[itzul] -(e)ko/-go

"IBAŅEZ SAN ROMAN, Iņaki" iibanez a bildua gipuzkoa.net
Ast, Maiatza 16, 15:17:04, CEST 2013


Jagoneteko bi galdera-erantzun hauetan horri buruzko informazioa daukazu.

Bestalde, Itzul zerrenda honetan bertan ere, 2007an, horren inguruko mezu kate luze samarra izan zen. Mezuaren izena: "Gasteizera ala Gasteiza" (badakizu, horrelaxe idatzita, Euskalbarren, Itzul botoia sakatu eta hortxe dituzu guztiak).



1) Deklinabidea: taulak edo eskema orokorrak.
Galdera
Non aurki dezaket deklinabidea? Orokorrean, alegia: taulak edota eskemak.
Erantzuna
Deklinabideari buruz, jakizu, oraingoz hauxe bakarrik daukagula Interneten: "Euskaltzaindiaren Arauak" saileko 8.a ("Zenbakien deklinabideaz"), 12.a ("BAT eta BATZUK-en deklinabidea") eta 29.a ("Diptongoz bukatzen diren izenen deklinabidea"). Beraz, hortik aurrerakoa, eta bereziki zuk eskatzen duzun taula edo eskema orokorra, paperezko argitalpenean begiratu beharko duzu: hain zuzen ere, Euskal Gramatika: Lehen Urratsak, EGLU, I liburukiko 405. orrialdetik aurrerakoetan (1991ko argitalpenean).
Data: 2001/05/28
Erantzulea: Joxe Ramon Zubimendi, JAGONETen arduraduna


2) Deklinabidea: "n, l, s, z, tz" edo "r" letraz amaitzen diren leku-izenak: Irun, Madril, Paris, Zarautz, Eibar...
Galdera
Lekuzko kasuetan nola deklinatzen dira "n, l, s, z, tz" edo "r" letraz amaitzen diren herrien izenak? Adibidez, Irun, Madril, Paris, Zarautz, Eibar...
Erantzuna
Euskaltzaindiaren Euskal Gramatika: Lehen Urratsak, EGLU, I liburukian dator (ikus 412. or.) kontsonantez amaitutako leku-izen berezien deklinabidearen berri. Hor ematen direnak Euskaltzaindiak batasunerako eskaini dituen erabakiak liburuan ere (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saila, 1992) ageri dira.
Honela da kontua, adibidez, Eibarren kasuan: Eibar, Eibarreko/Eibarko, Eibarrera/Eibarra, Eibarrerantz/Eibarrantz, Eibarretik/Eibartik eta abar. Bi formak (Eibarreko/Eibarko eta abar) zuzenak dira.
Kontsonante guztietarako balio du paradigma horrek, non eta ez dagoen morfofonologiazko egokitzapenen bat egin beharrik (adibidez, bukaeran "-tz" duten izenetan, ondoren kontsonantez hasten bada kasu-marka, bukaerako hori "-z" bilaka daiteke: Zarautz, Zarauztik/Zarautzetik eta abar).
Beste kasu batzuetan, "-tik" ablatiboaren forma ahostundu egiten da (eta "-dik" bilakatu), baldin eta aurretik daraman izena "-l" nahiz "-n" bukaeraduna bada: Madril, Madrildik/Madriletik; Irun, Irundik/Irunetik eta abar.
Beste horrenbeste gertatzen da "-ko" kasu-markarekin ere: Madril, Madrilgo/Madrileko; Irun, Irungo/Iruneko eta abar.
Data: 2002/01/08
Erantzulea: Jesus Mari Makatzaga, Gramatika batzordeko idazk.

________________________________
Nork: jon-agirre a bildua ej-gv.es [mailto:jon-agirre a bildua ej-gv.es]
Bidaltze-data: jueves, 16 de mayo de 2013 10:00
Nori: itzul a bildua postaria.com
Gaia: [itzul] -(e)ko/-go

Asteon entzun arte ez naiz konturatu bitxikeria honetaz: 'Cannesko' idazten dela baina 'kango' irakurtzen ('kaneko' ere bai).

Bestalde, Euskaltzaindiak 1970eko hamarkada hasieran hartutako deklinabide erabakia non dago? Ez dut aurkitzen webgunean. Euskera aldizkariaren separata batean ere atera zuten.

Uste dut -l, -n,-r, -s, -x eta -z amaierako toki izenek aukeran dutela -go/-eko, lehenak eta bigarrenak, eta -ko/-eko, enparauek, baina lehenengo formak ari dira nagusitzen: -lgo, -ngo, -rko, -sko, -xko eta -zko. Berdintsu, -ts, -tx eta -tz amaierako toki izenek, hurrenez hurren, -sko, -xko eta -zko edo -tseko, -txeko eta -tzeko egin dezakete baina lehenak dira nagusi. Horretaz zer zioen gogoratzeko begiratu nahi dut arau hura.

Jon


-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20130516/526b1f28/attachment.html>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago