[itzul] Da las vueltas / Itzulkina ematen du

Jabier Zabaleta euskara a bildua oriokoudala.com
Al, Urr 28, 15:13:11, CET 2013


Ederki…

Egin nuen, bai, galdera…

Bueltan, erantzun mordoa etorri da eta, arian-arian, denok ikasi dugu pixka bat (nik, bai, behintzat). Eskertzekoa, zalantzarik gabe.

Honakoak dira iritzi-truke luze samar honetan bildutako proposamenak (baliteke, ugaritasunean, bakarren bat ahaztuta geratu izana; barkatu hala bada):

- Bihurtzen du xehea

- Itzultzen ditu (diru) soberak / soberakinak

- Ordainak ematen ditu / Ematen ditu ordainak

- Itzultzen/bihurtzen/ematen du dirua

- Ematen du xehea

- Itzultzen du xehea

- Kanbiodun makina

- Itzultzen du kanbioa

- Atzerakoak ematen ditu

- Itzultzen du diru-xehea

- Itzultzen du dirua

- Hondarra itzultzen du

- Itzultzen ditu kanbioak

- Kanbioak ematen ditu

- Bueltak ematen ditu

- Itzulkina ematen du

Orain aparta ezak/n bat hortik!

:-)

Erantzun guztiak kontuan hartuta, segitzen dut pentsatzen ‘kanbio’ hitza dugula hor aukerakoena:

- Kolpean ulertzen delako (‘xehea’ baino errazago, seguruenik)

- Gipuzkoan ahoz hori esaten delako, batez ere (ustez)

- Beste euskalkietan ere erabilgarri delako

- Tradizio idatzia baduelako

Beraz, uste dut ‘Itzultzen du kanbioa’ jartzea proposatuko diodala Euskotreni.

Ondo-ondo bizi.

Jabier Zabaleta
Orioko Udaleko euskara teknikaria

 
El 28/10/2013, a les 10:58, jon-agirre a bildua ej-gv.es va escriure:

> Hiztegi Batuak dioena:
> 
> xehe 2 iz. [mugaturik erabilia] 'diru xehea': xehea bihurtu; emak xehea.
> 
> Hortik ateratzen dut 'xehea bihurtu' ordaindutakoaren soberakina
> itzultzea dela (gure kasua), eta 'emak xehea', ordainketa errazteko edo,
> txanponak eta eskuratzea. Nik esanahi biak argi eta garbi bereizten
> ditut. Gaztelaniaz 'vueltas' eta 'cambios' (nahiz eta bigarren hau
> polisemikoa den). Hortaz, bietarako balio du 'xehea' hitzak.
> 
> Jabier Zabaletak galdetu digunerako proposatuko niokeena:
> 
> Bihurtzen du xehea.
> 
> Jon
> 
> P. S.: Hala ere, esamolde txarragorik eta okerragorik asko dago
> zuzentzeko, edo euskaratzeko, "Itzulkina ematen du" aldatzen hasi
> orduko. "Da las vueltas" irakurri dudanean birak emateaz ari zela ulertu
> dut, "Itzulkina ematen du" ikusita esanahiaz konturatu arte.
> 

-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20131028/248494ba/attachment.html>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago