[itzul] Diversidad funcional
Xabier Aristegieta
allurritza a bildua gmail.com
As, Ira 12, 15:16:18, CEST 2017
Joan den asteko Argia aldizkarian artikulu interesgarri bat
<http://www.argia.eus/argia-astekaria/2564/aniztasun-funtzionala-duten-emakumeak>
irakurri
nuen, gai horrek emakumezkoen kasu zehatzean dituen zenbait berezitasun
jorratzen zituena.
Kontua da artikulugileak uneoro "aniztasun funtzional" espresioa darabilela
euskaraz, eta horrekiko nire desadostasuna adierazi nahi nukeela.
Zehazki, kasu horretan "aniztasun" hitza erabiltzearekin.
Orain dela ia hiru urte, Maite Imazek berariaz aztertu zuen
<https://31eskutik.com/2014/12/01/diversidad-funcional/> mezu honen
izenburuko espresioa, "31 eskutik" blogean.
Euskaltermek "dibertsitate funtzional" proposatzen du, nahiz eta
ponderazio-markarik gabe.
Argi dagoenez, "diversidad funcional" espresio eufemistiko bat da, hizkera
politikoki/sozialki zuzenaren esparrukoa. Itzultzaile bezala ez dagokit
ezbaian jartzea hizkera politikoki/sozialki zuzen horren erabilera, baizik
eta sorburu-testuan halakorik aurkituz gero xede testura hizkera hori
ekartzeko modurik onena aurkitzea (itzultzaile-zereginetatik kanpo, noski,
kasu batzuetan –eta oraingo hau horietako bat da– zer pentsatua ematen dit
horrelako espresio "desproblematizatzaile" bat erabili nahi izateak, hain
zuzen ere esparru horretan diharduten elkarteak problema jakin bati aurre
egiteko sortzen direnean, erakunde publikoen eta gizartearen arreta osoa
eskatzen duen egoera bati aurre egiteko sortzen direnean.
Nire ustez, arazoaren muina da askotan honako automatismo hau aplikatzen
dela: diversidad = aniztasun. Eta automatismo hori burutik kendu beharra
dago.
Izan ere, gaztelaniazko "diversidad" hitzak bi zentzu nagusi dauzka,
DRAEren arabera (irakurri, arren, Maite Imazen artikulu hori):
1.- Variedad, desemejanza, diferencia.
2.- Abundancia, gran cantidad de varias cosas distintas.
Gaztelaniaz "las personas con diversidad funcional" esaten denean (oker
banago, norbaitek esan diezadala, arren), "las personas que son
funcionalmente diferentes" esan nahi da, "minusválidas" edo
"discapacitadas" ez erabiltzearren. Alegia, gutxiagotasunezko esanahi bat
adierazi ordez, persona horien bestelakotasuna azpimarratzea bilatzen da,
balorazio negatiborik gabeko espresio baten bidez. Horrek esan nahi du kasu
honetan "diversidad" hitza bere lehenengo adierarekin erabiltzen dela.
Baina euskaraz pertsona batek aniztasun funtzionala baldin badu, horrek
esan nahi du funtzio asko dituela. Eta hori ere egia da, noski, baina ez da
ideia hori adierazi nahi izaten dena "diversidad funcional"ekin, baizik eta
funtzio konkretu batean desberdina dela (adibidez, "diversidad funcional
visual"). Horregatik, nire ustez "aniztasun" zeharo lekuz kanpo dago hor.
"Desberdintasun funtzional" beharko luke. Edo hobeto, oraindik:
"bestelakotasun funtzional", horrexek adierazten baitu hobekien eufemismo
horren bidez adierazi nahi dena: ez direla funtzionalki ez hobeak eta ez
okerragoak, baizik eta bestelakoak.
Xabier Aristegieta
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20170912/3e0b6f47/attachment-0001.html>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago