ER: [itzul] BATA ALA BESTEA. BATA ZEIN BESTEA

Juan Garzia Garmendia svrinsjg a bildua sv.ehu.es
Ast, Eka 17, 10:06:10, CEST 2004


NORI erabiliz gero, aditzaren argumentuen artean parte zuzen eta naitaezkoa
du. Aditzan esanahia nolakoa, eta halako ondorioak ditu horrek.

Esaterako, "giltzak galdu dizkit" oso bitxia da, Mirenen borondatea
baitirudi ia norbaiti giltzak galtzea.

"iturgin bat bidali diot", berriz, arrazoi beragatik, naturalena da, eta
beste aukera, hain zuzen, ez da bakarra: "amarenera bidali dut", niretzat,
naturalagoa da "amarengana" baino (baina nahasi samar dabiltza kasu biok
halakoetan).

"bazkaria prestatu dio aitonari" zein "prestatu du aitonarentzat", biak dira
egoki eta natural, baina aitonaren presentzia edo protagonismoa handiagoa da
NORI erabiliz gero. Izan ere, "aitonarentzat" kendu egin liteke, baina
"aitonari" nahitaeezkoa da esaldian.

"amarengandik ikasi dut" oso egokia da, eta lehen aukera dirudi. "Ikasi" eta
antzeko aditzekin NORI erabiltzea aldaera dotore-jasoa da, nik uste, baina
ez dauka aitzakiarik. Kasu honetan, molde bietan dauka presentzia handia
amak, baina galdegai delako noski (gauza bertsua genuke, hain zuzen,
aurrekoan, kasu horretan: "aitonari/aitonarentzat prestatu du bazkaria".

Lehenago ere erabili genuen eztabaidatxo bat "NORI/NORENGANA
etorri/joan/hurbildu" joskeraren inguruan, eta "amari/amarengana bidali"
horren antzeko bereizkuntza gertatzen da hor ere. Izan ere, NORENGANA ez da
NORAren aldaera baino, eta zentzu espaziala du berez. NORIk, berriz,
hurbiltze horren xede moduko bat biltzen du, eta protagonismo handiagoa
ematen kasu horretan doanari. Hala ere, kasu horretan, gramatikalki ez,
baina semantikoki naitaezkoa da NORENGANA(NORA) erreferentzia, "hurbildu"ren
ideia bete dadin. Horregatik edo, ea trukagarri dira "amari hurbildu zaio"
eta "amarengana hurbildu da".

Askotan bezala, gramatika eta semantikaz gainera, beste kontu batzuek ere
badute eragina. Besteak beste, morfologiak. Hain zuzen ere, "(amari
hurbildu) natzaio" adizkirik erabiltzen ez duenarentzat, "(ama(ren)gana)
hurbildu naiz" da aukera bakarra. Eta berdin gertatzen zaigu gehienoi
"hurbildu zatzaizkiote" ez erabiltzeko, eta guztioi-edo, jakina, "bidali nau
amarengana" erabiltzeko "bidali naio? amari"ren partez.

Jakina, aukera bakarra denean, ez dago kontrasterik.

Uf!!!!
  -----Jatorrizko mezua-----
  Nondik: itzul-bounces a bildua postaria.com
[mailto:itzul-bounces a bildua postaria.com]Honen izenean: Idoia
  Bidalia: Asteazkena, 2004.eko ekainak 16 18:39
  Nora: itzul a bildua postaria.com
  Gaia: [itzul] BATA ALA BESTEA. BATA ZEIN BESTEA


  Aupa, ea ditxosozko mezua oraingoan iristen den!

  a. Mirenek giltzak galdu dizkit
  b. Mirenek nire giltzak galdu ditu

  Jakin gura nuke noiz erabiltzen duzuen bat eta noiz bestea.
  Hau da, alderik
  ikusten diozue esanahi aldetik, ala bata zein bestea berdin
  erabiltzen
  duzue? Eta beste hauek?:

  a. Iturgin bat bidali diot amonari
  b. Iturgin bat bidali dut amonarengana

  a. Aitorrek bazkaria prestatu dio aitonari
  b. Aitorrek bazkaria prestatu du aitonarentzat

  a. Kanta hori amari ikasi diot
  b. Kanta hori amarengandik ikasi dut

  Eta abar.

  Eskerrik asko.

  Idoia
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20040617/bdffe6b3/attachment.html>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago