[itzul] FW: Crowdfundig

Xabier Aristegieta allurritza a bildua gmail.com
Ast, Mar 12, 19:16:32, CET 2015


Zer du txarretik "crowdfunding-a" idazteak?

Hainbatetan entzuten –eta esaten– dugu euskarak bere bidea egin behar
duela, bere berezitasunak dituelako, ez dugula beste hizkuntzetako arauen
morroi ibili behar, eta abar.

Nik galdetzen dut: euskararen bereizgarrietako bat bada izen bati
atzealdean kasu-marka jartzen zaiola (kasu-marka baino areago ere: beste
hizkuntzetako preposizioen ordain peto-petoa eta, alde horretatik, esate
baterako alemana bezalako hizkuntza baten deklinazioak baino zeregin
semantiko pisutsuagoko elementua), eta euskararen bereizgarri den horrek
bereizte-problema batzuk sortzen baditu beste hizkuntza bateko hitz bati
lotzean, zergatik ez argi utzi, marratxo apal baten bidez, noraino iristen
den hitza eta noraino kasu-marka? Zer du horrek txarretik, hasieran galdetu
dudan bezala?

Etxepare Institutuaren webgunean honako izenburudun albistea jarri zuten
atzo (letra larriz):

"KONSTANZEN ETA MEXIKO DFN EUSKARA ETA EUSKAL KULTURAKO IRAKURLEAK
HAUTATZEKO DEIALDIA"

"DFN" hori pentsatzekoa da "DF-N" edo "DFn" izango dela (alegia, Distrito
Federal-en).

Letra larriz idatzitako hitz batekiko bereizketa ikusaraz daiteke, bai,
xehez idatziz kasu-marka, baina ez, jakina, kasuko hitza ere letra xehez
idatzita agertzen bada (goiko "crowdfunding"ean gertatzen den bezalaxe).

Burura datorkidan beste adibide bat: Euskal Herriko Unibertsitateak
argitaratutako liburu bat, honako izenburu hau daramana (izenburu hori ere
oso-osorik letra larriz idatzita): "RAEMAEKERSEN MARRAZKIAK". Ez dut
ulertzen zergatik euskal irakurleari ez diogun irakurketa-lana (eta izenak
identifikatzeko lana) pixka bat samurtzen, eta "RAEMAEKERS-EN MARRAZKIAK",
edo "Raemaekers-en marrazkiak", idazten.

"Crowdfunding"arekin ere, ez dut ulertzen zer balizko desabantaila duen,
norberaren zentzu estetiko guztiz errespetagarri baina halaber
objektibagaitza tartean sartzen ez badugu behintzat, "crowdfunding-a"
idazteak, eta zer balizko abantaila, ordea, "crowdfundinga" idazteak.
Zeren, horretara ezkero, Hiztegi Batuak "marketina ikasten du" idaztera
behartzen gaituen bezala, ederki galdegin genezake zergatik ez
"crowdfundina" idatzi. Eta jatorrizko ortografía kasu batzuetan aldatzen
hasiz gero, beste kasu batzuetan ere aldatzea plantea liteke: zergatik
"software", eta ez "softuer", adibidez?

Azken batean, horrelako jokabideak gauza batera besterik ez gaitu eramaten,
nire ustez: atzerriko hizkuntza bateko hitz-mota bakoitzeko (eta hitz-mota
horiek sistematika minimo batez sailkatzeko ere, komeria ederrak) arau
bana eman behar izatera (batzuek) eta ikasi behar izatera (besteok). Zenbat
arau egin/ikasi beharko genituzke horrela jokatuz gero? Bideragarria
litzateke horrela jokatzea? Alegia, horrelako arauak betearazgarriak al
lirateke? Ez al da mila bider sinpleagoa kasuko hitza jatorrizko hizkuntzan
idatzita datorkigun moduan onartzea, eta sistematikoki marratxo bat jarriz
lotzea kasu-markarekin/bereiztea kasu-markatik?

Xabier

<jon-agirre a bildua euskadi.eus> igorleak hau idatzi zuen (2015(e)ko martxoak 12
17:57):

> Proba
>
> -----Jatorrizko mezua-----
> From: Agirre Garai, Jon
> Sent: ostirala, 2015.eko otsailak 27 12:21
> To: 'ItzuL'
> Subject: RE: [itzul] Crowdfundig
>
> "Crowdfunding-a" ez nuke erabiliko. Gutxiago horrela idatzita; izatekotan
> ere, 'crowdfundinga', baina ezta ere. Finantzaketa modu hori Euskal Herrian
> darabilgu hitz ingelesa bera asmatu aurretik. Beraz, sobran dago, nire
> iritziz. Herri finantzaketa edo mikromezenasgoa edo finantzaketa kolektiboa
> edo euskaraz erabilgarriagoa den zerbait baliatuko nuke.
>
> -----Jatorrizko mezua-----
> From: Iñigo [mailto:kortazarinigo a bildua gmail.com]
> Sent: ostirala, 2015.eko otsailak 27 11:12
> To: itzul a bildua postaria.com
> Subject: [itzul] Crowdfundig
>
> Ba al dakizue hainbat crowdfunding mota dagoela?
>
> Crowdfunding de donación = dohaintza bidezko crowdfunding-a Crowdfunding
> de recompensa = ordainsari bidezko crowdfunding-a Crowdfunding de inversión
> = inbertsiorako crowdfunding-a edo akzio bidezko crowdfunding-a
> Crowdfunding de préstamo = mailegu bidezko crowdfunding-a
>
> Itzulpenak zuzenak iruditzen zaizkizue?
>
>
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20150312/effa1689/attachment.html>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago