[itzul] Pigmentu baten izena (artea)

Amaia Apalauza amaia.apalauza a bildua gmail.com
Ost, Ira 17, 15:31:11, CEST 2014


Arratsalde on:

Lagun bat artearen alorreko testu bat itzultzen ari da, eta zalantza hau
bidali dit, pigmentu baten izenaren inguruan:

Pigmentu baten izena ez dut inon ere aurkitu euskaraz (artearen hiztegian
ere ez), eta uste dut nik proposatu dudana ez dela egoki-egokia.

Pigmentuaren izena:
gaztelaniaz: tierra de sombra;
ingelesez: umber;
frantsesez: terre d'ombre;
italieraz: terra di ombra

Wikipediako ingelesezko bertsioaren arabera, izenaren jatorria italieraz
omen da, eta latineko umbra hitzarekin ere harremanetan egon omen daiteke.
Edonola, umbra, ombra, ombre eta sombrak "itzal" esan nahi dute, besteak
beste. Nik ordea, "lur ilun" eman nuen ordain gisa (bilaketa horiek guztiak
egin aurretik); ez dut gaizki-gaizki ikusten, baina, beste hizkuntzei
jarraituta, "itzal lurra" beharko luke, agian, baina hitzez hitzezkoegia
ikusten dut.

Pigmentuaren beste izen bat da terra d'Umbria (Italiako eskualde baten
izena, pigmentua handik ateratzen zen). Beste aukera bat litzateke izen
horretan oinarrituta ematea ordaina, baina beste hizkuntzetan ez da hala
egin: gaztelaniaz ez da erabiltzen, ingelesez ere italierakoaren itzulpen
gisa baino ez, frantsesez ez...

Zer diozue?
Esker mila, aldez aurretik!
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20140917/caef2917/attachment.html>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago