[itzul] Zeharko/Zeharreko
Juan Garzia Garmendia
juangarzia a bildua gmail.com
Ost, Mar 30, 13:15:25, CEST 2011
"Oro harreko" adostasuna agertu nahi dut Alfontsoren iritzi hain egoki
zehaztuan, baina "aurrera begirako" ("estrategiari begirako") kontutxo
bat erantsi nahi nioke.
Nire ustez, Troiako zaldiaren ahaide galgarriak dira halako joskerak
gurean, gero nekez kudea daitezkeen sintagmak sorrarazten dituzte eta.
Horrez gainera, "-n zehar" moldea bera abusu nabarmenez erabiltzen
dugula salatzen zaigun honetan, ia ironikoa da "-n zehar(re)ko" ere
sustatzea, nominalizazio-estiloaren istingan areago lokazteko.
Beraz, niretzat, ez bata eta ez bestea dira inolaz ere bultzatzeko:
adberbio zein posposizio askok ez dute aukerarik ematen -KO eransteko
(*lehenbaitlehengo), edo ez dute gordetzen -KO erantsi gabe zuten
esanahia: "horren aurrean sentitu zuena" ez da "horren aurreko
sentimendua", "ikasleek eskolan duten parte-hartzea" ez da "haien
eskolako parte-hartzea", eta (azkenik gabeko) abar (luze-zabala).
Alegia, arrazoi sintaktikoz eta semantikoz (jada ez naiz ausartzen
tradizioa aipatzera), ez genukeela tematu behar egin nahi ez duena
eginarazten euskarari: geuk baino hobeto daki berak zer komeni zaion.
"Hortik aurrera"k, esate baterako, arazorik gabe ematen du "hortik
aurrerako (lana)", baina "(hortik aurrerako) lanari begira"k ez du
hain aise ematen (behartu gabe) "(hortik aurrerako) lanari begirako
(aurreikuspena)"...
Barkatu mezuan zeharreko hutsak: txolinduta etorri naiz Errioxan
atzera-aurrerako bidaia alegiazko batetik.
2011/3/30 Elhuyar Fundazioa <elhuyar a bildua gmail.com>:
> Xabierrek dioen bezala, «[muga]n zeharko ala [muga]n zeharreko?» da galdera,
> bai, baina horrexegatik da, orobat, «zeharko ala zeharreko?» galdera. Ez
> baitira bi «zehar», bakarra baizik, postposizioekin gertatzen den bezala.
> Alegia, postposizioak, kasu-markak ez bezala, askeak izan ohi dira,
> autonomia lexikal betekoak (bide, bitarte, buru, gain, gisa... zehar).
> «zehar», lehenik, izena da (alboa, saihetsa esan nahi du), eta, izenaz
> gainera, bada postposizioa ere.
>
> Xabierrek dio: « Tradizioan izan ez den arren, orain behar baldin bada (eta
> badirudi beharra sortu dela), asmatu egin beharko da ».
>
> Beharra bada, bai, baina beharra ez da “orain” sortu, eta konponbidea ez da
> “orain” asmatu ("oraina" zer den testuinguruan ipini eta zehaztu beharko
> genuke, bestela). Adibidez, badira ia 30 urte Elizbarrutietako Liturgia
> Idazkaritzak “Pazko-igandea, Pazko-aldiko igandeak eta urtean zearreko
> igandeak” idatzi zuela (1983). Eta, geroztik, zientoka. Alde horretatik,
> “asmatu egin beharko da” baieztapena ez dakit oso egokia den. “zeharreko”
> asmatua dago, ez da ezer berririk hor.
>
> Xabierrek dio: «nik uste ondo dagoela «-n zeharko» formarekin sortzea».
>
> Eta ustezko abantaila edo baliagarritasuna ematen dio «zeharko/zeharreko»
> bikoteari.
>
> Sortzea zilegi da hizkuntza-laborategirako ariketa teoriko moduan, baina,
> euskal plazara bidali aurretik, badira kontuan izan beharreko alderdi
> batzuk:
>
> ZEHARKO/ZEHARREKO bereizketa benetan proposatzea zera da: epentesia balio
> diakritikoz erabiltzea proposatzea. Ni ez naiz hizkuntzalaria, baina esango
> nuke euskaran ez daukagula horrelakorik, ez baliabideen inbentarioan
> behintzat.
>
> “jarduneko lehendakaria” eta “indarreko araudia” esan beharrean,
> “jarduneango lehendakaria” eta “indarreango araudia” proposatzea bezalako
> zerbait da (hala proposatu eta erabili zuten batzuek hain aspaldi ez dela,
> euskalki batzuetako “egunean-eguneango” gisako jatorretan oinarriturik),
> morfologikoki kasu bera ez bada ere.
>
> Dibertigarri gisa, “gain” postposizioa har genezake, eta esperimentu bat
> egin. Adibidez:
>
> <teilatuaren gaineko hitzaldia> zer da? “Teilatuari buruz ematen den
> hitzaldia” ala “teilatuaren gainean ematen den hitzaldia”? Bereiztearren, e
> epentetikoari balio diakritikoa esleituta, honela joka genezake:
>
> “teilatuaren gainKO/gainGO hitzaldia” = teilatuari buruzko hitzaldia
>
> “teilatuaren gainEKO hitzaldia” = teilatutik egindako hitzaldia
>
> Laborategiko ariketa gisa balio du, baina hortik aurrera?
>
> Xabierrek anbiguotasuna aipatzen du:
>
> « Mugan zeharreko bide bat hartzea [tomar un camino transversal en la
> frontera] edo mugan zeharko bide bat hartzea [orain arteko euskaran, mugan
> zehar doan bide bat hartzea] ez baita gauza bera ».
>
> Adibidea burutsua da, baina ez dut uste benetako anbiguotasunik dagoenik.
> Postposizioen berezko ezaugarria, bereizgarria, zera da: izen-sintagma eta
> postposizioa bat eginda daude, postposizioa enklitikoa da nolabait; hau da,
> aurreko izen-sintagmarekin hitz-segida bakarrean esatekoa da, eta ezinezkoa
> da etena edo pausa egitea bien artean:
>
> “[mendian zehar] doa” ebaki behar da, eta ezinezkoa da “[mendian] [zehar]
> doa” ebakitzea.
>
> Horregatik, postposizioa denean, honela ebakiko dugu:
>
> 1- [Mugan zeharreko] bide bat hartu zuen.
>
> Eta izenlaguna denean, honela:
>
> 2- [Mugan] [zeharreko bide bat] hartu zuen.
>
> Eta, idatzizkoan, koma erabiliko nuke nik bigarren kasuan:
>
> 2- Mugan, zeharreko bide bat hartu zuen.
>
> Horregatik, ez zait iruditzen hor benetako arazo praktikorik dagoenik.
>
> Alegia, tradizioaren babesik gabe, eta azken 30 urteetako erabileraren
> pisuari erreparatuta, uste dut ZEHARKO/ZEHARREKO bereizketa ez dela
> beharrezkoa.
>
>
> Alfontso Mujika
>
> 2011/3/29 Xabier Armendaritz (Aixe, S.L.) <aixe a bildua ctv.es>
>
>>
>> Hemen, ordea, galdera benetan ez da «zeharko ala zeharreko?» baizik eta
>> «[muga]n zeharko ala [muga]n zeharreko?».
>>
>> «-n zehar» da hemen eztabaidagai duguna, zehazki. Eta badirudi, tradizioan,
>> «[mendian, basoan...] zehar» izan dela forma bakarra, hau da, «-ko» ez
>> zaiola sekula adizlagun horri erantsi. Halaxe erakusten digute, besteak
>> beste, Alfontsok ekarritako adibideek.
>>
>> Tradizioan izan ez den arren, orain behar baldin bada (eta badirudi beharra
>> sortu dela), asmatu egin beharko da. Eta nik uste ondo dagoela «-n zeharko»
>> formarekin sortzea. Horrela, ez da nahasten «zuzen(eko)» adjetiboaren
>> antonimoarekin.
>>
>> Hau da, bi forma izango genituzke:
>>
>> 1. «zeharreko» (tradiziotik datorkigun forma) = travesero, del costado,
>> horizontal
>> 2. «-n zeharko» (berria) = trans-
>>
>>
>> Hainbatetan oso baliagarria izan daiteke biak bereizi ahal izatea. Mugan
>> zeharreko bide bat hartzea (tomar un camino transversal en la frontera) edo
>> mugan zeharko bide bat hartzea (orain arteko euskaran, mugan zehar doan
>> bide
>> bat hartzea) ez baita gauza bera.
>>
>> Ondo izan,
>>
>> Xabier
>>
>> ___________
>>
>> Xabier Armendaritz
>> AIXE itzulpen eta zerbitzuak
>> Biltzar Nagusiak, 11, behea
>> 01010 GASTEIZ
>>
>> Tel.: (+34) 945 174 476
>> (+34) 656 703 313
>> <aixe a bildua aixe.net>
>> <aixe a bildua ctv.es>
>>
>>
>>
>>
>>
>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago