[itzul] autoerretratu ala autorretratu
Xabier Aristegieta
allurritza a bildua gmail.com
Ost, Aza 13, 13:07:17, CET 2013
Kaixo:
Lehenik eta behin, sentitzen dut atzo bidali nuen mezua errepikatuta
egotea. Lehenbizikoz bidali eta jasotzen ez zela ikusi ondoren, beste behin
igorri nuen, eta azkenean biak agertu dira.
Antton, ondo ulertu baldin badizut, zure abiapuntua da "kontrarreforma"
hitza, bere horretan, mailegu bat dela ("Hain zuzen ere, alderantzizkoa da
arazoibidea: proposamena da berez hitz-hasierako fenomeno r- -> err-
aldaketa ez tartekatzea kutura-erro batez hasten diren eta erro horren
jarraian -r- duten maileguetan").
Nire abiapuntua bestelakoa da: "kontra+eraso= kontraeraso" edo
"kontra+jarri= kontrajarri" egiten dugun bezalaxe, "kontra+erreforma=
kontraerreforma" dela. Hots, euskararen barrenetik sorturiko hitza dela.
Zergatik, orduan, "e" hori kendu? "Kolokan dagoen" hizki bat bezala tratatu
behar dugu? Beste katramila bat (barkatu hitz hori erabiltzea, baina nik
halaxe sentitzen dut) gehitu behar al diegu jadanik ugariak diren tankera
horretako arduragaiei? Zeren eta hortxe baititugu, besteak beste:
- -a itsatsi "ez hain itsatsi" hori: -ia bukaeradun izenek
izen-elkarteetako lehen osagai direnean gal dezaketena (ikus
Euskaltzaindiaren 25. araua).
- -a itsatsi "ez hain itsatsi" hori: sei hitz seinalatuk (burdina,
eliza, hizkuntza, kultura, literatura, natura) izen-elkarteetan gal
dezaketena (Euskaltzaindiaren 25. araua).
- "Bizkaia" bezalako izen berezien deklinazio halaber bereziaren
ondoriozko "-a galera".
- "Azentu grafiko desagerkariaren" afera zeharo nahasgarri hori, zeinean
azentu grafikoa daraman izen berezi batek, deklinatzean, Euskaltzaindiaren
erabakiz azentu grafikoa galdu egiten baitu. Adibidea: "Castejón", baina
"Castejongo udaletxea" (ikus Euskaltzaindiaren 155. araua).
Euskaraz hitz batzuen hasierako "e" hori epentetikoa izateak azalpen bat
ematen digu hitz horien jatorri eta bilakabideari buruz, baina... "e" hori
hitzaren osagai den unetik aurrera, osagai finkoa da ala "kolokakoa"?
"Kolokako hizki" bezala tratatzea, nire ustez, goiko zerrendakoei zailtasun
berri eta antzu bat eranstea da.
Azken batean, hemen jokoan dagoena da "euskara zuzena" definitzen duten
arauak bete daitezen lortzeko bideak jartzea. Eta, horretan, lehen urratsa
da betetzen ahalik eta errazen izango diren arauak egitea. Hori ez da
errazkeriaren inolako apologiarik egitea. Da, besterik gabe, arau ahalik
eta erregularrenen, "salbuespenik gabeenen", aldeko apustua egitea,
horretarako heldulekua badagoenean (kasu honetan bezala, nire ustez). Eta
hizkuntza-kontuetan dihardugunok gure bolizko dorreetatik
hiztun-komunitatea eta bere beharrizanak aintzat hartzea.
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20131113/cf552d14/attachment.html>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago