[itzul] BEZ
Xabier Aristegieta
allurritza a bildua gmail.com
Ast, Mar 15, 14:10:16, CET 2012
Kaixo:
Beheko mezua lehen bidali dut, baina, dirudienez, problemaren bat dago
eta ez da iritsi. Horregatik, berriro bidaltzen dut:
Ni nahiko etsita nago letra larrien afera osoki arautzeko modua
egoteaz, egia esan.
Badaude kasu argi batzuk non inork ez baitu zalantzan jartzen letra
larriak nahitaez erabiltzekoak direla; adibidez, pertsona- eta
leku-izenak idaztean. Baina, hortik kanpo, badago eremu zalantzagarri
oso zabal bat, non, nire iritziz, letra xehearen ordez letra larria
erabiltzea testugilearen erabakimenaren baitan utzi beharko
litzatekeen.
Izan ere, kasu askotan, letra larrien erabilera ez da, nire ustez,
ortografia-kontu huts bat, baizik eta harago ere heltzen da: letra
larriak adierazpen-baliabide bat dira, testugileak bere esku duena,
hitzei itzal semantiko jakin bat emateko, edo hitz horiei buruzko
ikuspegi edo jarrera bat irakurlearenganatzeko. Gehienbat ari naiz
letra xehearen ordez larria erabiltzeko erabakiaz. Eta, letra larria
adierazmolde bat den heinean, eta ez ortografia hutsa, agian merezi du
gogoeta egitea ez ote den testugilearen adierazpen-askatasunari mugak
jartzea izango, letra larrien erabilerarako baimenak eta debekuak
ezartzea. Nolabait, zerrenda itxiak egiten hasiko bagina bezala
substantibo bakoitzari atxiki dakizkiokeen adjektibo konkretuenak
(aski muturreko adibide bat jartzearren, noski).
Horregatik, norbaitek idatzi nahi baldin badu, esate baterako, "Ezina
Ekinez Egina", hor letra larriek sententzia-kutsu bat ematen
dutelako-edo, nik ez nioke halakorik debekatuko testugile horri. Beste
hainbeste "nire etxekoek Leialtasuna goraipatzen zuten ororen
gainetik" esaldian, adibidez.
Zergen izenei gagozkiela, esango nuke letra larrien erabilerak
nolabait ordeztu egiten duela komatxoen erabilera, eta, horrela,
argiago ikusarazten diola irakurleari letra larridun hitz-multzo
horrek kontzeptu edo erreferente gisa duen aurretiaz definituriko
izaera. Adibidez, testu batean komatxorik edo letra larririk gabe
ikusten badugu, eman dezagun, impuesto de transmisiones patrimoniales
y actos jurídicos documentados, pentsa genezake, zerga hori ezagutzen
ez badugu, adierazpide hori dela, besterik gabe, zerga jakin bati
testugileak bere hitzetan eman dion unean uneko izendapen soil bat,
eta ez, egiazki den bezala, zergaren izena bera.
Xabier
BECERRA ITURGAITZ, Juan Mari<jmbecerra a bildua gipuzkoa.net> igorleak hau
idatzi zuen (2012-03-15):
>
> Kaixo Alfontso. Bi ohar baino ez:
>
> - Batetik, Aldundiko itzultzaileok ez ditugu boletinak itzultzen, ez da
> hori gure berariazko zeregina. Besteak beste, araudia itzuli beharra
> egokitzen zaigu, dela zergena dela beste arlo batzuena, geroago boletinean
> argitaratzeko. Horrek ez du esan nahi boletineko itzultzaileak garenik,
> horrelako figurarik ez baita existitzen.
>
> - Ohar hori eginda, ados etorri behar dut zurekin. Komeni da ikuspegia
> zabaltzea eta beste leku batzuetan nola jokatzen den erreparatzea, are
> gehiago gaia araututa dagoenean: gaztelaniaren kasuan, auzia RAEk arautu
> duela diozu, eta Europar Batasunean ere antzeko zerbait egin omen dute. Oso
> ondo iruditzen zait hori. Baina, nire ustez, kontua ez da oraindik argitu.
> Alegia, oraindik ez dut garbi ikusten zertan oinarritzen diren zergak izen
> arruntak direla esateko.
>
>
> Oso gustura jasoko ditu azalpenak.
>
> -----Jatorrizko mezua-----
> Nork: itzul-bounces a bildua postaria.com [mailto:itzul-bounces a bildua postaria.com] Noren
> izenean: Elhuyar Fundazioa
> Bidaltze-data: osteguna, 2012.eko martxoak 15 11:36
> Nori: ItzuL
> Gaia: Re: [itzul] BEZ
>
> Ulertzen dut Juan Mariren ikuspegia. Boletinak itzultzen aritzen direnek
> hori ikusten dute, gaztelaniaz nagusiki letra larriz idazten dela boletin
> ofizialetan; horrenbestez, euskaraz ere hala egiten dute, hala egin dutelako
> orain arte. Eta honela dio: "iruditzen zaigu erabilerari ere kasu egin behar
> zaiola EIMAk edo Fundeuk besterik esan arren".
>
> Ulergarria da iritzi hori arlo horretako itzultzaileen artean nagusi izatea.
> Ni ez naiz nor boletinak itzultzen dutenei zer egin behar duten esateko,
> baina uste dut on dela, gaiari heltzeko orduan, ikuspegia zabaltzea.
> Gaztelaniazko hizkuntza administratiboan, urteen poderioz, zenbait bizio
> sortu ziren (nik baino hobeto dakite hori Administrazioan aritzen diren
> itzultzaileek); haien artean, letra larrien gehiegizko erabilera.
>
> Katalanak ere konturatuta daude, eta zergen izenak minuskulaz emateko
> gomendioa ematen dute. Adibidez:
> -----------------------------------------------------------------
>
> Universitat de Girona
>
> UdG Llengua. Guia lingüística i d'estil
>
> Que les sigles s'escriguin normalment amb majúscula no vol dir que el
> sintagma que representen s'hagi d'escriure necessàriament amb majúscules
> inicials. Així:
>
> PAS* *peró <personal d'administració i serveis>
>
> DNI però <document nacional d'identitat>
>
> IVA però* *<impost sobre el valor afegit>
>
> -----------------------------------------------------------------
>
> Eta gaztelaniaz ere saiatzen ari dira egoera aldatzen. Adibidez:
>
> ----------------------------------------------------------------------
>
>
>
> Europar Batasuneko Argitalpen Zerbitzuaren *Libro de estilo
> interinstitucional*:
>
> Anexo B2 Mayúsculas y minúsculas (
> http://publications.europa.eu/code/es/es-5010200es.htm)
>
> impuesto sobre el valor añadido (IVA)
>
> ----------------------------------------------------------------------
>
> José Martínez de Sousa (Diccionario de uso de las mayúsculas y minúsculas)
>
> impuesto. (...) Los nombres de los impuestos deben escribirse con minúsculas
> iniciales: el impuesto de tráfico de empresas; el impuesto sobre la renta de
> las personas físicas; el impuesto de bienes inmuebles; el impuesto sobre el
> valor añadido.
>
> - En los textos oficiales y semejantes suelen aparecer con iniciales
> mayúsculas, pero no parece una grafía justificada.
>
> ----------------------------------------------------------------------
>
> Azkenik, RAE bera etorri da afera arautzera:
>
> ----------------------------------------------------------------------
>
> Ortografía de la lengua española (RAE, 2010)
>
> *4.2.4.12.2 **Impuestos **y tasas*
>
> Las denominaciones de impuestos y tasas se escriben siempre con
> minúscula: *impuesto
> sobre el valor añadido, impuesto *sobre *la renta, **Im**puesto sobre la
> renta *de *las personas físicas, *aunque las siglas que generan deban
> escribirse con letras mayúsculas: *IVA, ISR, IRPF.*
>
> ----------------------------------------------------------------------
>
> Ikusi beharko da gaztelaniazko boletinak idazten dutenek RAEri kasu egingo
> dioten ala ez, baina nire iritziz euskaraz ez dugu argudio pisuzkorik <balio
> erantsiaren gaineko zerga> letra larriz hasita idazteko.
>
> IVAPen Administrazioa euskaraz aldizkarian honela idatzi nuen 2008ko
> uztailean (artean, RAEren araua argitaratu gabe zegoen):
>
> --------------------------------------------------------------------
>
> "Horrek zer esan nahi du? Hego Euskal Herriko euskarazko testu
> administratiboen orain arteko tradizioa bertan behera utzi behar dela?
> Administraziorako irizpide bat eta hortik kanpo beste bat erabili behar
> dela?
>
> Bestela, zer egin behar da? Espainiako administrazioarekiko mimetismo hori
> besterik gabe ontzat eman eta, gainera, administrazioaren esparrutik kanpora
> ere eraman?"
>
> ----------------------------------------------------------------------
>
> 2008ko uztailetik lau urte joan dira ia, baina ez dugu askorik aurreratu.
>
>
> Alfontso Mujika
> Elhuyar Hizkuntza Zerbitzuak
>
>
> 2012/3/15 BECERRA ITURGAITZ, Juan Mari <jmbecerra a bildua gipuzkoa.net>
>
>>
>> Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun Departamentuan erabiltzen
>> dugun irizpidearen berri ematera natorkizue:
>>
>> 1.- Deformazio profesionalak eraginda-edo, egunero ari baikara
>> Ogasun Departamentuan zergak gora eta zergak behera, zaila egiten
>> zaigu oso zergen izen espezifikoak letra txikiz idaztea.
>>
>> 2.- Modu generikoan aipatzen direnean, argi dago letra xehea
>> dela erabili beharrekoa ("Eusko Jaurlaritzak zergak igotzea erabaki du"
>> adibidean bezala). Beste kontu bat da dena delako testuinguruan zerga
>> jakin eta espezifiko bat aipatzen denean ("Pertsona Fisikoen
>> Errentaren gaineko Zerga aitortzeko kanpaina"). Horrelakoetan, ez dugu
>> dudarik egiten, eta zergaren hasierako letrak maiuskulaz idazten ditugu.
>>
>> 3.- Bai Fundeuren gomendioan eta bai EIMAren estilo liburuan
>> esaten da "zerga" terminoa izen arrunta denez, letra txikiz idatzi behar
>> dela.
>> Horraino, ados. Alabaina, zer gertatzen da aipamen generiko batetik
>> aipamen espezifiko batera pasatzen denean? "Ondare Eskualdaketen gaineko
>> Zerga"
>> idazten badugu, ez al gara zerga jakin bat "bereziki" aipatzen ari? Ez
>> al dugu izen "arrunt" zena izen "berezi" bihurtu?
>>
>> 4.- Antzeko zerbait gertatzen da euskaraz "udal" hitzarekin.
>> Zentzu generikoa duenean minuskulaz idazten dugu termino hori
>> ("Gipuzkoako udalak"), baina, aldi berean, "Donostiako Udala" ere
>> idazten dugu propio udal horri buruz ari garenean. Zergen kontuan,
>> egoera antzekoa izango litzateke. Eta seguru badirela adibide gehiago.
>>
>> 5.- Azkenik, egungo erabilerak argi erakusten du zergak
>> maiuskulaz idazteko joera nagusitzen dela 5 boletin ofizialetan (bada
>> salbuespenik, hala ere), eta seguraski hori gertatzen da, Patxik ongi
>> dioen bezala, legeekin-edo identifikatzen ditugulako. Hala izan edo
>> ez, iruditzen zaigu erabilerari ere kasu egin behar zaiola EIMAk edo
>> Fundeuk besterik esan arren.
>>
>>
>> Juan Mari Becerra
>> Gipuzkoako Foru Aldundia
>> Ogasun Departamentuko itzultzailea
>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago