[itzul] INCUMPLIR
Alfontso Mujika Etxeberria
mujikaetxeberriaa a bildua gmail.com
As, Urt 20, 18:49:37, CET 2026
Ni ez naiz zuzenbidean aditua, eta iritzia ematean irrist egiteko arriskua
hartzen ari naiz. Arrisku hori hartuta, esango nuke *incumplir* eta
*vulnerar* ez direla erabat sinonimo, testuinguru batzuetan hala jokatzen
badute ere, eta legelariek arduraz zaindu ohi dituzten ñabardura juridiko
desberdinak dituztela.
Egin beharrekoa ez egitea adierazten du *incumplir* aditzak, hau da,
betebeharrari ez ekiteak edo behar den bezala ez egiteak du hor garrantzia.
Ohikoa da administrazio-zuzenbidean, merkataritza-zuzenbidean eta zuzenbide
zibilean, batez ere kontratuei, eginbeharrei eta obligazioei
dagokienez: *kontratua
ez betetzea, epea ez betetzea, zerga-betebehar bat ez betetzea*.
Eskubideak, printzipioak, bermeak edo goi-mailako arauak urratzea edo
haustea adierazten du *vulnerar* aditzak (baita *violar* aditzak ere), eta
oso ohikoa da oinarrizko eskubideen arloan, konstituzio-zuzenbidean,
nazioarteko zuzenbidean eta zigor-zuzenbidean, batez ere eskubideren bati
edo babestuta dagoen balioren bati kalte egiteari dagokionez.
Horrelakoetan, *eskubideak haustea, berdintasunaren printzipioa urratzea,
Konstituzioa urratzea* gisakoak baliatu ohi dira.
Horregatik, idazkera juridikoan, *kontratua ez betetzea* erabili ohi da
(eta ez *kontratua haustea/urratzea*); eta, bestalde, *oinarrizko
eskubideren bat urratzea*, eta ez *oinarrizko eskubideren bat ez betetzea*.
Zenbait testuingurutan, biak batera gerta litezke. Adibidez, esan liteke
gardentasun-betebeharra *ez betetzeak* ekar lezakeela informaziorako
irispide-eskubidea *urratzea*.
El mar, 20 ene 2026 a las 10:56, Xabier Aristegieta (<allurritza a bildua gmail.com>)
escribió:
> Begien aurretik pasatzen zaizkidan testuetan, edonon eta edonoiz ari naiz
> ikusten *incumplimiento *"ez-betetze" euskaratzen dutela, eta *se
> incumple la norma, *"araua ez da betetzen".
>
> Ez dakit inertzia hutsez eginiko itzulpenak ote diren (tira, neurri
> handiago edo txikiagoan denok izaten gara inertzien morroi) ala nolabait
> jotzen den ezen arau bat *betetzearen *eta *haustearen *artean
> balegokeela "halako tarteko puntu" bat, zeinean arau ez-betetze bat egiten
> den baina arau hori urratzera edo haustera iritsi gabe.
>
> Nik uste dut argi dagoela kasuen % 99,9an (badaezpada ere ez dut "% 100"
> jarriko) ez dela halako tartebiderik existitzen, eta *incumplir* esaten
> denean *vulnerar* esan nahi dela, bete-betean.
>
> DRAEn begiratuta, *incumplir = no cumplir *(eskerrik asko, DRAE!) dela
> argitzen digu, baina jarraian sinonimotzat jartzen ditu, besteak beste, *quebrantar,
> infringir, vulnerar, contravenir *eta abar.
>
> Beraz, *incumplir *ez da *cumplir *eta *vulnerar*-en arteko inolako
> tartebiderik, euskal itzultzaileak *ez bete* hori erabiliz euskarazko
> testuan literalki eutsi beharrekorik: esan nahi du *araua hautsi edo
> urratzea. *
>
> Eta gainera, askoz ere hobeto moldatuko ginateke baiezkoan dagoen aditz
> bat (*araua hautsi, urratu, arau-hauste, urraketa*) erabiliz, ezezko
> horrekin (*ez bete) *tematuz baino:
>
> a) Batetik, "usted ha incumplido una norma" esanez norbaiti egintza bat
> aurpegiratzen zaiolako, eta ez "ez-egintza" bat.
> b) Bestetik, eta batez ere, baiezko aditzak konbinaerraztasun handiagoa
> ahalbidetzen duelako: *sistematikoki ez betetze* askoz ere lanbrotsuagoa
> da *incumplir sistemáticamente *baino. Lanbrotsuagoa edo, zuzen-zuzenean,
> esanahiz desberdina: *sistematikoki ez betetzeak* esan nahi du bete
> egiten dela, baina ez modu sistematikoan. *Egunero ez etortzea* esaten
> dugunean bezalaxe: *egunero ez etortzea* ez da *eguneroko ez-etortze* bat,
> baizik eta etorri egitea, bai, baina ez egunero.
>
> Xabier Aristegieta
>
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20260120/8ff2b552/attachment.htm>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago