[itzul] itzulgailu abangoardiazkoa

jon-agirre a bildua ej-gv.es jon-agirre a bildua ej-gv.es
Ast, Mar 1, 16:15:03, CET 2012


Juanek:

<< -Itzulgailua Jaurlaritzak (Jaurlaritza honek, alegia) plazaratu izanak ez du nahitaez txarragotzen produktua beste halakoekiko. Badakit hori zaila dela ulertzen batzuentzat, eta gogorra askorentzat, baina horratx.>>

Gainerako guztian nator bat, baina horretan badago zeresanik asko, eta, nik behintzat, omen* dagoen kanpaina horren kanpotik esango dut esan beharrekoa. (*Nork diotsu kanpaina dagoela? Bere burua zuritu nahi duenak, akaso?).

Aurreko Jaurlaritzek hurbiletik jarraitu izan dute euskarazko itzulpen automatikoaren bilakaera aspaldi-aspaldidanik. Leku batean eta ikergune batean baino gehiagotan, Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpora eta printzipio eta teknika ezberdinetan oinarritutako tramankuluak aztertuta. Probetan zebiltzanak ez ziren behar bezain balekoak eta aurreko Jaurlaritzek ez zuten diru karurik xahutu artean emaitza kaxkartxoa ematen zuten itzulgailu automatikoetan, hurbiletik begiratzen jarraitu bazuten ere.

Orain teknika hobeek edo teknikariek hobeto garatuko zuten itzulgailua. Ez da meritu teknika aurreratuagoa izatea: gaur egun ohituta gaude aurrerapen etengabera, berezkoa dela esango nuke. Beraz, abangoardiazko hau aztertu gabe, egintzat ematen dut, eztabaida gabe, hobea dela. Baina koska ez da hobea den, behar bezain ona (balekoa) den baino, diru publikoa horretan eralgitzeko.

Batez ere, eta orain Jaurlaritza honetara bueltatzen naiz, Jaurlaritza honen (honetako batzuen) intentzioak eta (Jaurlaritza honetako beste batzuen) tentazioak zein diren eta zein izan daitezkeen ikusita. Aurrekariak daude: Espainiako ministerioen webguneak kasurako (ikusi Itzulen bertan, orain urte batzuk). Ez nabil ezer asmatzen ez iragartzen. Lehengo lepotik burua daukanak itzulgailu automatikoaren emaitza azken produktutzat utziko du lasai asko; askoz lasaiago Jaurlaritza honen helburuak exogenoak izanda, eta, banako salbuespenen bat gorabehera, euskararekiko duen atxikimendua hutsaren hurrengoa dela ikusita.

Beraz, itzulgailua Jaurlaritza honetakoak ez diren teknikariek egin dute (eta orain arte ez dut ezer txarrik esan itzulgailuaz, besteak beste aztertu ez dudalako, baina argi daukat iraganekoak baino hobea eta etorkizunekoak baino txarragoa dela). Jaurlaritza honek ordaindu egin du, "plazaratu", diozun bezala. Hortxe dago zer kritikatua, zer asmorekin, nola erabiltzeko eta abar. Denbora gutxi beharko dugu, ez itzulgailuaren, baizik eta horren erabilera arinkeriazkoaren ondorio txarrak ikusteko.

Jon


-----Jatorrizko mezua-----
Nork: itzul-bounces a bildua postaria.com [mailto:itzul-bounces a bildua postaria.com] Noren izenean: Juan Garzia Garmendia
Bidaltze-data: osteguna, 2012.eko martxoak 1 10:07
Nori: ItzuL
Gaia: Re: [itzul] itzulgailu abangoardiazkoa

Esan didatenez (ez naiz ibiltzen oso erne), kanpaina moduko bat zertu
da itzultzaile automatiko berriaren aurka. Ironia fina bakarrik ez,
baizik eta umore arrunta bera ere zer den ez dakien hainbeste jende
dabilenez, aurreko nire mezu horrenak argitu nahi ditut, badaezpada:

-Bai: eszeptikoa naiz itzulpen automatikoaren dohainez. Eta ez: ez
naiz beldur horrek langabezia eragingo ote duen gure sektorean.
-Tresna aurkeztu dutenek guztiz garbi utzi dute (gogozko
gor-itsuentzat izan ezik) zer den eta, batez ere, zer ez den. Hori
kontuan hartzen ez duen kritika, hala esaterik badago, akritikoa da.
-Itzulgailua Jaurlaritzak (Jaurlaritza honek, alegia) plazaratu izanak
ez du nahitaez txarragotzen produktua beste halakoekiko. Badakit hori
zaila dela ulertzen batzuentzat, eta gogorra askorentzat, baina
horratx.
-Nire jolasak ez zuen izan nahi (esan beharra ere!), ez kritika, ez
inolako testa ere. Esan bezala, lehenik bururatu zitzaidana idatzi
nuen. Poesia eta hiperbatonez josia izateak garbi uzten zuen, niretzat
(eta, uste noski ustelez, edonorentzat), jolasa besterik ez zela.

Jolas horrek, ordea, eman zuen emaitza eman zuen (benetako proba bat
egiteko nago oraindik, testu normaltxo batekin). Horregatik,  esaldi
bisionario horixe zen (hortik "abangoardiazko") zuenganatu nuen horren
mamia. Beraz, txantxatik adina zuen nire horrek lilura txunditutik.

Juankruz Igerabide idazle, lankide eta hala ere adiskideari erakutsi
nionean, lehenik, otu zitzaigun, faszinaturik, liburu bat osa
zitekeela halako esaldiz, eta (esplikaziorik gabe noski) horrekin
astindu eder bat eman euskal poesiaren ur geldiei, baina, adinak
alfertuxe baikaitu halakoetarako, esaldia ITZULen partekatzea hobe
zela pentsatu genuen. Horratx berriro; ahaztu ingurabarrak, eta
historiatxoan murgildu (ez al da Monterrosoren ospetsu hori baino
zerago?):

Zure balkoiko enara ilunek
habiak itzuliko dituzte
zintzilikatzeko.

Tira. Carmen Parisek "Jotera lo serás tú" txotis-rantxera bikainean
dioen moduan (itzulgailutik pasa, nahi baduzue, baina diskoa entzutea
hobe):

Si noháy sen-sí-bilidád
para captar el sustrato
del mensaje musikaaal...
pues dedícateaescuchár
lo que siempre teha gustado
para que no suuufras más.


> El 29/02/2012 12:55, Juan Garzia Garmendia escribió:
>
>>
>> Aproba egiteko, lehenengo bururatu zaidan esaldia idatzi dut, eta hona
>> emaitza, itzulpenaren historia irauli ez dakit, baina, alafede!,
>> euskal literatura batere nekerik gabe harrigarriro mejoratzeko bide
>> ezin aproposagoa urratuz (zeuek asmatu jatorrizkoa):
>>
>> Zure balkoiko enara ilunek habiak itzuliko dituzte zintzilikatzeko.
>>
>



ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago