[itzul] "Poesiaren Nazioarteko Eguna"

Xabier Aristegieta allurritza a bildua gmail.com
Ast, Mar 23, 18:43:11, CET 2023


Portaera-kontuei buruz arituz, ahaztu egin zitzaidan Alfontsori erantzutea.

Proposatzen duzun "Poesiaren Mundu Eguna"  guztiz zuzena da, noski. Are
gehiago esanda: adjektibo erreferentzialak euskaratzeko, ez dagoenean
euskaraz esanahi bereko adjektibo erreferentzialik, printzipioz jorratu
beharreko bidea hitz-elkartearena iruditzen zait, eta ez izenlagunarena.
Izenlagunaren erabilera neurrigabea dugu-eta, nire ustez, euskarazko
testugintzako alderdi problematikoenetako bat, katramila-mordo bat ekarri
ohi dituena. Enfasi handiz esan nahi dut hori.

Zer problema ikusten diot, orduan, "mundu-egun"i? Bi izenen arteko erlazio
semantiko ilun samarra: zer da "mundu-egun" bat? Tira, ziur nago
erabileraren poderioz azkenean ohituko ginatekeela, baina, nolanahi ere,
horixe nire zalantza. "Mundu-bira" espresioan, esate baterako, bi izenen
arteko erlazio semantikoa dezentez gardenagoa, intuitiboki ulergarriagoa,
iruditzen zait "mundu-egun"ekoa baino.

Euskaltzaindiak berak, bere 25. arauan (*Hitz elkartuen osaera eta idazkera*),
hauxe dio:

"Askotan eta egoki balia daitekeen hitz-elkarketak ere baditu, ordea, bere
mugak. Osagaien arteko erlazio ilunak direla medio, mezu-hartzailearentzat
ulergaitz gerta daiteke hainbat kasutan hitz elkartua. Hobe da kasu hauetan
eraikuntza sintaktiko libreetara jo, argitasunaren mesedetan: *unibertsitateko
irakasleak, merkatuaren bilakaera, udaletxeen antolamendua edo
elizbarrutiko museoa *esan eta idatz dezagun halakoetan,
*unibertsitate-irakasleak,
merkatu-bilakaera, udaletxe-antolamendua edo elizbarruti-museo *modukoetara
lerratu gabe".

Horregatik iruditu zait *mundu-egun *aise sar zitekeela "osagaien arteko
erlazio ilun"ekotzat jo daitezkeen hitz-elkarteen multzoan, iluntasunean
are gainditu egiten ditu-eta Euskaltzaindiak aipatzen dituen adibide horiek
ere.

Eta halaxe iruditu bide zaio ni ez besteri ere. Euskalterm-ek hauek
jasotzen ditu, besteak beste:

Munduko Bankua - Banco Mundial (4. ponderazio-marka)
Munduko ekonomia - economía mundial (4. ponderazio-marka)
Munduko Federazio Sindikala - Federación Sindical Mundial (4.
ponderazio-marka)
Munduko merkataritza - Comercio mundial (4. ponderazio-marka)
Munduko Meteorologia Erakundea - Organización Meteorológica Mundial (4.
ponderazio-marka)
... eta abar.

(Dena den, esan beharra dago baten bat okerra dela: "Unión Mundial de
Ciegos"erako, ponderazio-markarik gabe bada ere, "Munduko Itsuen Batasuna"
proposatzen du, halako moldez non, euskarazkoan, *itsuak *diren mundukoak,
nahiz eta gaztelaniazkoan *batasuna *den mundukoa, ez itsuak).


Xabier Aristegieta

Hau idatzi du Alfontso Mujika Etxeberria (a.mujika a bildua elhuyar.eus)
erabiltzaileak (2023 mar. 21(a), ar. (13:04)):

> Erdaretako *mundial/mondiale/world* hitza euskaratzeko zalantza
> “nazioarte” edo “mundu” hitzen inguruan planteatu du Inaki Inurrietak
> (garbi dago bata zein bestea “egun” izenari dagozkiola eta ez “poesia”
> izenari). Hori baldin bada gaia, hor dugu hitz-elkarketaren aukera,
> frankotan erabilia:
>
> *Ingurumenaren Mundu Eguna*
>
> *Osasunaren Mundu Erakundea*
>
> *Euskal Mundu Biltzarra*
>
> *Bigarren Mundu Gerra*
>
> *Lanaren Mundu Konfederazioa*
>
> *Dopinaren kontrako Mundu Agentzia*
>
> *Elikagaien Mundu Programa*
>
> *Naturarentzako Mundu Funtsa*
>
> *UNESCOren mundo-geoparke*
>
> (…)
>
> Alegia, *Poesiaren Mundu Eguna*.
>
> (*Poesiaren Mundu Eguna* bezain egokia da, eraketari dagokionez, *Poesiaren
> Nazioarteko Eguna*, jakina. Uste dut Inakik plazaratu duen gaia hori
> dela, ez besterik)
>
> Hau idatzi du Xabier Aristegieta (allurritza a bildua gmail.com) erabiltzaileak
> (2023 mar. 21(a), ar. (12:46)):
>
>> Euskaraz bai "nazioarte" bai "mundu" kontzeptuak existitzen direlarik,
>> eta "día mundial" kontzeptuak "mundu" kontzeptuari eta ez "nazioarte"ri
>> erreferentzia egiten diolarik, (bi kontzeptuok nahi bezain elkarren
>> hurbilekoak direla ere), galdera litzateke, nire ustez, zergatik hautatzen
>> den "nazioarteko" "mundu"ren ordez.
>>
>> Badirudi erantzuna nahiko argia dela: "Munduko" izenlagunarekin esanahi
>> aizunak sortzen direlako:
>> Munduko Poesiaren Eguna: "Munduko poesia".
>> Poesiaren Munduko Eguna: "Poesiaren Mundua".
>> Mundial: sekulakoa, oso ona (euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera).
>>
>> Tira, "nazioarteko" ere bada esanahi aizun bat, "mundu" kontzepturako, ez?
>>
>> Nik "Munduaren Poesia Eguna" erabiliko nuke.
>>
>> Xabier Aristegieta
>>
>>
>>
>> Hau idatzi du Fernando Rey (fernando.rey a bildua unavarra.es) erabiltzaileak
>> (2023 mar. 21(a), ar. (12:19)):
>>
>>> Nik uste oso ongi dagoela "Poesiaren Nazioarteko Eguna".
>>>
>>> Nazioarteko Poesiaren Eguna desegokia da nire ustez, Nazioarteko
>>> Emakumearen Eguna desegokia den bezala (Emakumearen Nazioarteko Eguna behar
>>> du, ezta?)
>>>
>>> Fernando Rey
>>>
>>>
>>> El 21/03/2023 a las 12:15, Inaki Inurrieta escribió:
>>>
>>> Halaxe izendatu du EIZIEk egun hau gaurko mezuan.
>>> Beste era hauek ere erabili izan dira euskaraz:
>>> Nazioarteko Poesiaren Eguna, Poesiaren Munduko Eguna, Poesiaren Mundu
>>> Eguna, Munduko Poesiaren Eguna...
>>> Beste hizkuntza batzuetan, era bakarra erabili ohi da egun hori
>>> izendatzeko:
>>> Ingelesez, World Poetry Day
>>> Frantsesez, Journée Mondiale de la Poésie
>>> Alemanez, Welttag der Poesie
>>> Espainieraz, Día Mundial de la Poesía
>>> Lau horietan, Mundua aipatzen dute, ez Nazioartea. Zer deritzozue?
>>> Adostuko al genuke izendatzeko modu bakarra?
>>>
>>> --
>>> Iñaki Iñurrieta
>>>
>>>
>
> --
> <https://www.elhuyar.eus/>
>
> *Alfontso Mujika Etxeberria*
>
> *Hizkuntza eta Teknologia*
>
>
> Zelai Haundi 3 - Osinalde industrialdea
>
> 20170 Usurbil (Gipuzkoa)
>
> Tel.: (+34) 943 36 30 40 | Luzp.: 217
>
> a.mujika a bildua elhuyar.eus |  <a.mujika a bildua elhuyar.eus>*www.elhuyar.eus*
> <https://www.elhuyar.eus/>
>
>
>
>
> Mezu elektroniko honek INFORMAZIO KONFIDENTZIALA DU, ETA DEBEKATUTA DAGO
> INFORMAZIO HORI ZABALTZEA. Akats baten ondorioz jaso baduzu eta hartzailea
> zu ez bazara, mesedez, deitu 943363040 telefonora, eta ez zabaldu, gorde
> edo kopiatu mezu honen edukirik.
> Zure datu pertsonalak, zeinak ager baitaitezke mezu elektroniko honetan
> edo atxikitako dokumentazioan, ELHUYARek tratatzen ditu, aldeen arteko
> harreman juridikoa kudeatzeko. Zure datuak tratatzearen kontra egin nahi
> baduzu, datuetara sartu nahi baduzu, haiek zuzendu edo ezabatu nahi
> badituzu, edo datuak babesteari buruzko araudi aplikagarrian jasotako
> eskubideak baliatu nahi badituzu, idatzi goian adierazitako helbidera edo
> helbide elektroniko honetara datuensegurtasuna a bildua elhuyar.eus
>
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20230323/2e7f2dae/attachment-0001.htm>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago