[itzul] Esleipendun vs adjudikaziodun

Ales Bengoetxea Ales_Bengoetxea a bildua donostia.eus
Ast, Mar 26, 11:56:00, CET 2026


Egun on:

Udal langile batek kontsulta egin digu "esleipendun" hitzaren 
egokitasunari buruz. Ongi dioenez, Euskaltzaindiaren Hiztegian ez dago 
jasota "esleipendun" hitza, bai ordea, "adjudikaziodun". Langileak 
zalantza egiten du ez ote duen non edo non horri buruzko zerbait irakurri, 
"esleipendun" hitza ez dela egokia, eta horren ordez "adjudikaziodun" 
hitza erabili behar dela.

Peskizan hasita, datu hauek aurkitu ditut:

- Euskalterm-en bereizketa terminologiko bat egiten da: adjudicación = 
adjudikazio; asignación = esleipen; adjudicatario/a = adjudikaziodun
- Lexikoaren behatokian, "esleipendun" eta "adjudikaziodun", biak agertzen 
dira. EHAAtik, NAOtik eta BOEtik ateratako adibideetan "esleipendun" da 
nagusi. Deustuko Unibertsitateko eta oraingo euskaltzainburuak idatzitako 
testuetan, berriz, "adjudikaziodun"-en aldeko hautua egiten da. Egia da 
"adjudikaziodun" hitza agertzen den kasuak, batez ere oinordetzari eta 
familia zuzenbideari dagozkiola.
- Sektore Publikoko Kontratuei buruzko 9/2017 Legearen euskal bertsioan, 
"adjudikaziodun" hitza 74 aldiz agertzen da; "esleipendun" hitza, behin 
ere ez. "Esleipen" hitza, bai, 4 aldiz agertzen da, eta 4etan 
"adjudicación" hitzaren ordezko da. Testuak berak dio itzulpen horrek ez 
duela balio juridikorik.
- 2022an argitaratutako UPV/EHUko Zuzenbide Fakultatearen Hiztegi 
Juridikoan, "esleipen" (= adjudicación, asignación), "esleitzaile" (= 
adjudicador), eta "esleitu" (= adjudicar) hitzak agertzen dira. 
"Adjudikazio" hitzaren eta haren eratorrien arrastorik ez.
- Google-ri galdetuta, emaitza hauek ateratzen dira: "esleipenduna" hitzak 
412.000 emaitza inguru; "adjudikazioduna"-k, 7.790 emaitza inguru.

Zuetako norbaitek informazio argigarria gehitu dezake? Administrazio 
Publikoarentzat lan egiten duzuenok nola jokatzen duzue?

Mila esker aldez aurretik.


Ales Bengoetxea
Hizkuntza normalizatzailea

943483759
ales_bengoetxea a bildua donostia.eus - www.donostia.eus 
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20260326/6d946a18/attachment-0001.htm>
-------------- hurrengo zatia --------------
Testu hutsa ez zen mezu bat ezabatu egin da...
Izena: ez dago erabilgarri
Mota: image/jpeg
Tamaina: 38741 bytes
Azalpena: ez dago erabilgarri
URL : <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20260326/6d946a18/attachment-0002.jpe>
-------------- hurrengo zatia --------------
Testu hutsa ez zen mezu bat ezabatu egin da...
Izena: ez dago erabilgarri
Mota: image/jpeg
Tamaina: 6393 bytes
Azalpena: ez dago erabilgarri
URL : <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20260326/6d946a18/attachment-0003.jpe>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago