[itzul] -enetariko
Bittor Hidalgo
bittorhidalgo a bildua euskalnet.net
As, Ots 28, 13:02:23, CET 2012
Interes berezia izan dut kontuan beste kontu batzuengatik ere, eta erantzun
edo adibideen eztabaida luzexka hau prestatu. Eskertuko nizueke zeinahi
iruzkin ere, areago, oker baldin banabilke. Ondo izan. Bittor
Arazo desberdinak ikusten ditut nik aipatzen duzun kontuan, esaldien
arabera. Ea nola azaltzen dudan:
1. Aipatzen duzun lehen esaldiak "Lurralde Historikoko zirkulazio
gehienetariko egunkari batean", ez du zuzena ematen gramatikalki.
• [izen multzoa + -(e)TARIKO / -(e)TATIKO -(e)TARIK / -(e)TATIK / -(e)TAKO /
-(e)TAN / + batean -edo besterik-] itxurako egituretan, lehen izen multzo
horrek PLURALA behar du izan, edo erreferentzia plurala eduki.
Eta esaldi horretan, badirudi erreferentzi plurala EGUNKARIAK liratekeela,
eta ez *ZIRKULAZIOAK. Ez da aipatu nahi *ZIRKULAZIOEN ARTEKO ZEIN EGUNKARI,
baizik eta (moduzko edo) izenlagun arrunta litzatekeen NOLAKO ZIRKULAZIOA
DUEN EGUNKARIA (antzeko jasotzen du uste dut Juan Garziak bere erantzunean).
Horregatik, ez legokioke aipaturiko -(e)TARIKO
itxurako hondarki pluralik,
baizik eta singularreko -(e)KO atzizki arrunta: ZIRKULAZIO HANDIENEKO
EGUNKARI BATEAN / ZIRKULAZIO HANDIKO EGUNKARI BATEAN egingo genukeen moduan.
Beste eztabaida bat da kasuan ZIRKULAZIO itxurako izen arrunki “ez
kontagarri” edo batean, egokiago litzatekeen HANDI itxurako adjektiboa
erabiltzea, edota ohikoa den GEHIEN itxurako zenbatzailea erabiltzea.
2. Noski, zuk ipiniko zenukeen "egunkari zabalduenetariko batean" ezin hobea
da. Izan ere hor EGUNKARIAK edo EGUNKARI ZABALDUENAK dira erreferentzia
plurala, eta horien arteko bat aipatzen da. Tradizioan ezin arruntagoak
diren legean, zurea bezala:
• egunkari zabalduenETARIKO BATEAN
• egunkari zabalduenETARIK BATEAN
• egunkari zabalduenETATIKO BATEAN
• egunkari zabalduenETATIK BATEAN
• egunkari zabalduenETAKO BATEAN (baina kurioski, honek dirudi berriena gure
tradizioan, nahiz euskara batuarekin oso zabaldua; erdialdeko euskalkian
garatua, alboetan -TARIKO itxurakoak bizirik jarraitu duten bitartean; baina
ikerketa sakondu egin beharko nuke
)
• egunkari zabalduenETAN BATEAN
• egunkari zabalduenEN ARTEKO BATEAN
Nolanahi, adibidean tartekaturiko -EN atzizki superlatiboak nahasi egin
lezake ikuspegia, ze egitura berez bera da adjektibo soilarekin erabilia
ere:
• egunkari handiETARIKO BATEAN
• egunkari handiETARIK BATEAN
• egunkari handiETATIKO BATEAN
• egunkari handiETATIK BATEAN
• egunkari handiETAKO BATEAN
• egunkari handiETAN BATEAN
• egunkari handiEN ARTEKO BATEAN
Edota erakusle arrunt batekin:
• egunkari hauETARIKO BATEAN
• egunkari hauETARIK BATEAN
• egunkari hauETATIKO BATEAN
• egunkari hauETATIK BATEAN
• egunkari hauETAKO BATEAN
• egunkari hauETAN BATEAN
• egunkari hauEN ARTEKO BATEAN
3. Zalantza agertzen duzu “ea -enetariko horren ostean izenik joan
daitekeen”, eta ez zaizula iruditzen diozu, agian abiadako adibidearen
trakestasunetik abiatuta edo.
Kontua da -KO hondarkia hartzen duten egiturak behintzat, azken finean ez
direla, izen ardatzaren eskuinetik, ondoretik emaniko izenlagunak baino, eta
oso arruntak direla ere (ez nuke jakin esaten zein arruntago) izen
ardatzaren aurretik emanak ere:
• zabalduenETARIKO egunkari BATEAN
• zabalduenETATIKO egunkari BATEAN
• zabalduenETAKO egunkari BATEAN
• zabalduenEN ARTEKO egunkari BATEAN
Ez naiz ibili halakoen bila salbu-eta -ETARIKO
itxurako egiturak aditz
jokatuekin agertzen direnetan, eta noski badira halakoak ere tartean:
• Baña orduan be, oi ebanetariko amarru bat otu yakon, eta garraxi egiñez,
ba-diñotse neskamiai: —Geldi or! (Otxolua)
• Lurrari gozaro mun-egin ete eutsan aldetu eutsen, an inguruan gertatu
ziranetariko gazte mustur erre batek zitalkiro barre algaraka ziarduala.
(Erkiaga)
Edo erakuslearekin edo adjektibo soilarekin ere (nahiz hau soilean bitxiago
iruditu):
• hauETARIKO egunkari BATEAN
• hauETATIKO egunkari BATEAN
• hauETAKO egunkari BATEAN
• hauEN ARTEKO egunkari BATEAN
-------------
• handiETAKO egunkari BATEAN
• handiEN ARTEKO egunkari BATEAN
• handiETARIKO egunkari BATEAN
• handiETATIKO egunkari BATEAN
4. Amaierako adibideen artean ere bada desberdintasunik. Lehen adibidea ezin
hobea bere erreferentzia pluralean:
* "Bilbok munduko enpresa handienetariko 5.000 zuzendari baino gehiago
hartuko ditu datorren urtean"
Zuk lasai ipiniko zenukeen “egunkari zabalduenetariko batean” hartan
bezalatsu. Ze, zuk BATEAN singularra erabiltzen duzun gisa sintagma
determinatzeko, plurala erabiliko bagenu (EGUNKARI ZABALDUENETARIKO
BATZUETAN), seguru asko errazago ikusiko genuke (nahiz berez singularrean
ere posible izan):
• EGUNKARI ZABALDUENETA(RI)KO
IRAGARKI BATZUETAN
• EGUNKARI ZABALDUENETA(RI)KO
IRAGARKIETAN
• EGUNKARI ZABALDUENETA(RI)KO EGOITZA BATZUETAN
• EGUNKARI ZABALDUENETA(RI)KO EGOITZETAN
Jasotzen dituzun beste bi adibideek berriz desberdin dirudite:
• *"Denboraldian zehar 18 urte baino gehiagoko pilotu baten heldutasuna
erakutsi zuen eta kirol horretako talenturik handienetariko gaztearen ospea
irabazi zuen"
• *"Agirre karisma gehienetariko aitzindaria izan zen"
Bietan ere bietan, hala TALENTU nola KARISMA horiek ez dirudi erreferentzia
PLURALA dutenik, baizik eta berriro (1ean bezala, eta Juan Garziak ere
aipatu bezala) moduko izenlagun eskuinetikoen itxura, berez -(e)KO atzizki
soila hartuko luketenak:
• talenturik handieneko gaztea (cf. talentu handiko gaztea)
• karisma handieneko aitzindari (cf. karisma handiko aitzindari), edo
adibidearen harian:
• karisma gehieneko aitzindari (<-- karisma gehiena duen aitzindari)
Ikurraz eta Euskaldun Bihotzekoak kanpainaren inguruan,
ikusi: www.euskalnet.net/euskaldunbihotzekoak
===========================
Bittor Hidalgo Eizagirre
Gaztelu kalea, 25, 4.A
20013 Donostia (Gipuzkoa)
Euskal Herria (Espainia -gainezarpenez-)
Tfnoak: 943326855 // 655728290
posta-e: bittorhidalgo a bildua euskalnet.net
===========================
-----Original Message-----
From: itzul-bounces a bildua postaria.com [mailto:itzul-bounces a bildua postaria.com] On
Behalf Of Koldo Biguri
Sent: Monday, February 27, 2012 11:27 AM
To: ItzuL
Subject: [itzul] -enetariko
Kaixo:
Ikusten hasita nago honelako erabilera nire ustez okerrak, baina jakin nahi
nuke zuek nola ikusten dituzuen:
"Lurralde Historikoko zirkulazio gehienetariko egunkari batean"
Nik behintzat "egunkari zabalduenetariko batean" ipiniko nuke, baina dudan
zalantza da ea -enetariko horren ostean izenik joan daitekeen, nire ustez
ez. Berdin iruditzen zaizue? Adibiderik ez baita falta sarean:
* "Bilbok munduko enpresa handienetariko 5.000 zuzendari baino gehiago
hartuko ditu datorren urtean"
* "Denboraldian zehar 18 urte baino gehiagoko pilotu baten heldutasuna
erakutsi zuen eta kirol horretako talenturik handienetariko gaztearen ospea
irabazi zuen"
* "Agirre karisma gehienetariko aitzindaria izan zen"
Koldo Biguri
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago