[itzul] zuk ez bestek
Alfontso Mujika Etxeberria
a.mujika a bildua elhuyar.com
As, Api 30, 16:23:15, CEST 2013
MORFOSINTAXIA (Patxi Petrirena; EIMA, Hezkuntza Saila)
*Besterik** nola komunztatu*
Euskaltzaindiko Gramatika batzordearen gomendio baten arabera[1] <#_ftn1>, *
besterik* erabiltzean, aditzak singularrean behar du honelako kasuetan ere:
(427) a) *Ariketak besterik ez *ditut* egin.
b) Ariketak besterik ez *dut* egin.
Izan ere, aditzak *besterik*ekin egiten du komunztadura, eta ez haren
ezkerreko sintagmarekin[2] <#_ftn2>. Are nabarmenago ageri da hori
pertsona-izenordainekin, lehenbiziko nahiz bigarren pertsonakoak sarturik
ere aditza hirugarren pertsonan jokatzen baita:
(428) a) *Zu besterik ez *zaitut* maite.
b) *Zu besterik* ez *dut* maite.
Bestalde, *besterik*en* *aurreko izena absolutiboan erabiltzen da beti;
beste kasu batean badago, *baino* eta *baizik* baliatu behar dira, horiek
kasu guztiak onartzen baitituzte:
(429) a) **Zurekin besterik* ez du nahi.
b) *Zurekin baizik* ez du nahi.
c) *Zurekin baino* ez du nahi.
Adierazpide egokiak dira, jakina, «Zurekin bakarrik nahi du» eta «Zurekin
beste inorekin ez du nahi» ere.
(430) a) *Interneten, *% 12k besterik* ez du erabiltzen euskara.
b) Interneten, *% 12k baizik* ez du erabiltzen euskara.
c) Interneten, *% 12k baino *ez du erabiltzen euskara.
Absolutiboaz gainerako kasuekin *beste-* erroa erabiltzekotan, bi bide
hauek ditugu: *«…-k beste inork», «…-i beste inori»* egitura,
deklinabide-atzizkia errepikatuz beti (431c, 432c), eta *beste* bera
deklinatzea, izenordearekin batera (433, 434):
(431) a) **Zuk besterik* ez daki.
b) **Zuk besterik* ez dakizu.
c) *Zuk beste inork* ez daki.
(432) a) **Zuri besterik* ez diot esan.
b) **Zuri besterik* ez dizut esan.
c) *Zuri beste inori* ez diot esan.
(433) *Zuk bestek* ez daki.
(434) *Zuri besteri* ez diot esan.
Kasu batean, hala ere, aditza pluralean ematea nahitaezkoa da:
*besterik*pluraleko subjektu baten atributuan doanean:
(435) a) *Horiek* aitzakiak besterik ez *dira*.
b) *Horiek* ez *dira* aitzakiak besterik. (‘Horiek aitzakia
hutsak dira’).
*Baino* eta *baizik* ez dira *besterik* bezala jokatzen, numeroari
dagokionez: haien aurreko elementuarekin numero-komunztadura egiten du
aditzak:
(436) Boterearen *ikurrak* baizik ez *dituzte* errausten.
-------------------------------------------------------------------------------------------------
JAGONET
*besterik*
*Izenburua:**besterik*
*Galdera:*
*Ariketak besterik ez dut egin* ala *Ariketak besterik ez ditut egin*? Biak
dira zuzenak?
*Lau gizon besterik ez ditut ikusi.*
*Zuk esan zenituenak besterik ez nituen entzun.*
*Besterik* honek egin dezake komunztadura pluralean, ala singularra baino
ez du onartzen?
*Lau gizon ikusi ditut, besterik ez.*
*Zuk esan zenituenak entzun nituen, besterik ez.*
*Erantzuna:*Ez da araurik eman auzi horren gainean. Gramatika batzordeak
Areatzako txostenean aurkeztutako arau-proposamenak honela dio:
*Besterik*ek ezkerretara daraman osagaia absolutiboan bakarrik joan
daiteke, "absolutiboa + besterik ez + aditza" egituran.
Horrelakoetan perpauseko aditzak *besterik*ekin egiten du komunztadura, oro
har:
a) Pertsonari dagokionez, dudarik gabe (*zu besterik ez dut maite*).
b) Numeroari dagokionez ere, hori da gomendioa (*ez zegoen bakar batzuk
besterik*).
Gogoan izan "x + beste" bezalako egiturak kasu guztietan erabil daitezkeela
eta bi sintagmak kasu berean joango direla:
*Zuk bestek ez dit esan.*
*Gertaturikoa ez diot zuri beste inori esango.*
*Asteburuetan ez omen zara mendira beste inora joaten.*
*Data:*1999 *Erantzulea:*Gramatika batzordea
----------------------------------------------------------------------
*Izenburua:Besterik ez, baino ez, baizik ez*
*Galdera:*Zein da egitura zuzena?
- Liburuak besterik ez dut erosi / liburuak besterik ez ditut erosi
- Liburuak baino ez dut erosi / liburuak baino ez ditut erosi
- Liburuak baizik ez dut erosi / liburuak baizik ez ditut erosi
*Erantzuna:*Euskaltzaindiak ez du ezer arautu horretaz, baina badirudi
"besterik" alde batetik eta "baino" eta "baizik" beste batetik aztertzekoak
direla; ez baitute berdin jokatzen.
Izan ere, "besterik"ek joera handia du (baina joera, nolanahi ere)
singularreko komunztadura egiteko eta, pertsonari dagokionez, hirugarren
pertsona erabiltzeko.
Beste biek, ordea, singularreko nahiz pluraleko komunztadura onartzen dute.
Pertsonari dagokionez, hirugarren pertsona dute ohikoena ("zu baizik ez dut
maite").
Edozein kasutan, gogoan izan badela beste egitura bat aukeran, inongo
zalantzarik gabekoa:
Ez dut INOR maite zu baizik
Ez dut BESTE INOR maite zu baizik
Ez dut BESTE EZER erosi liburuak baizik
Argibide gehiagotarako, ikus Euskaltzaindiaren *Euskal Gramatika: Lehen
Urratsak, EGLU, IV* liburukia (217.-218. or.). Horrez gainera, ikus
datu-base honetako “besterik” sarrera.
*Data:*2002/01/08
*Erantzulea:*Gramatika batzordea
--------------------------------------------------------------------
*Izenburua:-i/-t(z)ea besterik ez / baino ez (irakurri/irakurtzea besterik
ez duzu)*
*Galdera:*Forma hauek guztiak zuzenak dira?
a) -Irakurri besterik ez duzu
b) -Irakurtzea besterik ez duzu
c) -Irakurri besterik ez duzu egin behar
d) -Irakurri baino ez duzu
e) -Irakurtzea baino ez duzu
f) -Irakurri baino ez duzu egin behar
*Erantzuna: *Bai, zuzenak dira guztiak. Hala ere, zehaztapen batzuk egin
behar dira: Batetik, "a" eta "b"ren artean, "a" (partizipioduna) ugariagoa
da *Orotariko Euskal Hiztegi*ko autoreetan, "b" baino.
Bestetik, "a", "b" eta "c" gisakoak ("besterik" daramatenak, alegia)
ugariagoak dira, "baino" daramaten "d", "e" eta "f" gisakoak baino.
Bestalde, "d" gisako partizipiodunak erabiliagoak dira "e" gisako
aditz-izendunak baino.
Egitura horiez gain, beste bi hauek ere zuzenak dira:
- Irakurtzea besterik ez duzu egin behar
- Irakurtzea baino ez duzu egin behar
Azkenik, "-t(z)ea" formakoen erabileraren alde eman daitekeen beste arrazoi
bat ere bada: "garaiz etortzea dauka" esaten bada, "garaiz etortzea
baino/besterik ez dauka" esan daitekeela dirudi.
Esanahiari dagokionez, berriz, ez dago alde handirik honako hauen artean:
- Irakurri besterik ez duzu / Irakurri besterik ez duzu egin behar
Bietan eginkizun bat aipatzen da: eginkizun bat eta bera.
Horrez gainera, ikus datu-baseko “–tzea (egin/egitea)”.
*Data:*20010613
*Erantzulea:*Patxi Goenaga
-------------------------------------------------------------------------------
*zenburua:"baino ez", “baizik eta”, "besterik ez" eta nominalizazioa*
*Galdera: *Nominalizazioa eskatzen al dute “besterik ez / baino ez”
daramatenek? Ondorengo hauetatik zein dira zuzenak?
1. Zure lana hori egin baino/besterik ez da
2. Zure lana hori egitea baino/besterik ez da
3. Zure egitekoa ez da hara joatea, baizik eta hemen geratu
4. Zure egitekoa ez da hara joatea, baizik eta hemen geratzea
5. Zure egitekoa ez da hara joatea, hemen geratu baino/baizik
6. Zure egitekoa ez da hara joatea, hemen geratzea baino/baizik
*Erantzuna:*Lehen perpausa okerra da. Izan ere, “zure lana” predikatua
bada (edo subjektua, baina berdin da) predikatu horren subjektua “-t(z)ea”
formakoa izan ohi da:
zure lana hori egitea da / *zure lana hori egin da.
zure lana da hori egitea / *zure lana da hori egin.
Horren arabera:
1. *Zure lana hori egin baino/besterik ez da OKERRA
2. Zure lana hori egitea baino/besterik ez da ZUZENA
3. Zure egitekoa ez da hara joatea, *baizik eta hemen geratu LEHEN ZATIA
ZUZENA DA ETA BIGARREN ZATIA OKERRA
4. Zure egitekoa ez da hara joatea, baizik eta hemen geratzea ZUZENA
5. Zure egitekoa ez da hara joatea, *hemen geratu baino/baizik LEHEN ZATIA
ZUZENA DA ETA BIGARREN ZATIA OKERRA
6. Zure egitekoa ez da hara joatea, hemen geratzea baino/baizik ZUZENA
Horrez gainera, ikus datu-base honetako “baino ez” sarrerak.
*Data:*20010607
*Erantzulea:*Patxi Goenaga
------------------------------
[1] <#_ftnref1> Areatzan 1998an aurkeztua, eta Jagonet zerbitzuan 1999ko
erantzun batean berretsia (*Besterik*).
[2] <#_ftnref2> Zenbakiak tartean direnean («lau baino ez», «sei baizik
ez»…), esanahiak bereizteko bide ematen du singular/plural bereizkuntzak: *Lau
soineko baino/baizik/besterik ez dut ekarri* (‘lau soineko, beste ezer
ez’). *Lau soineko baino/baizik ez ditut ekarri* (‘soinekoetatik, lau
bakarrik’).
*Alfontso Mujika Etxeberria*
a.mujika a bildua elhuyar.com <a.mendizabal a bildua elhuyar.com>
tel.: 943363040 | luzp.: 216
Zelai Haundi, 3. Osinalde industrialdea
20170 Usurbil
*www.elhuyar.org* <http://www.elhuyar.org>
Mezu honek, baita erantsitako edozein agirik ere, isilpeko informazioa
izan dezake. Informazio hori jasotzeko baimena izendatutakoak baino ez du.
Zu ez bazara adierazitako hartzailea, indarrean dagoen legeriaren arabera
debekatuta daukazu informazio hori baimenik gabe erabili, hedatu eta/edo
kopiatzea. Mezu hau errakuntza baten ondorioz jaso baduzu, jakinarazi
bidaltzaileari, eta ezaba ezazu. Eskerrik asko. Ez inprimatu mezu hau
ezinbestekoa ez bada.
2013/4/30 Xabier Mendiguren <xmendiguren a bildua elkar.com>
> esaldi hau topatu dut:
>
> "zuk ez bertze inork osa dezake" (hau da: zuk bai, beste inork ez)
>
> duda daukat esaldiaz.
>
> dudagabekotzat ditudan antzeko moldeak:
>
> zuk bestek ezin osa dezake
> zuk besterik ezin osa zenezake
>
> inork argitasun izpirik ekar baleza, eskerturik nengoke.
>
> x.
>
>
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20130430/90f366d7/attachment.html>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago