ER: [itzul] Uztaila eta iraila bitartean

Juan Garzia Garmendia svrinsjg a bildua sv.ehu.es
Al, Api 11, 11:06:41, CEST 2005


Horri erantzun behar zaio , eta horri bakarrik (luze doa, hala ere,
sentitzen dut, erantzuna), nik esango nuke bereizi behar direla, Asierrek
bezala, lekuzkoak eta denborazkoak.

Lekuzkoetan, besteak beste, toponimoekin (hots, leku-izen propioekin), aski
normala da, nik uste, absolutibozkoa:

"Orio eta Usurbil (bit)artean"

Hain ere normala, non ez baitirudi batere normalagoa, zentzu horretan,
genitibozkoa:

"??Orioren eta Usurbilen (bit)artean"

("Orioren eta Usurbilen artean (banatu dute)" egokia da, jakina, baina ez da
lekuzkoa).

Baten batek iradoki duenez, aposizio modukoa dukegu hor, elipsiz edo:

"Orio eta Usurbil (nola?, bada, haien bien) bitartean / bitarte horretan"

Izen arruntekin, berriz, nik uste, genitibozkoa da molde zuzen bakarra:

"Herriaren eta baserriaren (bit)artean (jarri dute geltokia)"

"*Herri(a) eta baserri(a)(ren) (bit)artean (jarri dute geltokia)"

Denborazkoaz zen, hala ere, hasierako galdera. Krononimoak (hots, denbora
izen propioak) ez dira, bistan da, toponimoak bezain ohikoak, eta
horregatik, beharbada, zalantza. Diratekeen apurrekin (egutegi-mugarriak
dira, zuzenago), ez da, nik uste, oso normala absolutibozkoa:

"*Eguberri/Inauteri eta Errege / Aste Santu bitartean (ditu oporrak)"
"Eguberri/Inauterietatik (hasi eta) Erregeetara / Aste Santura bitartean
(ditu oporrak)"

Mugatzailerik gabeko beste aukera adizlagunena da, baina lekuzkoa ere ez da
zuzena kasu horretan:

"*Hor eta hemen bitartean"
"Hortik (hasi eta) hona(ino) bitartean"

Denborazkoetan, arazoren bat izan dezakegu molde arruntean, adberbio
batzuekin:

"?Atzotik gaurrera bitartean" ("Atzotik hona" esaten dugu hori, ustez)

Baina absolutibozkoa ere ez dut uste batere segurua denik hor:

"??Atzo eta gaur bitartean"

Izen arrunt-arrunt eta soilik nekez aurki dezakegu, halako itxura dutenak
(herenegun?)artikulurik gabe jokatzen baitira, adberbioekin berdinduz.
Bestelakoak, izen arrunt zirurrak direnak, dudarik gabe, ez dira
absolutiboan ematekoak:

"Joan den astetik (hasi eta) datorren ostiralera bitartean"
"*Joan den aste(a) datorren ostiral(a) bitartean"

Tarteko batzuk ere berdintsu, nik uste:

"Bezperatik (hasi eta) biharamunera bitartean"
"*Bezpera eta biharamuna bitartean"

Eta zer, orduan, hilabeteen izenak badira? Bada, izen arruntak izaki, molde
arrunta dagokie ondoen noski:

"Uztailetik (hasi eta) irailera bitartean"

Eta beste moldea, berriz, mugatzailerik gabekoei dagokiena, saiatzekotan
ere, mugatzailerik gabe saiatu behar litzateke, nik uste / ezta?:

"??Uztail eta irail bitartean"

Beste kontu bat da batzuek "Uztaila" eta "Iraila", horrelaxe (-a eta guzti
eta letra larriz), izen propioak direla uste izatea; "Azpeitia eta Azkoitia"
bezala, alegia, baina denborazkoak. Hori, garbi esan dezagun, nahastea da.


-----Jatorrizko mezua-----
Nondik: itzul-bounces a bildua postaria.com
[mailto:itzul-bounces a bildua postaria.com]Honen izenean: jon-agirre a bildua ej-gv.es
Bidalia: astelehena, 2005.eko apirilak 11 09:34
Nora: itzul a bildua postaria.com
Gaia: RE: [itzul] Uztaila eta iraila bitartean



>>
arau horren arabera, diot, "uztaila eta iraila bitartean" ez dago
gaitzetsita. Gehiago: "kasu-marka bera dakarten sintagmak beti junta
daitezke"; arazoa litzateke, beraz, "bitartean" horren erabilera zuzenak '-a
eta -a bitartean' onartzen ote duen. Eta, maiztasuna gorabehera, badirudi
onartzen duela. Ezta?






ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago