[itzul] Uztaila eta iraila bitartean
Alfontso Mujika
alfon a bildua elhuyar.com
Al, Api 11, 09:14:23, CEST 2005
EGLU (IV) lanean Euskaltzaindiak zer esan duen azaldu du Bittorrek. Eta,
besteak beste, honela dio:
<<<(...)ONARGARRI GERTATZEN DIREN BAKARRAK, hots, lehen juntagaiaren
ondarkia singularrekoa dutenak:
a. Gobernua eta konfederakuntzaren arteko elkarrizketak (gaitzetsi gabea)
d. Zinea eta bideoaren arteko konpetentzia latza (gaitzetsi gabea)>>>
Egia da, noski, hori esan duela Euskaltzaindiak, Bittorrek adierazi duen
bezala. Baina kontuan izan behar dugu EGLU euskararen gramatika deskriptiboa
dela, eta ez arau-emailea. Eta Euskaltzaindiak EGLU-IV lanean (1994an
argitaratua) hori esan bazuen ere, geroago, 2000. urtean, arau bat eman zuen
(111. araua: Izen-sintagmen arteko juntadura dela eta), eta, hor, EGLU-IV
obran gaitzetsi ez zituen horiek gaitzetsi egin ditu euskara baturako.
Honela dio arauaren laburpenak:
<<<Determinatzailea duten kasu-markarik gabeko izen sintagmak ezin junta
daitezke kasu markadun sintagma batekin (...) Genitibodun sintagmetan ere ez
da zilegi sintagma mugatu soila eta genitiboko sintagma juntatzea:
*Ikastolak eta gobernuaren arteko bilerak
*Irakaslea eta ikaslearen arteko harremana.>>>
Beraz, lehen juntagaiaren ondarkia singularrekoa dutenak ere debekatu egin
ditu. Arauaren azalpenean xeheago ageri da:
<<<Azken urteetako testuetan, ordea, « sintagma mugatua eta genitiboko
sintagma » egitura zabalduz doa. Bereziki deigarria gertatzen da –(r)en
artean postposizioaren erabilera (...) Gaur, aldiz, horrelakoak entzun eta
irakur ditzakegu:
*Gobernua eta sindikatuen arteko gatazka
*Gurasoak eta ikastolen arteko bilerak
Halere, kontuan izanik juntamolde berri hau ez dela hainbeste hedatu, eta
edozein modutan ez dituela tradizioko beste bi juntabideak indargabetu, EZ
DUGU USTE GOMENDATZEKOA DENIK EUSKARA BATUAN. Horien ordez, behin eta berriz
ikusi ditugun aukerak genituzke:
Gobernuaren eta sindikatuen arteko gatazka
Gurasoen eta ikastolen arteko bilerak>>>
Alfontso Mujika
Elhuyar Hizkuntz Zerbitzuak
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago