[itzul] Alokutiboaren erabilera, gizon-emakumeen talde batean

Xabier Armendaritz (Aixe, S. L.) aixe a bildua ctv.es
Ost, Eka 12, 13:54:25, CEST 2013



Zenbaitek bestela uste badu ere, talde baten barruan biren artean 
alokutiboa erabiltzeak (nahiz toka, nahiz noka) ez ditu taldeko 
gainerakoak baztertzen (direla emakume, direla gizon). Ez, behintzat, 
orain arteko euskaran. Hiketa gorde den tokietan, taldearen barruan nor 
norekin ari den, noka (emakume bati), toka (gizon bati) edo alokutiborik 
gabe (hainbati egiten dienean edo eztabada ari denean: 
http://www.ehu.es/seg/gizt/5/1/3) arituko da, trataera batetik bestera 
igaroz: trataera horiekin, nori zuzentzen ari zaion eta harekin zer 
konfiantza mailan duen erakusten du, ez besterik.

Bi solaskideri hika egin badiet, aurrez aurre ere lehenago hika egin 
diedalako da, gure artean hainbatetan hitz egin dugulako; haietako 
bakoitzarekin dudan konfiantza maila besterik ez dut adierazi horrekin, 
taldeko beste inori begirunea galdu gabe. Galbidean dugun alokutiboaren 
alde, orain arte berezkoa izan duen erabilera emanez.

Ondo izan,

Xabier

___________

Xabier Armendaritz
AIXE itzulpen eta zerbitzuak
Biltzar Nagusiak, 11, behea
01010 GASTEIZ

Tel.: 945 174 476



2013-06-12 12:50(e)an, Itzultzailea - Eibarko Udala(e)k idatzi zuen:
> Plantilla normalizada para WORD
> Ez nekien zerrenda hau  bakarrik gizonezkoendakoa zenik...
> Begoña Azpiri
>
> ------------------------------------------------------------------------
> *De:* Xabier Armendaritz (Aixe, S. L.) [mailto:aixe a bildua ctv.es]
> *Enviado el:* asteazkena, 2013.eko ekainak 12 11:41
> *Para:* ItzuL
> *Asunto:* [SPAMB] Re: [itzul] Hegaldien erdia ez da hegaldien erdiak
> *Importancia:* Baja
>
>
> Jon, hire mezuari izenburua eman dion gaiari helduta, Euskaltzaindiak 
> ez ziguk horretaz araurik eman, baina besteak beste Zubiritarren 
> /Euskal gramatika osoa/n halaxe agintzen zigutek («Euskaraz, /multzo 
> /baten erdia adierazteko, /plurala/ erabiltzen da; beraz, *ikasleen 
> erdiAK* esan behar da, ez */ikasleen erdiA/», 2000. urteko 
> argitaraldiko 150. orrialdean). Besterik adierazi ziguk, ordea, Patxi 
> Goenaga euskaltzainak («Euskal neurri sintagmen azterketa baterako: 
> zenbat /x,/ zenbat /x-ago,/ zenbat /x gehiago/...», /Jean 
> Haritschelhar-i omenaldia, /2008, ISBN 978-84-95438-33-1, 222. orrialdea):
>
>     «Izena zenbakarria bada eta plurala, /erdiak /da forma hedatuena, 
> baina gramatiketan beste zerbait iradoki arren, /erdia /singularra ere 
> zilegi da:
>
>     (31) a. EAEn etxebizitzarik ez duten pertsonen erdiak atzerritik 
> etorritakoak dira. (Asier Iturriagaetxebarria, /Berria, /2006-01-27)
>
>             b. Herritarren erdiak uste du ingurumenaren egoera hobetu 
> egin dela udalerrian eta EAEn. (Asier Iturriagaetxebarria, /Berria, 
> /2004-06-01)
>
>             c. Ume orien erdia ez da zurea, eta beragatik ondu, edo 
> pagatu bear diozu beiak dauzkanari (J.. B. Agirre, /Erakusaldiak II/, 
> 192)»
>
> Beraz, /hegaldien erdia/ eta /hegaldien erdiak/, biak lituzkek zuzen, 
> Goenagarik kasu egiten badiogu. Hala ere, asko dituk euskara batuan 
> hik esan bezala bereiztea gomendatzen dutenak, eta neroni ere 
> bereizketa hori egitea abantailatsua delakoan nagok.
>
> Gainerakoan, hirekin bat natorrek: ikus-entzunezko euskal hedabide 
> nagusietako hainbat ohitura txar zuzentzea komeni lukek. Zigortuta ez 
> baizik sarien bidez, ahal bada (luzarora eraginkorrago baitira), eta 
> maiz samar gidoilarien nahiz esatarien jarduna hobetzeko 
> ikastaroak-eta eginez.
>
> Ondo izan,
>
> Xabier
>
> ___________
>
> Xabier Armendaritz
> AIXE itzulpen eta zerbitzuak
> Biltzar Nagusiak, 11, behea
> 01010 GASTEIZ
>
> Tel.: 945 174 476
>
>
>
>
> 2013-06-11 09:23(e)an, jon-agirre a bildua ej-gv.es(e)k idatzi zuen:
>>
>> Gaur bi aldiz entzun dut Euskadi Irratian, esatari ezberdinek esanda, 
>> Frantzian "hegaldien erdia" ez dela egingo. Nik uste nuen esatarien 
>> kontuak zirela baina badirudi kazetari idazlearen akatsa dela, eta 
>> baliteke irratitik kanpoko agentziaren bateko kazetariarena izatea. 
>> Hala ere esatariak erreflexu gehiago beharko luke horrelakoak esan 
>> edo irakurri ahala zuzentzeko. Hegaldien erdiak dira egingo ez 
>> direnak, pasaiariak ez baitituzte airean hegaldien erdian utziko, ziur.
>>
>> Baina txarrena, Euskadi Irratian, eta ez hor bakarrik, mugagabea kasu 
>> genitibo edutezkoan (noren) eta ergatiboan (nork) dagoenik ere ez 
>> dakitela da. Bereziki berezko --a amaiera duten hitzekin. Eta askotan 
>> esan beharra egoten da albisteetan kopuru baten ondoren 'pertsona', 
>> 'enpresa', 'gauza', 'neska' eta antzekoak. Zuzen esanda, esan 
>> beharrik ez nuke eduki behar, 'bost 
>> pertsonaren/enpresaren/gauzaren/neskaren arrakasta' eta 'bost 
>> pertsonak/enpresak/gauzak/neskak jaso dute saria' izango litzateke, 
>> baina txarto esaten dute: 'bost pertsonen/enpresen/gauzen/nesken 
>> arrakasta' eta ' bost pertsonek/enpresek/gauzek/neskek jaso dute 
>> saria'. Nik beti pentsatzen dut edo albistearen hasiera galdu dudala, 
>> edota betiko entxufatuak direla sariak diru-laguntzak eta horrelakoak 
>> jasotzen dituztenak, betiko berberak. Gutxienez, 'bost 
>> pertsona'n/enpresa'n/gauza'n/neska'n arrakasta' esango balute, ahozko 
>> laburtzea eginda, baina mugatu pluraletik bereizita. Nork kasuan, 
>> ostera, ez dago horrelako itzurbiderik.
>>
>> Beste arazo bat, larritzen ari dena, eyeismoa (sic) da. Zeta guztiak 
>> ondo askotzea eskatzen dela dirudi irratian esatari izateko, eta ondo 
>> dago, oso ondo; baina ahoskatzeari dagokionez kontuan hartu behar da 
>> hizkuntzaren ezaugarri orokorrak (leku guztietan berdin esaten dena) 
>> eta leku batzuetan edo gehienetan batera eta besteetan bestera esaten 
>> dena. Esan nahi dut oso ondo deritzodala, ez beza inork txarto 
>> ulertu, txistukariak ondo bereiztea eskatzea irratirako, baina 
>> kontuan izan euskaraz 3 frikari eta 3 afrikatu badaude ere, leku 
>> batzuetako arauan bina bereizten direla, hau da,  badaudela eremu 
>> zabaletan euskaldun osoak, ikasiak eta ereduzkoak sei txistukarirekin 
>> ez, laurekin hitz egiten dutenak; baina elle ez dela eye esaten ez 
>> han, ez hor, ez hemen, eta bata bereiztea garrantzitsua bada, eta 
>> bada, bai, are gehiago bestea bereiztea irrati publikoan.
>>
>> Mugagabera itzulita, arazoa larriegia izatera heldu da. Nik, honaino 
>> helduta, hainbeste urtean hori jasaten egon ondoren eta gero eta 
>> zabalduago dagoela ikusita, mehatxu diziplinarioak eskatuko nituzke. 
>> Bestela, gogaitzearen gogaitzeaz lehertu, eta izen eta guztiko 
>> kanpaina lotsarazleren bat egin beharko dela iruditzen zait. Ez dut 
>> beste irtenbiderik ikusten, esatariok saiatzen direnik ere ez du 
>> ematen, konturatzen direnik ere ez. Asierrek behin baino gehiagotan 
>> esan diela badakit, baina ez die axola? Horrek zigor diziplinarioak 
>> eskatzen ditu. Edo lantoki aldaketak. Baina honek ezin du horrela 
>> jarraitu.
>>
>> Jon
>>
>> (Asier, ez deuat burua berotu gura, nahikoa nago ni)
>>
>

-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20130612/62ccd415/attachment.html>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago