[itzul] Laranjarena/ laranjazkoa?

Juan Garzia Garmendia juangarzia a bildua gmail.com
Or, Ots 11, 10:50:43, CET 2011


Nire aldetik behintzat, ez dago zer barkaturik: eztabaidan ari gara,
bakoitza bere zerekin, eta desadostasuna ez da (oraingoz) bekatu.

Kontutxo bat, zure azken hori neure iritzia argiago uzteko baliaturik:

Uste dut alderantzizko ikuspegia dela egokiagoa; alegia, "gaztaren
bokadillo" horren beharrik ez da, "gazta-bokadillo" baitugu abiapuntutik.
Iradoki dudan moduan, halako elkarte-batzuetako izen biak bereiz (eta luzatu
gabe) ematera behartzen garenean gertatzen dira zalantzak.

Gure adibide gastronomikoak alde batera utzita (ez baitira biok ere
berdinak, ondo diozunez), halako beste askotan gertatzen da hori, eta
hizkuntzaren egituratik beretik dator kontua, "de" ditxosozkoaren
ITZULPEN-arazoa alde batera utzita ere.

Esate baterako, "pilota-partid(u)a" hitz-elkarteak ez dut uste zalantzarik
duenik. Orain, batek zerbait entzun badigu partida baten kontuaz, eta argitu
nahi badu zehazki zertaz ari garen, "zer partida/partidu?" da (ez dakit
besterik den posible hor) ohiko galdera (orokorregia, noski, aukeran).

Euskarak ez du hor molde garbi edozertarakorik bere horretan (hizkuntza
guztiei gertatzen zaizkie halako eskasiak: gure auzo-erdarek, pentsa, debeku
dute gure horien moduko hitz-elkarteak, eta hortik -ikuspegia
alderantzizkaturik- "de" gogaikarriok erabili beharra!):

*pilotaren partida / *pilotarena
*pilotazko partida / *pilotazkoa
*pilotako partida / *pilotakoa (entzunena, baiki, "de" zozoa lagun)

Hor, modulazioren batera jo liteke, gramatikak ematen ez diguna semantikan
bilatuz: "frontoikoa" (bai, badakit irtenbide koldarra litzatekeela, baina
beharrak ez omen du legerik).

Hor are garbiagoa dena atzera gastronomiara ekarririk, HALAKO
TESTUINGURUetan, ahal dena baliatzen du euskal hiztunak, lehenik aukerarik
ekonomikoenak saiatuz:

ura/zukua, zera... laranja-ura/zukua / laranjarena (aitzakiarik gabea
guztiontzat, ustez)
bokadillo bat, mesedez, txorizoarena (arrunta niretzat eta ingurukoentzat;
hor, behintzat, "txorizo" solik emateak kamareroa asaldaraz dezake,
berarengatik ote diogun)
partidu polita dugu laster; oraingoan, pilota-partidua (ez dut ikusten
bestelako aukera onik, eta errepikapena ere ez da inolaz ere debeku)

Hasierakoraino itzuliz, antzeko zalantzak gertatzen dira (euskararen
barruan, berriro) elkartu beharrekoak bi izen soil ez direnean (ikus
hasierako nire mezua):

basurde-txorizoa
basurde ekologikoaren txorizoa (sentitzen dut, baina uste dut hori dela
normalena... "basurde ekologiko"aren txantxa alde batera utzita)

Jakina, ZEREN kasuaren aurka bagaude "de" batzuk oker euskaratzen
ditugulako, jatortasun hori ekonomiareb kaltez ordaindu beharko dugu:

basurde ekologikoaren okelaz egindako txorizoa

Izan ere, gure neke eta erruon iturria ez da hainbestean "de" zozoki
itzultzea, baizik eta, orokorrago, erdarazko preposizioak beti euskal
postposizioz ematen tematzea (euskararen beraren barruko arazo hori
edonolako kalkoz konpondu nahian). Halako beste batzuk ere erabili izan
ditugu hemen eztabaidagai:

haritz-basoa
haritz gorri basoa (ausartegia?)
#haritz gorrien basoa (besterik da, nahiz pragmatikoki balia daitekeen)
haritz gorrizko basoa (semantikoki desegokia, antza)
haritz gorriz osaturiko basoa (ortopediko samarra)
...

Azken kasu horretan, arazoa arazoagotzen duen kontu bat gehitzen da:
pluralaren eta mugagabearen artekoa.

Gaztigatuta zeundeten: kasuz kasuko bereizkuntza semantikoak hartu behar
dira kontuan, sintaxi-egiturez eta testuinguruez gainera, eta horrek
zailtzen du errezeta sinple edozertarakoak ematea. Izan ere, dela botanikan,
dela fauna ekologikoan, dela gastronomian edo beste zernahitan ere,
azpikasuak ez dira denak berdinak, ikusi dugunez.

Nire hau ere, beraz, ez hartu (inola ere hartu nahi baduzue) auziaren
konponbidetzat, kontuaren konplexutasunaren lagintzat baizik.


<<< Bestela, ontzat eman
behar da "gaztaren bokadillo bat"? Kalkoari izkin eginez (hortik heldu
baita, nire aburuz, esamolde hori:
un bocadillo=bokadillo bat; de queso=gaztana).



ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago