[itzul] Joan Alonso: itzulpengintza eta matematika
karlos_del_olmo a bildua donostia.org
karlos_del_olmo a bildua donostia.org
Or, Urt 12, 12:18:46, CET 2007
Literatura eta matematikak
Batzuetan, elkarren hain urruti, ustez, dauden bi eremuak gurutzatuz,
gogoetaren bat egin daiteke.
Zenbatu berri ditut Harold Bloomek bere Mendebaldeko kanona delako
horretan argitaratzen dituen liburu-zerrendak, eta okerrak oker, 1.521
liburu agertzen dira berorietan. Noski, zerrenda hasiera batean ematen
duena baino zehaztugabeagoa da, autore askoren azpian «antologia», «
relatos», «obras en prosa» eta horrelakoak ikusten direlako.
Noski, zerrenda eztabaidagarria baino eztabaidagarriagoa da, aski izaten
delako norberak ongi ezagutzen duen autore bat hartu, baieztatzeko
irizpidea baino, askotan desinformazioa eta ezezagutza jartzen dituela
agerian Bloomen aukerak. Noski, aukera batzuk guztiz kapritxosoak dira,
eta ausentzia batzuk, deigarriak. Noski, kanon bat, eta are kanon
mendebaldar bat egin nahi izateko asmoa bera oso diskutigarria litzateke.
Baina, gezurra badirudi ere, ez dut Bloomen zerrendaren kritika egin nahi,
eta bakarrik bere alderdi matematikoarekin geratuko naiz: 1.521 liburu.
Horiek dira, Bloomen ustez, mendebaldeko kultura literarioak produzitu
dituen ideia, amets eta jakintza-multzoa inorenganatzeko beharrezkoak
direnak. Nire ustez oso liburu gutxi dira. Alegia, Bloomen zerrendaren
ezaugarririk nabarmenena -apetatsua, partziala, desegokia... edo nahi dena
izatea baino- laburra izatea da. Hartaraz gero, eta hau kopuru aski
arbitrarioa dela jakinik ere, nekez iruditzen zait onargarri, demagun,
10.000 obratik behera kontuan hartzen dituen kanonik. Baina tira.
Beraz, kopurua biribilduz, demagun 1.500 liburu euskaratu beharko
liratekeela euskarak gutxieneko maila «mendebaldarra» edukitzeko -bai,
liburu kanoniko batzuk euskaratuta daude dagoeneko, Kixotea kasu; baina
horiek gutxi izanik, ontzat eman dezagun kopurua, nolabaiteko gutxienekoa
ezartzen duelakoan-.
Orain ikus dezagun itzulpen-politikak uzten dituen datuak; konparaziorako,
Literatura Unibertsala bildumari esker 100 liburu euskaratu dira 12
urtetan, 1990etik 2002rako tartean, zehatz esanda. Eragiketa erraz bat
eginez, ikusiko dugu martxa honetan 180 urte aski liratekeela euskara
«aberats eta konplitua» izateko, Axularrek nahi zuen moduan. 2186.
urterako, eginda.
Ez nuke egon nahi 2186. urtean bildumaren azken alea aurkeztuko duen
itzultzailearen larruaren baitan. Inork imajina dezake ordurako
literaturarik, libururik, euskararik, are mundurik, izango ote den? Tira,
agian Marten egingo du bere liburuaren aurkezpena. Imajina dezakegu gure
itzultzailea, eskafandra eta guzti, esaterako Rayuela euskaratu berri -eta
aski dolorez!- besapean duela: «Berrehun urte itxoin behar izan badugu
ere, merezi duelakoan nago...». Inori interesatuko al zaio, literaturarik,
libururik, euskararik, are mundurik egonik ere? Arkeologia kiratsa dario.
Nire gogoeta eta nire galdera da: ez al litzateke zentzuzkoagoa pentsatzen
joatea mendebaldeko literaturaren bidezko kultur-transmisioa itzulpen
zuzenaren bidetik bakarrik ez, eta bestelako bideetatik ere landu beharko
dela? Esaterako, obra baten zatikako, pasartekako itzulpen antologiko
batek, obra eta egilea ongi ezagutzen dituen norbaitek edizio kritiko
batean bilduak, ez al luke asimilazio hobea, eta batez ere, arinagoa -eta
beraz merkeagoa, eta beraz errentagarriagoa, ekonomikoki zein kulturalki-,
ahalbidetuko?
Jon Alonso
Sareko Argia
ARGIA. Industrialdea, 15. 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403
Karlos del Olmo
karlos_del_olmo a bildua donostia.org
943424286
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago