[itzul] kommutazio?

Xabier Mendiguren xmendiguren a bildua elkarlanean.com
Al, Api 25, 17:44:31, CEST 2005


Behin baino gehiagotan izan dut gauza bera proposatzeko gogoa, baina 
bazterrak nahasteko beldurrak lotsarazten. Hala ere, beste bat ni baino 
ausartagoa izan denez gero, erants dezadan: ados nago; maileguak 
geureganatzeko euskal sistemari ondoen dagokiona horietan guztietan -m- 
bakarra uztea da.

xme


Gilen Mejutok:

> Badirudi "kommutazio" eta kidekoekin Euskaltzaindiak eta euskaldunok 
> oro aurrerapauso bat eman dugula, gaztelaniatik aldenduaz eta Europako 
> beste hizkuntza askoren ildoari lotuaz. Baina ez da nahikoa 
> espainieraren itxura mozorrotzea haren uztarri diglosikoa lepotik 
> astintzeko. Hobeto esplikatuko dut ikus dezazuen ezen ustezko 
> "aurrerapauso" horren azpian menpetasunak dirauela.
>
> Latinezko "m" bikoitza edo geminatua (sortzen baita "n"-z amaitutako 
> aurrizki bat eta "m"-z hasitako hitz bat elkartzean) bi silabatan 
> banatzen da, gaur italieraz egiten den bezala. Gaztelaniak elkar 
> ondoko "m"-ak egoki ahoskatzeko arazoak izaki, nonbait, aurrenekoa "n" 
> bilakarazi du askotan, silaba banaketa atxikiz: inmigrante, conmutar, 
> inmoral... Beste askotan, baina, geminatua sinplifikatu du eta silaba 
> bakarrean eman: comentario, comercial, comunicar...
>
> Jakina, euskaraz -mm- idaztearen aldekoek ez dute segur asko 
> "kommentario", "kommertzial" eta "kommunikatu" idatzi eta ahoskatzea 
> begi onez ikusiko. Baina Europako beste hizkuntzetan ohikoena da 
> aipatu bi taldeei araudi berbera aplikatzea, eta hala -mm- idatzi eta 
> "m" soila ahoskatu ohi dute (italieraz izan ezik) goiko hitz 
> guztietan.
>
> Bada euskaraz ere neurkin bakarra erabili beharko genuke horientzat 
> guztientzat: edo denak -mm- idatzi eta, logikoena dena, ahoskatu, 
> edota -m- idatzi eta ahoskatu.
>
> Nire iritziz, euskaraz latinetiko geminatuak mantendu ez direla 
> ikusirik (tt, dd, ll beste gauza bat dira), guztiak sinplifikatu 
> beharko lirateke, idatziz nahiz ahoz, eta beraz: imigrazio, komutatu, 
> imoral, komentarioa, komertzial, komunikatu...
>
>
>




ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago