[itzul] Xabier Aristegietaren mezua. Laranjarena/laranjazkoa?

EIZIE bulegoa a bildua eizie.org
Ost, Ots 16, 16:24:49, CET 2011



Auskalo zer arazo tekniko amorragarri dela-eta (egia esateko, zer arazo
tekniko ez da amorragarri?), orain dela egun pare bat itzul-era bidali nuen
mezu hau ez da bere helmugara iritsi. Horregatik, EIZIEko bulegoaren
bitartez helarazten dizuet. Espero dut, igaro den denbora igaro dela,
ditxosozko laranja-zukuak inoren digestiorik arriskuan ez jartzea.
 
Jarraian, mezua, interesa duenarentzat:
 
Ez nago oso ados gai honetan adierazi diren iritzi batzuekin, eta lerro
hauetan nirea adierazi nahiko nuke.
 
Tradizioaren arabera "laranja(-)zukua" izan behar duela baieztatu dute
batzuek zalantzarik gabe. Adibide zehatz horretan ez dut desadostasunik
agertuko, baina iruditzen zait kontuz ibili beharko genukeela hortik
abiatuta ondorioztapenei ekiten diegunean.
 
Izan ere, esanahiaren aldetik -zko atzizkia nahiko "irristakorra" da:
zergatik, adibidez, "laranja(-)zukua", baina "txokolatezko arrautza",
"mentazko gozokia", "marrubizko txiklea" eta abar? Zer desberdintasun
kontzeptual dago hor? Agian, frantsesezko "tarte au chocolat" eta "tarte de
chocolat" bereizkuntzaren ildokoa izan liteke (lehenago idatzi dutenetako
norbaitek antzeko zerbait iradoki du)? Kontuan hartu behar dira, bestalde,
Karlos del Olmok ipinitako adibide jakingarriak.
 
Hori horrela, ez zait iruditzen hainbesterainoko astakeria denik -zko
atzizkia erabiltzea, tradizioak erantzun oso-oso argirik ematen ez digun
kasuetan.
 
Baina, horretaz aparte, iruditzen zait badagoela beste arrazoi bat -zko
atzizkia erabiltzearen aldekoa. Hitz-elkarteko ezkerreko elementua luzatzen
denekoaz ari  naiz:
 
"basurde-txorizoa"- Baina "basurde ekologiko txorizoa"?
"antxoa-tortilla" - Baina "Kantauriko antxoa-tortilla"?
 
Eta galdera horiei erantzuteko, tradizioak ez digu erantzun garbirik ematen.
 
Juanek "-(r)en" atzizkiaren alde egiten du. Baina horrek problemak sortzen
ditu.
 
Egia da tabernetan bokata bat eskatzen duzunean, "zerena?" galdetzen
dizutela. Baina, era berean, egia da inork ez duela esaten "gaztaren
tortilla". Eta, are gutxiago, "basurde ekologikoaren txorizoa" edo
"Kantauriko antxoaren tortilla".
 
Zergatik? Ba, -ren atzizkia jadanik "okupatuta" dagoelako, beste esanahi bat
emateko (jabetza, edukitza, edo dena delakoa, baina ez zerbait zerekin egina
dagoen adierazteko). Horrexegatik ez dute funtzionatzen goikoek.
 
Beraz, kontua da nola elkartu "osagaia" adierazten duen elementua, "osatua
den" horrekin.
 
Eta, sentitzen dut, Juan, baina "bokata bat, patata-tortillarena" esatea,
niri prestidigitazio-ariketa bat iruditzen zait, funtsezko erabakiaren
(alegia, -(r)en atzizkia erabiltzearen) desabantailak konpontzen ez dituena,
eta joskeraren aldetik dena delako perpausean izen-sintagma txertatzea
oztopatu egiten duena.
 
Laburbilduz: nire iritziz, ulergarriagoak dira "belgikar txokolatezko
izozkia", "Bordeleko ardozko saltsa", "Kantauriko antxoazko tortilla" edo
"basurde ekologikozko txorizoa", baita "haritz gorrizko basoa" ere, beste
hauek baino: "belgikar txokolatearen izozkia", "Bordeleko ardoaren saltsa",
"Kantauriko antxoaren tortilla", "basurde ekologikoaren txorizoa" edo
"haritz gorri(ar)en basoa". Kontua ez da ulergarriago direla bakarrik,
baizik eta -(r)en atzizkidunek BESTE gauza bat adierazten dutela. Zer esanik
ez, erabilerrazagoak aposizioak baliatzen dituzten proposamenak baino. Eta
zilegitasunaren aldetik, barka iezadazue zer edo zer ulertu ez badut, baina
ez zait argi geratu zein erreferentzia historikotan oinarriturik esaten den
zilegiago direla -(r)en atzizkidunak -zko atzizkidunak baino.
 
Tira, honaino nire iritzia. Ondo izan.
 
Xabier
 
 







ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago