[itzul] Xabier Aristegietaren mezua. Laranjarena/laranjazkoa?

Juan Garzia Garmendia juangarzia a bildua gmail.com
Ost, Ots 16, 19:06:30, CET 2011


Uste dut bi forotan banatu beharko dugula gure hau:

a) euskararen ingeniaritzari dagokiona (asmazioak)
b) euskara errealarena (Joseba Erkiziak zioenaren ildotik)

Esate baterako, nik ez dut aipatu "zerena" horrena niri bereziki
gustatzen zaidalako, benetan esistitzen delako baizik.

Eta, gauza bera baina alderantziz, "zerezko"ri ere ez diot inolako
ezinikusi edo higuinik, eta esan dudana hauxe da: ez dela erabiltzen
edozertarako.

Barkatuko ahal zait "edozertarako" aukeran eskax hori, labur beharrez,
etsi baitut ezin zaiola gogoz kontra ulertarzi ulertu nahi ez duenari
ez direla berdinak berdintzat jo nahi diren adierazpen guztiok, eta ez
baitut, gainera, erabileran aski garbi bereizten dena xehe-xehe kasu
bakoitzean "kontzeptualki" nola bereiz litekeen azaltzeko lanik
hartuko.

HEMEN AUZITAN JARRI DIREN "-zko"dunak euskararen tradiziokoak direla
edo ez direla frogatzearen karga, bestalde, ez dagokio hori ukatzen
duenari, hori baiesten duenari baizik (barka lege-oinarri hori
gogoraraztea). Bigarren mailako idazle baten adibide pare batekin,
nigatik bale (baina, jakina, HEMEN AUZITAN JARRI DIRENei dagozkienak;
bestela, neuk ekarriko ditut ".zko"dun polit askoak).

Alegia, hizkuntzak berak dituela halako arauak eta debekuak, eta ez
nik ez beste inork.




2011/2/16 EIZIE <bulegoa a bildua eizie.org>:
>
>
> Auskalo zer arazo tekniko amorragarri dela-eta (egia esateko, zer arazo
> tekniko ez da amorragarri?), orain dela egun pare bat itzul-era bidali nuen
> mezu hau ez da bere helmugara iritsi. Horregatik, EIZIEko bulegoaren
> bitartez helarazten dizuet. Espero dut, igaro den denbora igaro dela,
> ditxosozko laranja-zukuak inoren digestiorik arriskuan ez jartzea.
>
> Jarraian, mezua, interesa duenarentzat:
>
> Ez nago oso ados gai honetan adierazi diren iritzi batzuekin, eta lerro
> hauetan nirea adierazi nahiko nuke.
>
> Tradizioaren arabera "laranja(-)zukua" izan behar duela baieztatu dute
> batzuek zalantzarik gabe. Adibide zehatz horretan ez dut desadostasunik
> agertuko, baina iruditzen zait kontuz ibili beharko genukeela hortik
> abiatuta ondorioztapenei ekiten diegunean.
>
> Izan ere, esanahiaren aldetik -zko atzizkia nahiko "irristakorra" da:
> zergatik, adibidez, "laranja(-)zukua", baina "txokolatezko arrautza",
> "mentazko gozokia", "marrubizko txiklea" eta abar? Zer desberdintasun
> kontzeptual dago hor? Agian, frantsesezko "tarte au chocolat" eta "tarte de
> chocolat" bereizkuntzaren ildokoa izan liteke (lehenago idatzi dutenetako
> norbaitek antzeko zerbait iradoki du)? Kontuan hartu behar dira, bestalde,
> Karlos del Olmok ipinitako adibide jakingarriak.
>
> Hori horrela, ez zait iruditzen hainbesterainoko astakeria denik -zko
> atzizkia erabiltzea, tradizioak erantzun oso-oso argirik ematen ez digun
> kasuetan.
>
> Baina, horretaz aparte, iruditzen zait badagoela beste arrazoi bat -zko
> atzizkia erabiltzearen aldekoa. Hitz-elkarteko ezkerreko elementua luzatzen
> denekoaz ari  naiz:
>
> "basurde-txorizoa"- Baina "basurde ekologiko txorizoa"?
> "antxoa-tortilla" - Baina "Kantauriko antxoa-tortilla"?
>
> Eta galdera horiei erantzuteko, tradizioak ez digu erantzun garbirik ematen.
>
> Juanek "-(r)en" atzizkiaren alde egiten du. Baina horrek problemak sortzen
> ditu.
>
> Egia da tabernetan bokata bat eskatzen duzunean, "zerena?" galdetzen
> dizutela. Baina, era berean, egia da inork ez duela esaten "gaztaren
> tortilla". Eta, are gutxiago, "basurde ekologikoaren txorizoa" edo
> "Kantauriko antxoaren tortilla".
>
> Zergatik? Ba, -ren atzizkia jadanik "okupatuta" dagoelako, beste esanahi bat
> emateko (jabetza, edukitza, edo dena delakoa, baina ez zerbait zerekin egina
> dagoen adierazteko). Horrexegatik ez dute funtzionatzen goikoek.
>
> Beraz, kontua da nola elkartu "osagaia" adierazten duen elementua, "osatua
> den" horrekin.
>
> Eta, sentitzen dut, Juan, baina "bokata bat, patata-tortillarena" esatea,
> niri prestidigitazio-ariketa bat iruditzen zait, funtsezko erabakiaren
> (alegia, -(r)en atzizkia erabiltzearen) desabantailak konpontzen ez dituena,
> eta joskeraren aldetik dena delako perpausean izen-sintagma txertatzea
> oztopatu egiten duena.
>
> Laburbilduz: nire iritziz, ulergarriagoak dira "belgikar txokolatezko
> izozkia", "Bordeleko ardozko saltsa", "Kantauriko antxoazko tortilla" edo
> "basurde ekologikozko txorizoa", baita "haritz gorrizko basoa" ere, beste
> hauek baino: "belgikar txokolatearen izozkia", "Bordeleko ardoaren saltsa",
> "Kantauriko antxoaren tortilla", "basurde ekologikoaren txorizoa" edo
> "haritz gorri(ar)en basoa". Kontua ez da ulergarriago direla bakarrik,
> baizik eta -(r)en atzizkidunek BESTE gauza bat adierazten dutela. Zer esanik
> ez, erabilerrazagoak aposizioak baliatzen dituzten proposamenak baino. Eta
> zilegitasunaren aldetik, barka iezadazue zer edo zer ulertu ez badut, baina
> ez zait argi geratu zein erreferentzia historikotan oinarriturik esaten den
> zilegiago direla -(r)en atzizkidunak -zko atzizkidunak baino.
>
> Tira, honaino nire iritzia. Ondo izan.
>
> Xabier
>
>
>
>
>
>
>



ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago