[itzul] ordinala non jarri sari, lehiaketa, txapelketa eta antzekoetan
Joxe Mari Berasategi
jxmbera a bildua euskaltel.net
Lar, Ots 15, 14:20:05, CET 2014
Aupa, Alfontso eta besteok,
Ondo ulertu badizut, zure pauso logikoei jarraikiz, aitortzen duzu "XV.
Ernestina Champourcin poesia-lehiaketa" dagokiola, nik jarri nituen
aukeren artean laugarrena, hain zuzen: 4. XXV. ERNESTINA CHAMPOURCIN
POESIA LEHIAKETA.
Ordea, gero diozu, 'izeneko' elidituari helduta, /erraz ateratzen dela/
Asierren aukera: "Ernestina Champourcin XV. poesia-lehiaketa".
Hortaz, aposizio baten erdian sar liteke ordinala?
Izen berezi-arrunt aposizioan, izen berezia edo arrunta (edo biak)
konplexua(k) izateak aldatzen du aposizioa egiteko modua?
Egia da multzo soil samarrekin errazago argitzen direla gauzak, baina
hori bezain egia da buruko minik handienak multzo konplexuek ematen
dizkigutela. Azpian 'edizio' dagoela ere esan du Asierrek. Ez da
harritzekoa. Gaztelaniaz ere, guri iristen zaizkigunetan behintzat,
askotan sartzen dute 'edición' hitza luze eta konplexutzat jotzen
dituzten kasuak 'goxatzeko-edo'. Areago, eta gauzak gehiago
korapilatzeko, batzuetan, sintagmaburu soil bat jarri ordez, bi jarriko
dizkizute:
XIX *CERTAMEN* PROVINCIAL "*TROFEO* SAN ANTOLÍN"
Bestalde, nik Champourcin-ena (aposizioko izen bereziduna)
itzulplazaratu baino lehen, Gotzon informazioak multzokatzeko moldeez
aritu zitzaigun, labur, baina adibide polita utzi zigun izen konplexuez
jarduteko: «10. campeonato escolar infantil y cadete femenino de futbol
sala».
Ordinala du, eta gainera 'campeonato' sintagma burua 'ondotxo hornituta'
datorkigu. Nola egin aurre hainbeste osagairi eta, batez ere, nola ordenatu?
Hona nire ariketatxoa, Gotzonek berea bota ahala egina, oraindik ere
inori gaiarekin segitzeko gogorik geratu bazaio:
*1 izen egokiena finkatu, ordinala alde batera utzita*
CAMPEONATO ESCOLAR INFANTIL Y CADETE FEMENINO DE FUTBOL SALA
Demagun, disekzioa modu desberdinetan eginda eta elementuen hurrenkera
eta lotura aukerak aztertuta, hau pentsatu dugula:
HAUR ETA KADETE MAILAKO NESKEN ARETO FUTBOLEKO ESKOLARTEKO TXAPELKETA
*2 kokatu ordinala*
Asierrek ez luke zalantzarik:
HAUR ETA KADETE MAILAKO NESKEN ARETO FUTBOLEKO ESKOLARTEKO I. TXAPELKETA
Egigun proba ordinala hasieran jarrita:
I. HAUR ETA KADETE MAILAKO NESKEN ARETO FUTBOLEKO ESKOLARTEKO TXAPELKETA
Gotzonen 2. moduan begiratuta, gelditu egingo ginateke multzo
hauetakoren bat irakurtzen amaitzean?
[I. HAUR]
[I. HAUR ETA KADETE]
[I. HAUR ETA KADETE MAILAKO]
[I. HAUR ETA KADETE MAILAKO NESKEN]
[I. HAUR ETA KADETE MAILAKO NESKEN ARETO FUTBOLEKO]
[I. HAUR ETA KADETE MAILAKO NESKEN ARETO FUTBOLEKO ESKOLARTEKO]
ala hasi eta segi egingo genuke, bizi-bizi, sintagmaburura iritsi arte?
*I. *HAUR ETA KADETE MAILAKO NESKEN ARETO FUTBOLEKO ESKOLARTEKO *TXAPELKETA*
Eta joko bagenu, baliatuz euskarak hartarako ematen digun aukera aparta,
informazio zama astazaran bietan orekatzera, sintagmaburuaren ezker-eskuin?
*I.* ESKOLARTEKO ARETO-FUTBOL *TXAPELKETA*, HAUR ETA KADETE MAILAKO NESKENA
Eta koma-tranparik gabe?
*I.* ESKOLARTEKO ARETO-FUTBOL *TXAPELKETA* HAUR ETA KADETE MAILAKO NESKENA
Galdera askotxo, aukeran, baina ...
Xabierrek ere sinestu zuen, noizbait, jakintsuagotzen gaituen zalantza
orokorraren baitan.
Honaino iritsi bazara, itzulkide, ez duzu meritu makala!
Joxe Mari Berasategi
Gasteiz
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20140215/cd419895/attachment.html>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago