[itzul] Zeharko/Zeharreko

Elhuyar Fundazioa elhuyar a bildua gmail.com
Ost, Mar 30, 11:44:16, CEST 2011


Xabierrek dioen bezala, «[muga]n zeharko ala [muga]n zeharreko?» da galdera,
bai, baina horrexegatik da, orobat, «zeharko ala zeharreko?» galdera. Ez
baitira bi «zehar», bakarra baizik, postposizioekin gertatzen den bezala.
Alegia, postposizioak, kasu-markak ez bezala, askeak izan ohi dira,
autonomia lexikal betekoak (bide, bitarte, buru, gain, gisa... zehar).
«zehar», lehenik, izena da (alboa, saihetsa esan nahi du), eta, izenaz
gainera, bada postposizioa ere.

Xabierrek dio: « Tradizioan izan ez den arren, orain behar baldin bada (eta
badirudi beharra sortu dela), asmatu egin beharko da ».

Beharra bada, bai, baina beharra ez da “orain” sortu, eta konponbidea ez da
“orain” asmatu ("oraina" zer den testuinguruan ipini eta zehaztu beharko
genuke, bestela). Adibidez, badira ia 30 urte Elizbarrutietako Liturgia
Idazkaritzak “Pazko-igandea, Pazko-aldiko igandeak eta urtean zearreko
igandeak” idatzi zuela (1983). Eta, geroztik, zientoka. Alde horretatik,
“asmatu egin beharko da” baieztapena ez dakit oso egokia den. “zeharreko”
asmatua dago, ez da ezer berririk hor.

Xabierrek dio: «nik uste ondo dagoela «-n zeharko» formarekin sortzea».

Eta ustezko abantaila edo baliagarritasuna ematen dio «zeharko/zeharreko»
bikoteari.

Sortzea zilegi da hizkuntza-laborategirako ariketa teoriko moduan, baina,
euskal plazara bidali aurretik, badira kontuan izan beharreko alderdi
batzuk:

ZEHARKO/ZEHARREKO bereizketa benetan proposatzea zera da: epentesia balio
diakritikoz erabiltzea proposatzea. Ni ez naiz hizkuntzalaria, baina esango
nuke euskaran ez daukagula horrelakorik, ez baliabideen inbentarioan
behintzat.

 “jarduneko lehendakaria” eta “indarreko araudia” esan beharrean,
“jarduneango lehendakaria” eta “indarreango araudia” proposatzea bezalako
zerbait da (hala proposatu eta erabili zuten batzuek hain aspaldi ez dela,
euskalki batzuetako “egunean-eguneango” gisako jatorretan oinarriturik),
morfologikoki kasu bera ez bada ere.

Dibertigarri gisa, “gain” postposizioa har genezake, eta esperimentu bat
egin. Adibidez:

<teilatuaren gaineko hitzaldia> zer da? “Teilatuari buruz ematen den
hitzaldia” ala “teilatuaren gainean ematen den hitzaldia”? Bereiztearren, e
epentetikoari balio diakritikoa esleituta, honela joka genezake:

“teilatuaren gainKO/gainGO hitzaldia” = teilatuari buruzko hitzaldia

“teilatuaren gainEKO hitzaldia” = teilatutik egindako hitzaldia

Laborategiko ariketa gisa balio du, baina hortik aurrera?

Xabierrek anbiguotasuna aipatzen du:

 « Mugan zeharreko bide bat hartzea [tomar un camino transversal en la
frontera] edo mugan zeharko bide bat hartzea [orain arteko euskaran, mugan
zehar doan bide bat hartzea] ez baita gauza bera ».

Adibidea burutsua da, baina ez dut uste benetako anbiguotasunik dagoenik.
Postposizioen berezko ezaugarria, bereizgarria, zera da: izen-sintagma eta
postposizioa bat eginda daude, postposizioa enklitikoa da nolabait; hau da,
aurreko izen-sintagmarekin hitz-segida bakarrean esatekoa da, eta ezinezkoa
da etena edo pausa egitea bien artean:

“[mendian zehar] doa” ebaki behar da, eta ezinezkoa da “[mendian] [zehar]
doa” ebakitzea.

Horregatik, postposizioa denean, honela ebakiko dugu:

1- [Mugan zeharreko] bide bat hartu zuen.

Eta izenlaguna denean, honela:

2- [Mugan] [zeharreko bide bat] hartu zuen.

Eta, idatzizkoan, koma erabiliko nuke nik bigarren kasuan:

2- Mugan, zeharreko bide bat hartu zuen.

Horregatik, ez zait iruditzen hor benetako arazo praktikorik dagoenik.

Alegia, tradizioaren babesik gabe, eta azken 30 urteetako erabileraren
pisuari erreparatuta, uste dut ZEHARKO/ZEHARREKO bereizketa ez dela
beharrezkoa.


Alfontso Mujika

2011/3/29 Xabier Armendaritz (Aixe, S.L.) <aixe a bildua ctv.es>

>
> Hemen, ordea, galdera benetan ez da «zeharko ala zeharreko?» baizik eta
> «[muga]n zeharko ala [muga]n zeharreko?».
>
> «-n zehar» da hemen eztabaidagai duguna, zehazki. Eta badirudi, tradizioan,
> «[mendian, basoan...] zehar» izan dela forma bakarra, hau da, «-ko» ez
> zaiola sekula adizlagun horri erantsi. Halaxe erakusten digute, besteak
> beste, Alfontsok ekarritako adibideek.
>
> Tradizioan izan ez den arren, orain behar baldin bada (eta badirudi beharra
> sortu dela), asmatu egin beharko da. Eta nik uste ondo dagoela «-n zeharko»
> formarekin sortzea. Horrela, ez da nahasten «zuzen(eko)» adjetiboaren
> antonimoarekin.
>
> Hau da, bi forma izango genituzke:
>
> 1. «zeharreko» (tradiziotik datorkigun forma) = travesero, del costado,
> horizontal
> 2. «-n zeharko» (berria) = trans-
>
>
> Hainbatetan oso baliagarria izan daiteke biak bereizi ahal izatea. Mugan
> zeharreko bide bat hartzea (tomar un camino transversal en la frontera) edo
> mugan zeharko bide bat hartzea (orain arteko euskaran, mugan zehar doan
> bide
> bat hartzea) ez baita gauza bera.
>
> Ondo izan,
>
> Xabier
>
> ___________
>
> Xabier Armendaritz
> AIXE itzulpen eta zerbitzuak
> Biltzar Nagusiak, 11, behea
> 01010 GASTEIZ
>
> Tel.: (+34) 945 174 476
>         (+34) 656 703 313
> <aixe a bildua aixe.net>
> <aixe a bildua ctv.es>
>
>
>
>
>



ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago