[itzul] ER: ER: beherapenak
Juan Garzia Garmendia
svrinsjg a bildua sv.ehu.es
Ast, Eka 29, 10:57:32, CEST 2006
>>Izen bat behar du horrek? Bai, baina ez
>>dakit euskaraz zein izan litekeen. Gaztelaniaz bai: <<saldo>>,
>> <<oportunidades>>.
Tira ba: "merkealdi" eta "beherapen" sinonimo badira (gustuak gustu), hitz
bat falta zaigu erdarazko "saldo(s)" horren ordain (ZEHAZKIk, hala ere,
"merkaldi" ematen du horretarako ere, "descuento"rako ere "beherapen" ematen
duen moduan).
Nik sinesten ez dudana, berriz, hor norbaitek bota duen beste bat da:
prezioak "beheratu" egiten direnik. Hori esateko bada modu bat baino
gehiago, baina ez dut uste inork halakorik esango lukeenik natural. Jakina,
hor ere gaztelania kalkatu nahi da: bajar-jaitsi (dira) rebajar-beheratu
(dituzte).
Halako automatismoei apur bat kontra egiten ez badiegu, aurki osatua genuke,
lehenaz gainera, gaztelaniazko euskara. Gotzonen oharra ere, ustez, hori
seinalatzera zetorren: euskarazko esapide naturalek ez datozela beti bat
gaztelaniazkoekin, eta hori ezin dela hiztegi-kolpez konpondu beti (alde
horretatik, ez zait batere gaizki iruditzen ZEHAZKIk ez ekartzea
gaztelaniazkoen banan-banako ordainik).
Etxean ahaztu zait atzo halabeharrez irakurri nuen aldizkari bateko esaldia,
baina honelatsu zioen: "Si están rebajados o si nos hacen un descuento...".
Bakoitzak bere bertsioa zertu dezake, baina ez ahal da izango (ezta,
Xabier?) "Beheratuta badaude edo beherapen bat egiten badigute...". (Alegia,
izatekotan, "beherapen" izena dela terminoa, eta ez "beheratu" aditza).
Azken oharra "merkealdi" hitzaren osaerari eta semantikari buruz, esan diren
batzuen aurka. "Merkealdi" gaizki osatua bada aditz batean oinarriturik ez
dagoelako, "hitzaldi" ere hiztegitik kendu beharko genuke, besteak beste.
Eta "hitzaldi"k "hitz(en) garaia" esan nahi duenik ere ez dut uste.
Ez hartu, hala ere, ukoa ukalditzat.
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago