[itzul] Banatzaileak
Juan Garzia Garmendia
juangarzia a bildua gmail.com
Or, Ots 18, 18:56:59, CET 2011
Niri, Amaia, Fernandori bezala, iruditzen zait mugatuagoa dela
"(ba)-na"ren esparrua.
Zehazkiago, esango nuke (eta eman diren adibidide seguru samarrek ez
dute hori gezurtatzen), ergatiboarekin eta datiboarekin lotua dela:
"jokalariek baloi bana ekarri dute"
"jokalariei balio bana eman zaie"
Izan ere, bestelako kasua ageri bada, kasu gramatikalok erakartzen
dute "(ba)-na":
"jokalarientzat, balio bana ekarri dute" (bakoitzak bat, eta ez
(ezta?) bakoitzarentzat bat)
Eta, halakorik ezean, ez da zuzena esaldia:
*jokalariekin, baloi bana etorri zen.
*geletan (A gelan eta B gelan), jokalari bana sartzen dira / banak
egingo dute lo
Anbiguotasun bakarra, hala, kasu gramatikal biak batera doazenekoa da:
baloi/sari/... bana eman diete jokalariei (bakoitzak/bakoitzari bat)
Absolutiboan, objektuak badarama "(ba-)na, ergatiboari dagokio noski
banakotasuna:
"jokalariek baloi bana ekarri dute"
Ergatiborik ez bada, beste kasuren batean joan daiteke sintagma, baina
absolutibozko subjektuari dagokio noski banakotasuna:
"jokalariak gela banatan/banatara daude/doaz"
"sagar banarekin pozik zeuden"
"dorre banaz koroaturik daude etxeok"
"bana (NOLA) doaz"
Gainerako, kasuetan, hots, subjektutik eta datibotik kanpo, kontuak
oker atera ez baditut, ez da zuzena"-na".
Esan bezala, hala ere, ez da arazorik,
"bakoitzarentzat/bakoitzarekin/bakoitzean/bakoitzera/... hainbeste"
joskera baita egoki, bai horretan, eta bai (sinestadazue) "-na" ERE
egoki den kasuetan:
"bakoitzak/bakoitzari/bakoitzarekin/bakoitzarentzat zazpi"
Nik ezagutzen dudan orain arteko euskaran, behintzat, halatsu (izan)
dira gauzak.
Beharbada, oker ibiliko ziren euskal hiztunak, eta argituren batek
esan beharko die gaizki aritu direla edo bereizkuntza sofistikatuegiak
direla halakoak oraingo euxkaldunentzat, baina errealitatea ere apur
bat kontuan hartu beharko litzatzeke hizkuntza maiseatzean...
Nire hau, nolanahi ere, intuizioari forma emateko saio bat-bateko bat
baino ez da, eta egin liteke, ziur aski, deskribapen hoberik. Ni neu,
konformatzen naiz esatearekin "bakoitza- bat" guztiak ezin direla (edo
zirela) mekanikoki "bana" bihurtu. Zehazkiago, eta berriro:
"bakoitzak/bakoitzari bat" bakarrik ordeztu daitezke "bana"z.
Jakina: oinarri horretan gauzak garbi ez badauzkagu, despiste-maniobra
gertatuko zaigu gero zenbaki konplexuak "-na"rekin lotzeko zer hori.
Agur bana (zuei, bakoitzari bat), eta mila zorion bakoitzarentzat.
2011/2/18 Amaia Apalauza <amaia.apalauza a bildua gmail.com>:
> Nik ez neukan buruan gaztelaniazko "sendos" hori; izan ere, martxoan bi
> ikastaro eta maiatzean beste bi izango direla adierazi nahi nuen.
>
> Esker mila,
>
> Rey Escalera, Fernando (Itzultzailea:NAO/BON)<
> fernando.rey.escalera a bildua cfnavarra.es> igorleak hau idatzi zuen (2011eko otsren
> 18a 11:43):
>
>> Ba, niri ez zaizkit egokiak iruditzen. Edo esan dezadan arrotzak iruditzen
>> zaizkidala bederen.
>>
>> "Irakasleak bina ikastaro emango ditu martxoan eta maiatzean" adibideari
>> dagokionez, ez dakit gramatikala den edo ez den, baina ez zait normala
>> egiten, eta, gainera, iluna egiten zait, bitan-hirutan pentsatzera behartzen
>> bainau: martxoan bi eta maiatzean beste bi?
>> Intuizioak, jakina, bat eta bat direla esaten dit, baina ez intuizio
>> naturalak, baizik eta itzultzailearen intuizio deformatuak, badakidalako
>> batzuek horretarako joaera dutela eta duda hori plazaratu dela. Hau da, hori
>> irakurrita, berehalaxe pentsatzen dut: "badakit zer dagoen erdaraz, eta zer
>> bidi ibili dituen itzultzaileak buruan".
>>
>> Nik naturalago joko nuke: "Irakasleak ikastaro bat emanen du martxoan eta
>> beste bat maiatzean". Ez da nahasgarria, eta ez du zalantzarako tarterik
>> uzten.
>> Ez al da kontua erdarak hori esateko esaldi bakar bat erabiltzen duela eta
>> gu ere bakar batean egiten saiatu garela? "El profesor dará sendos cursillos
>> en marzo y mayo" edo horrelako zerbait?
>>
>> Ongi izan.
>> Fernando
>>
>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago