[itzul] "Productos Lácteos Sostenibles"
Xabier Armendaritz (Aixe, S. L.)
aixe a bildua ctv.es
As, Ots 19, 09:44:50, CET 2013
Barkatu, Xabier, zure iritziaren aurka idatzi dudala iruditu bazaizu (ez
zen nire asmoa, baina segur aski itxura hori emango nuen), nire
parrastada /sostengagarri /kakofonikotzat jotzearen aurkakoa zen, behin
baino gehiagotan plazaratu baita anatema hori. Azken batean, euskararen
tradizioak dagoeneko /ernegagarri, frogagarri, mugagarri /eta abar eman
baditu, ez diot inolako atarramenturik ikusten orain bat-batean bide
hori ixteari (eta, diodan argi eta garbi, ez naiz zu bide hori ixten ari
zarenik esaten ari).
Gainerakoan, hauek dira nire arrazoibideak:
1. Terminologia Batzordeak azaldu zuenarekin bat nator: Euskaltzaindiak
hobetsitako /iraunkor/ erabiltzeak arazoak sortzen ditu, /sustainable
/eta /permanent/ kontzeptuak nahastea dakarrelako.
2. Koldo Bigurirekin bat nator: Terminologia Batzordeak proposatu duen
/jasangarri///erabiltzeak arazoak sortzen ditu, /sustainable /eta
/bearable/ kontzeptuak nahastea dakarrelako.
3. Proposatu diren gainerako aukeretatik:
- /eutsigarri/ eta /euskarri/ gertuegi ez ote dauden nago
(/Orotariko Euskal Hiztegia/k «/eutsigarri./ v. euskarri» oharra dakar).
- /iraunbidezko/ ederra da, baina ez dirudi erabilera handirik
duenik, Interneten begiratuta (eta, nik uste, ez diegu zertan bilatu
euskal baliokide ederrik, zein bere hizkuntzan hain ederrak ere ez diren
/sustainable,//durable, sostenible/ erdal adjektiboei).
- /iraungarri /tradiziotik datorren adjektibo bat da, esanahi hauek
dituena (/Orotariko Euskal Hiztegia/): 1. (Lo) que hace durar,
mantenerse; medio para perseverar. 2. Duradero. "Estable" Añ.
"Permanent" Dv. "Interminable. 3. Soportable.
Erabilera baduela ageri da Interneten.
- /sostengagarri/ 1995az geroztik behintzat erabili izan da, gaur
egun ere erabilera baduela ageri da Interneten, eta, esan bezala,
euskararen legeei jarraituz egoki sortua da.
Oso gai korapilatsua dela deritzot, hortaz: hiztegiko gaiak ebazteari
dagokionez euskal organo gorena (Euskaltzaindia) eta arlo horretan itzal
handienetakoa duen beste organo bat aurrez aurre ditugu. Batak dakarren
aukera (/iraunkor/) nahasgarri da /sustainable /eta /permanent/
kontzeptuak argi ez bereiztea dakarrelako (Terminologia Batzordeak
emandako adibide zehatz eta ugariez gainera, aurrekoan «construcción
sostenible» itzuli beharra egokitu zitzaidan; «eraikuntza iraunkor»,
jarri izatera, /permanent construction/ ulertuko luke batek baino
gehiagok); besteak dakarrena (/jasangarri/) /sustainable /eta /bearable/
kontzeptuak argi ez bereiztea dakar (ikus Koldo Bigurik emandako adibideak).
Euskaltzaindia eta Terminologia Batzordea bat etorriko balira, bederen,
jasangarri egingo litzaidake polisemia arrisku hori, eta nolabaiteko
konponbideak bilatuko nizkioke, termino hori modaz noiz pasatuko zain.
Baina, organo gailen horien artean ere desadostasuna izanik, «balia beza
nork bere salbabidea» sentipena sortzen zait.
(Bazter ohartzat, esan dezadan hain ikuspegi ezberdinen arteko eztabaida
hau, azalpenez ederki jantzia, guztiz interesgarria eta argigarria
izaten ari zaidala. Hil edo bizikoagoak diren gaietan euskaldunon artean
honela eztabaidatzea ohikoagoa bagenu, baldinbaitere!)
Ondo izan,
Xabier
_________________________
Xabier Armendaritz
AIXE itzulpen eta zerbitzuak
Biltzar Nagusiak, 11, behea
01010 GASTEIZ
Tel.: 945 174 476
2013-02-18 18:10(e)an, Xabier Aristegieta(e)k idatzi zuen:
> Erabat ados: guztiz irizpide subjektiboa da, eta hiztunek hitz
> horrekiko izan lezaketen abegikortasuna edo halakorik eza igartzeko
> ildo bat besterik ez da.
> Bestetik, eta nik dakidala, "sostengagarri" inork ez du "baztertu"
> (are gutxiago "erabat" "baztertu"), ez eta intrinsekoki
> baztergarritzat jo ere.
> Zer esanik ez, "xurgagailu"rekin batera aipaturikoen zerrendari
> dagokionez.
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20130219/e0f5a088/attachment.html>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago