[itzul] anaforen koherentziaz

Xabier Aristegieta allurritza a bildua gmail.com
Ast, Maiatza 23, 11:34:22, CEST 2024


Ez da batere koherentea, eta ez da kasu bakarra anaforaren alorrean!

Zenbat bider ez ote dudan topo egin, "esta ley y las disposiciones que la
desarrollan" emateko, "lege hau eta hura garatzen duten xedapenak" bezalako
itzulpenekin! ("lege hau eta hura"?????)

Beste behin, honekin:

*Foru lege hau hura babestu zuten talde parlamentarioen eta gure erkidegoko
LGTBI+ elkarteen arteko adostasunetik sortu zen ("Esta ley foral, nacida
del consenso entre los Grupos Parlamentarios que la apoyaron y las
asociaciones LGTBI + de nuestra Comunidad,...").*


Okerrena ez da inkoherentzia formal bat dela; okerrena da erreferente
desberdinak iradokitzen direla horrela: ezen "hau", bistan da, ez da
"hura". Eta, Oskarrek aipaturiko adibideari heldurik, "horiek" ez dira
"haiek".


Kontu honetaz arituak gara Itzulist-en lehenago ere; bi aldiz bai,
gutxienez.


Garrantzitsuena iruditzen zait argi edukitzea gai honetan euskaraz ez
dagoela, anaforarentzat, "berezko" erakusle zuzenik eta "berezko" erakusle
okerrik. Norbaitek gai honetan jokabide konbentzional bat finkatzeko
beharra ikusi bide du, eta hortik dator erakusle bakoitzari esleitu nahi
izan zaion anafora- edo katafora-balioa (nik ez daukat hain garbi behar
hori dagoenik, baldin kasuan kasuko testuan argi geratzen bada zein den
erabilitako erakuslearen erreferentea), eta hortik ere, hizpide dugun
katramila hau, "konbentzio" horren bultzatzaileek ez bide zutelako
aurreikusi problema hau.


Euskaltzaindiaren hiztegiak berak, bigarren argitaraldian (2016)
(zuri-berdez paperean inprimaturiko bi liburuki haietaz ari naiz), "hau"ren
2. adieran ohar hau jasotzen zuen:


*Hizketaldi batean, aipatu berri den pertsona edo gauza adierazteko *(berriro
diot: "hau"ri buruz ari da).


eta "ik. hori", jarraian.


Eta adibide hauek, ondoren*: Kulpa gabe inor ez da, hau da segur egia.
Ongia egin behar delako legea denek onartzen dute; honetan denak datoz bat*


Azpimarratzen dut: hamar urte ere ez dituen hiztegi batek dioena. Norena
eta Euskaltzaindiarena.


Xabier Aristegieta



Hau idatzi du oskar arana (oskar.arana a bildua gmail.com) erabiltzaileak (2024 mai.
23(a), og. (09:17)):

> Testu batean, hau aurkitu dut:
>
> "Ogasun Nagusiak diruzaintzaren aurrerakinak eskatu ahal izango dizkie
> foru-aldundiei (...). Aurrerakin horiek mugaeguneratzean itzuli beharko
> dira, eta, edozelan ere, haiek eskatu diren aurrekontu-ekitaldia amaitzean."
>
> Hor, erreferente bera, bi eratara berreskuratu da esaldi berean:
> "aurrerakin horiek" eta "haiek". Eta esango nuke estandarrerako proposatzen
> den sistema aplikatuz gertatzen dela hori, oker ez banago. Baina koherentea
> da?
>
> Oskar.
>
>
>
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20240523/f4565186/attachment-0001.htm>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago