztabaida. Hemendik aurrerakoan, beraz, joko dut ez garela
ari hitz (sorta) jakin bati buruzko geure (norberaren) iritziez borrokan,
oro har terminologia erabakitzearen kontuaz eztabaidan baizik.


Beraz, Asier, ohar eta iruzkin batzuk egin nahi dizkiot zure azalpenari,
agertu duzun ikuspegia nik dudanarekin kontrastatzeko. Bidenabar, zeharka,
uste dut honek baiesten duela bat gatozela biok, Jon, ikuspegi orokorrean.
Esango duzu, osterantzean.

 (Luze irten zait semoia: jakinean zaude, irakurle sufritu).


Lehenik eta behin, uste dut komeni dela bereiztea hizkuntzen artean, eta,
zehazkiago, hizkuntza bakoitzaren egoeren artean. Horrekin guztiz loturik,
kasu bakoitzean Akademiari dagokion rola ez da berdina. Oso aipatua da
ingelesak ez duela Akademiarik, baina (hori nik diot) behar handirik ere ez,
hemen zehaztu beharrik ez dagoen egoeran baitago hizkuntza hori (eta ez
baititu falta bestelako erakunderik eta antolaerarik besteetako Akademien
eginkizunetarako). Ez da hain aipatua, baina batzuk saiatzen gara aldiro
errepikatzen, Euskaltzaindiak, kasurako, ez lukeela imitatu behar Espainiako
nahiz Frantziako Akademiak, egoerak hain desberdinak izanik. Bereizkuntza
horrek bete-betean harrapatzen du terminologia eta, oro har, hiztegia
estandarizatu eta normalizatzearen kontua.



Bigarrenik, erabakitzailea Akademia izan zein beste instantzia bat, badira
halako kontu batzuk erabaki beharrak. Nik ez dut hain guztizko
konfiantzarik, horretan bederen, “lehia aske” delakoren bertuteetan (horrek,
edo, zuk diozun beste bertsio gordinagoak, “hautespen natural”ak, ongi
funtzionatzen dute –zer erremedio– kulturarainoko eboluzioan, baina hortik
aurrera...). Besteak beste, eta erabikarrienik, gerta daiteke bakoitzak bere
apetazkoa egitea izatea “eragile aske” horien erabakia. Hori ere zilegi
litzateke ("niri ez esan zer egin behar dudan"), baina onartu beharko da
ezen, adostasunik gabeko erabiltzaile-lehia hain demokratiko eta jator
horrek dirauen bitartean, otoitz egitea baino ez litzaigukeela geldituko
egunen batean nolabaiteko bateratze bat gerta dadin (inork eskurik sartzeke,
jakina, berez-berez), eta hartara terminologiaren eginkizuna betetzen
hasteko oinarrizko baldintza gauzatu-edo dadin. Grazia pixka bat ere egiten
dit, egia esan, euskararen alderdi soziologikoetan planifikazioa hain
funtzionarizaturik eta inplementaturik egonik (ingelesa ez da hizkuntza
ofiziala ere AEBn...), hizkuntzaren alderdi teknikoetan banakoen “laissez
faire” antiinterbentzionistak hainbeste aldezle izateak.


Nik ez diot nahitaez Euskaltzaindiak hartu behar duenik bere gain zernahi
erabakitzeko ardura. Terminologia Batzorde bat ere ba omen da, eta beste
hainbat normalizazio-erakunde asmatu ditugu eta asma ditzakegu: kontua da
nolabait bideratu behar dela, nire ustez, banakoetatik hizkuntza-erkidego
osorako adosbidea. Bide batez (berriro): ez bakarrik erabaki formalak
hartzeko, baizik eta, orobat, erabakiok modu eraginkorrean gizarteratzeko.
Goitik behera, bai, planifikazioz eta deliberamenduz, bestela lortzen ez den
adostasun hori gauzatzeko premiari erantzuteko. Instantzia horren
antolaeraren xehetasunak ezin nik eman, ez bainaiz aditua, baina hori da,
nik uste, gure egoeran eta maila horretan, dugun eskasia nabermenetariko
bat. Eskasia, bai, eta ez soberakina: gutxiegi erabakitzen da, eta ez
gehiegi, nire iritziz, maila (azken batean arbitrario) horretan.

Puntu horretan, baliteke gaizki-ulertu bat gertatzea gure eztabaida honetan.
Gure artean "sortzen" (irakur bedi "sortutakoa itzulpenaren bidez sartzen")
diren terminoak, benetan berriak badira, sortzaileak (eta sartzaileak ere
berdin?) bataia ditzake; bai jauna: edozein gurasori aitortzen zaio
horrenbeste ahalmena. Hemen bateratu ezinik ibiltzen garen terminologia edo
erdi-terminologia, ordea, ez da hain (sortu nahiz sartu) berria izaten:
inguruan normalizaturik dagoen eta gu adostu ezinik gabiltzan hiztegi aski
arrunta izaten da, teknizismo espezializaturen bat edo beste gorabehera.



Hirugarrenik, eta “eta abar” horren zabalera zehaztu artean behinik behin,
Asier, jakin nahi nuke zer kortsario-patente edo bulda berezia duten
“zientzialari eta abarrok” besteok lotzen gaituzten legeetatik salbuetsirik
egoteko. Horrek beste bide minatuago batetik eramango gintuzke, baina hauxe
esan gabe behintzat ezin dut etsi: behin edozertarako lizentzia hori izanez
gero, zergatik espezialitate-hizkerari dagozkion terminoetan bakarrik jokatu
libre? Eta zergatik erabiltzaile horiek bakarrik (“abar” hori zabalenik
harturik)?…


Beraz, horrela ulerturik, “erabiltzaile bakoitzak berak nahi duena” egitea
litzateke legea, liberala oso, eta adostasuna eta planifikazioa, berriz,
galarazi beharreko ezarpen totalitarioa-edo.

Nire ustez, dagoeneko erabakiak behar genituzkeenak (eta arian arikoak)
erabakiz erabiltzaileari zama hori kenduko liokeen erakunde edo egitura bat
behar genuke, guztiontzat erreferentziazkoa. Hartara, ez genuke hainbeste
energia xahutuko erabiltzaile banakoon esku ez dagoena maiseatzen,
elkarrekin liskartzeraino askotan, eta ezer garbirik atera gabe gehienetan.
Erabiltzaileok, hala, buru-belarri heldu ahal izango genioke behingoz geure
benetako eginkizunari : erabakitako hiztegi-tresna horiekin taxuzko testuak
sortzeari. Askotan ematen baitu terminologiazko eztabaidekin estali nahi
ditugula gure eskasia funtsezkoago batzuk: aitzakia hori ere kenduko liguke,
hain zuzen, Bateratu Gabeko Termino eta Esapide Estandarren Erabakigune (edo
Bedeinkaleku) Zentralizatu eraginkor eta fundamentuzko bat izateak. Denen
erabilera-iritziak entzun, kritikak aintzat hartu eta guztiekin begirune
handiz jokatu, bai, baina, adeitasuna ez baita aski premia larrian
dagoenarentzat, erabiltzaileok aitorturiko boterea lukeena, eta beldurrik
ez, erabakiak hartzeko.


Laugarrenik. Bai: bada adostasuna ulertzeko modu bat baino gehiago, eta
hainbat bide (eta beste hainbat burubide) adostasun hori lantzeko,
sendotzeko eta finkatzeko, baina geure egoerari eta geure praktikari
begiratu behar genieke ikaspenak ateratzeko eta geure premiei erantzungo
dien estrategia oinarrizkoa bederen finkatzeko. “Cool”ago da, badakit, gurea
ingelesa edo gaztelania bezalako hizkuntza guztiz finkatu bat balitz
bezalako plantak egitea, baina ondorio txarrak dakarzkigu, nik uste.


Erabiltzaile arruntak, bestalde, milatan erakutsi du gogotsu hartzen
dituela, eta segituan beretzen, erabakiak datozkion lexiko-aukerak. Arazoa,
dirudienez, gu bezalako “inteligentsia-koadro”etan datza, ez baitira (ez
baikara) kapaz adostasunaren izenean beren (geure) arrazoi zatia
erlatibizatzeko, geurez garelako indibidualista egoskorrak edo erakunde edo
egitura adostaile/erabakitzaile sendo baten faltaz. Adibide bat (baina ez
desbideratu arreta kontu orokorretik, mesedez): gu hemen jotafuego “mobil”,
“mugikor”, “sakelako”, “eskuko”, "sega-poto", "zelular", “eramangarri”
(barka) eta “telefonino” alfer-alferrik eztabaidatzen genituen eta ditugun
bitartean (edo ditugulakoxe), horra trastea oraindik ere izen adosturik
gabe, eta hala ibiliko da, itxura guztien arabera, harik eta hura ordeztuko
duen trastea asmatu eta gu berriro alferreztabaidan hasi arte…


Ziur al zaude, Asier, “asmatu ezean, ez dago arazorik” diozunean? Nik,
behinik behin, ikusten nuen bakarren bat lehendik, eta are potoloagoa
iruditzen zait geu hastea daukagun adostasun-oinarri apurrari indarra
kentzen. Pentsatzen dut aldezten duzun erabiltzailearen diskrezionaltasun
hori ez dagokiela, zure ikuspegian, erabaki guztiei, baina nork erabaki zein
diren norberak erabakitzeko erabakigaiak?

Edo, bestela esanda, ez al zaizu iruditzen zuk ziur asko zuhurtziaz
administratuko duzun “askatasun tarte” hori bonba guztiz arriskutsua gerta
daitekeela “erabiltzaileak nahi duena” egin dezakeela-edo (zeuk hartara
bultzatu gabe ere) erabat sinetsia duen zenbaitentzat? Edo, gordinago,
aitzakia galanta dela edonolako arauak inposiziotzat hartzen dituen
arduragabearentzat?

Ez dizkizut, noski, halakoen erru edo kalteak zuri leporatzen: ez dut
dudarik egiten nik hemen azaldu dudan ikuspegiak ere izan dezakeela ondorio
txarrik, berez zein erabilera okerrez.


Kontuak kontu, ea gure iritzi-kontraste hau baliagarria den eztabaidaren
elementu nagusiak esplizitatzeko behintzat. Konponbideak, jakina, ikuspegi
batean zein bestean, urruntxoago daude, baina ez dezagun etsi: ibili
gabiltza, nahiz, tarteka, bidearen beraren bila ibili behar dugun oraindik.



Astelehen on (honaino heldu zareten) guztioi.


2010/3/18 LARRINAGA LARRAZABAL, ASIER <larrinaga_asier a bildua eitb.com>

>
>        Juan, "bide batez"-ka hasi zara, eta bidezidorrez bidezidor,
> ustekabe antzean, teoria terminologikoaren muinera heldu zara.
>
>                >> Erabaki terminologikoak bete egin behar dira.
>
>        Hala esan duzu. Nik gogoeta txiki bat egingo nuke.
>
>        Normalean, terminoak zientzialariek, teknikariek, pentsalariek...
> sortzen dituzte. Askotan, termino lehiakideak sortzen dira, eta, orduan,
> "hautespen naturalak" uzten du bizirik egokiena: hobeto moldatzen dena
> testuinguru guztietan, konnotazio makurrik ez duena...
>
>        Terminologia-sortzaile ez baizik terminologia-erabiltzaile
> garenontzat ideala da halako egoera batera heltzea. Akademiek ere,
> normalean, halako egoerara helduta sendesten dituzte terminoak, lehiakideak
> bide-bazterrean utzi dituztenean.
>
>        Akademien eta bestelako erakunde arautzaileen esku-hartzea horra
> heldu baino lehenagokoa bada, ondo ez asmatzeko arriskua dago.
>
>        Edozelan ere, asmatu ezean, ez dago arazorik. Izan ere,
> hizkuntza-akademien zeregina ez da terminologia erabakitzea edo arautzea.
> Zientzialariei eta abarri zeharo zilegi zaie akademia batek
> "bedeinkatutako"
> terminoa baztertzea erabilgaitz egiten bazaie. Bien bitartean,
> termino-erabiltzaileoi zilegi zaigu termino lehiakideak probatzea eta
> erosoen zaiguna aukeratzea.
>
>        Horretan nago ni, behintzat.
>
> Asier Larrinaga
>
> <a href="http://www.eitb.com/irratia/euskadi-irratia/">Euskadi
>  Irratia</a> <a href="http://www.eitb.com/radio/radio-euskadi/">Radio
>  Euskadi</a> <a href="http://www.eitb.com/radio/radio-vitoria/">Radio
>  Vitoria</a> <a href="http://www.eitb.com/gaztea/irratia/">Gaztea</a> <a
> href="http://www.eitb.com/irratia/eitb-musika/">EITB Musika</a>



ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago