[itzul] añorgarra / añorgatarra

Alfontso Mujika alfon a bildua elhuyar.com
Ost, Maiatza 24, 09:52:56, CEST 2006


Ez dakit 'añorgar/añorgatar' balantza hori zein aldetara makurtu behar den.
Euskaltzaindiaren izendegian agertzen da, baina ez da Euskaltzaindiaren
araua. Euskaltzaindiaren arauetan agertzen direnak aztertuak eta jakinaren
gainean hautatuak izaten dira. Izendegian daudenak ez daude, guztiak, maila
berean aztertuak.

Nolanahi ere, ustekabea gutxien espero den tokian agertzen da, eta
<Betidanik Añorgan bizi garenok añorgatar esaten dugu> modukoak kontuan
hartzekoak dira, noski, baina, ahal dela, idatzizko testigantzak behar dira,
aspaldikoak, hizkuntza, askotan, uste baino azkarrago aldatzen
baita/baitugu. Oro har, herriaren izena 'a' letraz amaitzen bada, '-ar'
amaieraz egitea ohikoagoa da '-tar' egitea baino, behintzat bi silabatik
gorako herri-izenetan (adibidez, Zumarraga -> zumarragar), baina horrek
balio estatistikoa baino ez du, ez dira-eta salbuespenak falta.

Horrek aukera ematen du nolabaiteko araua inferitzeko kanpoko izenetarako
(adibidez, munduko estatuetako eta estatu-hiriburuetako herritarren izenak
erabakitzeko, arau hori erabili da: (Tirana) tiranar, (Luanda) luandar,
(Canberra) canberrar, (Viena) vienar, (Manama) manamar, (Brusela) bruselar,
(Sofia) sofiar, (Bujumbura) bujumburar, (Asmara) asmarar, (Bratislava)
bratislavar, (Ljubljana) ljubljanar,  (Addis Abeba) addisabebar, (Manila)
manilar, (Tegucigalpa) tegucigalpar, (Ottawa) ottawar, (Haban) habanar,
(Lisboa) lisboar, (Ginea) ginear, (Korea) korear, (Eritrea) eritrear... Eta
bi salbuespen daude, 'andorratar' -'andorrarra' kakofonikoa saihesteko, eta
'erromatar', tradiziozkotzat jo delako). Baina, Euskal Herrian, tokian
tokiko erabilerari erreparatu behar zaio (Astigarraga -> astigartar).

Ondarroako herritarren kasuan, nik ere ez dakit zer datutan oinarritu den
Euskaltzaindia 'ondarroar' erabakitzeko. Gaur egungo erabilera datu
garrantzitsua da, jakina, baina ez dugu pentsatu behar gaur egun
"ondarrotar/ondarrutar" esaten delako hala esango zenik beti. Euskal
literaturako testuetan denetik dago:

J.M. Etxeita bizkaitar idazleak, 'Josetxo' eleberrian, 'ondarroar' erabili
zuen.
M. Lekuonak, 'Santa Klararen kanta zahar bat' lanean, 'ondarroar' eta
'ondarruar'.
Txomin Agirrek, 'Kresala' oban, 'ondarroatar'.
Kirikiñok, 'Abarrak' lanean, 'ondarrutar'

Horrekin ez dut esan nahi testu zaharretako formei lehentasuna eman behar
zaienik, baina bai azterketarako elementu beharrezkoak direla.

Alegia, asko idatzi bai, baina konpondu, ez dut ezer konpondu.

Alfontso Mujika
Elhuyar Hizkuntza Zerbitzuak

-----Mensaje original-----
De: itzul-bounces a bildua postaria.com [mailto:itzul-bounces a bildua postaria.com]En
nombre de EGUILUZ UGARRIZA, Jose Ramon
Enviado el: miércoles, 24 de mayo de 2006 8:54
Para: ItzuL
Asunto: Re: [itzul] añorgarra / añorgatarra


Añorgar, añorgatar... Bien arteko aukera egin behar izate horrek baditu
paradoxa xelebreak, nolabait esatearren. Nik aurreko batean "añorgar" bota
nuen Euskaltzaindiaren testu batean horixe agertzen zelako hain zuzen ere,
baina ez da lehenengo aldia izango Euskaltzaindiak bat aukeratu eta herri
horretako zein inguruko herrietako euskal hiztunek kontrakoa erabiltzen
dutela, eta Euskaltzaindiak aukeratutakoa sarri arrotz egiten zaiela.
Horren adibide argia "ondarroar" litzateke, Euskaltzaindiak horixe hautatu
baitu Ondarroako herritarra adierazteko, eta  kostatuko zaio
Euskaltzaindiari (herri horretan luzaro bizi izan den Andres Urrutia
euskatzainburuari berari ere) Ondarroan "ondarroar" esaten duenik aurkitzea,
bertan "ondarrotar/ondarrutar" esaten delako. Nahiko nuke jakin, baina,
zertan oinarritu den Euskaltzaindia "ondarroar" esan behar dela
erabakitzeko.
Ez dakit "añoargar" horren bidea antzekoa izango den, baina litekeena da.
Jose Ramon Egiluz, itzultzailea
Oharra: "Xuxen"ek ere txartzat ematen ditu "ondarroar" zein "ondarrotar",
"ondarrutar" baino ez du onartzen eta.

-----Mensaje original-----
De: itzul-bounces a bildua postaria.com [mailto:itzul-bounces a bildua postaria.com]En
nombre de Gotzon Egia
Enviado el: martes, 23 de mayo de 2006 17:23
Para: ItzuL
Asunto: Re: [itzul] añorgarra / añorgatarra


> Nik esango nuke añorgatarrak garela eta izan garela, hala diote aurreko
> belaunaldikoek ere, eta gainera Googlen bilaketa eginda, añorgarra askoz
> gutxiago agertzen da añorgatarra baino. Kontuan hartzeko, ordea, bilaketak
> topatutako kasuetan, euskaraz ari den gehienetan añorgarra proposatzen
> duela, eta espainieraz, ordea, añorgatarra.

Hitz egin dut Añorgako adiskidearekin eta, oro har, berak «añorgatar»
hobetsi dit, baina Ritxi Lizartzak nabarmendutakoak hor daude. Galdera
egin dudanean, horrexegatik egin dut hain zuzen: bat-batean
«añorgatarra» atera zait, baina Interneten galdetuta, ohartu naiz
euskarazko testuetan nagusi dela «añorgar». Alabaina, Ereduzko prosan ez
da «añorgar»-ik ageri, eta «añorgatar» bakarra...

Euskaltzaindiarenean zertxobait gehiago arakatuta, Jagoneteko erantzun
bat ageri da, 2001ekoa, «Herritarren izenen atzizkiak: "-ar, -tar, -dar,
-oztar"» izenburuaz
(http://www.euskaltzaindia.net/jagonet/galdera.asp?hizkuntza=eu&id=486).
Mikel Gorrotxategik erantzunean dio, besteak beste:

«Oso erantzun zaila du galdera horrek; izan ere, joera batzuk nagusi
izan arren, ez dago lege zehatzik (...) Zuhurrena herriz herriko
zerrenda osoa eskuratzea da, eta bertatik ikastea».

Zaharren ahotsak eta senak ezer balio baldin badu, Añorgakoak
«añorgatarrak» direla esango nuke.

--
Gotzon Egia
gegia a bildua gipuzkoa.net
43º 19' 12.8" N 1º 57' 49.6" W





ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago