[itzul] Media aritmética
jon-agirre a bildua ej-gv.es
jon-agirre a bildua ej-gv.es
Or, Urr 11, 12:03:39, CEST 2013
"Esku hartze ala esku-hartze?" zela eta:
<<Baina beste kasu batzuetan, pentsatu beharra dago (hori da gure interpretazioa, behintzat) Hiztegi Batuan ahaztu egin zaiela aukera biak esplizitatzea (adibidez, 'esku-hartu' da aukera bakarra Hiztegi Batuan).>>
(Alfontso Mujika, 2006-06-14)
"Media (aritmética)" dela eta:
<<adibidez, "angeluzuzen" izenondoa halaxe arautu da, "Mat." markarekin, eta ez bestela legokiokeen "angelu-zuzen edo angeluzuzen" forman, "adar-motz edo adarmotz" arautu den bezala>>
(Alfontso Mujika, 2013-10-10)
Ni neu, adosago nago orain diozunarekin. Ezin dut normaltzat onartu Akademiari "ahaztu" egin zaiola eta hainbeste denboran zuzendu gabe jarraitzen duela. Zehatzagoa eta zorrotzagoa izan behar du, eta, ez bada, halakotzat hartu behar dugu, zehatzagoa eta zorrotzagoa izanarazteko, besterik ez bada. Hau da, araua arau da baina Hiztegi Batua arauaren konkrezio bat da, beraz arauaren salbuespenak ezartzen dituena, nire iritziz.
<< Baina Euskaltzaindiaren hiztegian, berriz, garbi ageri da "batez besteko" izenlaguna dela >>
(Alfontso Mujika, 2013-10-10)
Nik esango nuke Euskaltzaindiaren hiztegian garbi ageri dela izenlaguna badela. Hau da, Euskaltzaindiaren hiztegia ez da osoa, gauza asko falta zaizkio, beraz iz. (oraindik) falta duelako ezingo da ondorioztatu izena ez denik, izenlaguna badela baino. Lotuta idaztea Hiztegi Batura pasatzen bada, beste kontu bat izango da, baina gaurkoz ez da hala. Nik, hala ere, ia euskaldun guztiok bezala, argitaratutakoa baino ez dakit. Are gehiago, argitara emandakoa baino ez zait existitzen.
Jon
From: Alfontso Mujika Etxeberria [mailto:a.mujika a bildua elhuyar.com]
Sent: osteguna, 2013.eko urriak 10 17:20
To: ItzuL
Subject: Re: [itzul] Media aritmética
Ez da harritzekoa zalantza egitea, Hiztegi Batua ikusita. Dena dela, uste dut gauzak nahiko argi daudela, testu teknikoak idatzi ohi dituztenen artean behintzat.
Hiztegi Batuak "batez besteko" emateak ez du, berez, bidea ixten, ez aukerak agortzen. Adiera arrunterako grafia "batez besteko" dela esan du Hiztegi Batuak, ez besterik. Hiztegi Batua ez dagokio terminologiari, eta, horregatik, adibidez, ez diote "Mat." erabilera-marka ezarri (adibidez, "angeluzuzen" izenondoa halaxe arautu da, "Mat." markarekin, eta ez bestela legokiokeen "angelu-zuzen edo angeluzuzen" forman, "adar-motz edo adarmotz" arautu den bezala).
"batez besteko" azpisarrera da HBn; "bat" sarreraren azpian ageri da, eta, horregatik, ez du kategoria-markarik (HBren lehen bertsioan sistematikoki jokatu du hola Euskaltzaindiak azpisarrerekin, hau da, ez die kategoria esplizitatu. Iritsiko zaie txanda).
Baina Euskaltzaindiaren hiztegian, berriz, garbi ageri da "batez besteko" izenlaguna dela. Hona hemen:
batez besteko izlag. Euskal Herriko biztanleen batez besteko diru sarrerak. Batez besteko kopurua.
Testu teknikoetan, "batezbesteko" izena erabili ohi da, bitxia delako, besteak beste, izen bat bi hitzez osatua egotea. Halakoak, tradizioan, lexikalizatu eta loturik idaztea da joera, hala nola HBn bertan dauden "supizteko" edo "bihortzeko" izenak bezala, jatorrian "su pizteko X" edo "bi hortzeko X" izan zitezkeenak (sail horretan koka liteke HBn dagoen "kortxo-kentzeko" sarrera ere).
Testu teknikoetan "batezbesteko aritmetiko" eta "batezbesteko geometriko" idazten ari da euskaraz azken hogeita hamar urteotan gutxienez (1982an, Matematika hiztegia argitaratu zuen UZEIk). Eta Hiztegi Batuan agertuagatik, izena denean loturik idazten jarraitu dute zientzietako testugileek (adibidez, Hiztegi Batua argitaratu ondoren EHUko Euskara Zerbitzuak argitaratu dituen 30 liburu teknikotan "batezbesteko" loturik idatzi da), eta hala ageri da Elhuyarrek argitaratutako Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoan ere.
Bestalde, Euskaltzaindiak Zientzia eta Teknika Hiztegia Biltzeko egitasmoa eratzea erabaki zuen 2007an, arlo horietako hitz oinarrizkoak bildu eta, aztertu ondoren, Hiztegi Batuan txertatzeko. Lantalde horren lehen emaitzak matematikako eta fisikako hitz-zerrendak dira: udaberrian aurkeztu zitzaizkion Euskaltzaindiaren Osoko Biltzarrari eta, maiatzaren 31ko eta ekainaren 28ko bileretan, Euskaltzaindiak onartu egin zituen. Zerrenda horiek argitaratze bidean daude, eta, aurrerago, Euskaltzaindiaren hiztegira eta Hiztegi Batura bilduko dira. Euskaltzaindiak onartutako zerrenda horietan, matematikan, hiru sarrera hauek daude:
batezbesteko (kategoria: izena)
batezbesteko aritmetiko
batezbesteko geometriko
Alfontso Mujika Etxeberria
2013/10/10 <jon-agirre a bildua ej-gv.es>
'Batez bestekoa' ez dago batera idaztearen beharrean izen moduan jarduteko. Ez dakit zer adibide jarri, baina , hara: ' gure lekukoa' (=gure tokiko jendea) eta 'gurelekukoa' (auzitegian) hala idatzita bereizten hasiko bagina bezala ikusten dut. 'Batez besteko adina' (izlag. + iz.) edo 'batez besteko geometrikoa' (iz. + izond.) nork ez ditu bereizten? Garai batean (baldin) bagara eta (bai) ba gara bereiz idatzi behar zela aldarrikatzen zen, bereiztearren. Euskaltzaindiak ezetz esan zuen, eta ez dago ulertzeko arazorik. Berdin 'batez besteko'-rekin. Bereiztitisa osatu egiten da, zorionez.
Jon
From: Josu Garate [mailto:josugarate a bildua gmail.com]
Sent: osteguna, 2013.eko urriak 10 14:22
To: ItzuL
Subject: [itzul] Media aritmética
Kaixo,
Media (aritmética) itzuli beharra tokatu zait eta hiztegietara jo dudanean harrituta geratu naiz.
Elhuyarren eta Zehazkin: batezbesteko
Eta hiztegi batuan, berriz, batez besteko
Norbaitek eman al diezadake argibideren bat?
Josu
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20131011/0c3e4f31/attachment.html>
-------------- hurrengo zatia --------------
Testu hutsa ez zen mezu bat ezabatu egin da...
Izena: marca_outlook_justicia.jpg
Mota: image/jpeg
Tamaina: 68572 bytes
Azalpena: ez dago erabilgarri
URL : <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20131011/0c3e4f31/attachment.jpg>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago