[itzul] Estatuto de autonomía del País Vasco eta SEKULA BETIKO LURRALDEA
Mikel Iriarte
mikeli a bildua parlamento-navarra.es
As, Urt 16, 15:06:11, CET 2007
Gernikako Estatutua gaztelaniaz irakurri eta bi izen ematen dizkio sortzen duen autonomia erkidegoari: País Vasco eta Euskadi. Euskarazko testua (BOEn argitaratu zen itzulpen zaharra eta IVAPen itzulpen berria) irakurri eta bi izen horien itzulpena ematen du: Euskal Herria eta Euskadi.
Horrenbestez, Gernikako Estatutuaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak bi izen dauzka erdarazko testuan, bi izen dauzka euskarazko testuan eta hiru izen dauzka bi testuak begiratuz gero.
Euskal Herri antropologiko, linguistiko, kultural eta abarreko gainerako jendeak nongoa ote den ez du jakin harrezkero.
Estatutuaren itzultzaileak sorturiko "legezko" egoera negargarri hori alde batera utzita, nik uste dut estatutua idatzi zutenek bi izen eman nahi izan zizkiotela erkidego horri: Euskadi (euskaraz) eta País Vasco (erdaraz). Horrekin, euskaldun guztien País Vasco, Pays Basque, beraientzat hartu zuten, baina ez zuten Euskal Herria izena beraientzat hartu (harik eta itzultzailea iritsi zen arte).
Garai berezi eta nahasi haiez geroztik, Euskal Herriko Unibertsitatea dago, Euskal Herriko Agintzaritzaren Aldizkari Ofiziala, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko Legea dago, eta abar, nafarrontzat eta iparraldekoentzat guztiz "martzianoak" direnak. Orain ez dago horri buelta ematen ausartuko denik.
Horrenbestez, nire ikuspuntu xumetik, lehenbizi IVAPek hirugarren itzulpena egin beharko luke, eta hura Eusko Legebiltzarrak onetsi eta BOEn argitaratu (casi nada); bigarrenik, Euskal Autonomia Erkidegoari erreferentzia egiten dioten "Euskal Herri" guztiak aldatu beharko lirateke.
Euskadi har daiteke Euskadi Autonomia Erkidegoa izendatzeko (nahiz eta hori ere guztion ondarea ere bazen -garai batean Nafarroan eta Iparraldean ere Gora Euskadi oihukatzen zen-), eta País Vasco ere bai (hori ere dolorez), baina utzi sikiera Euskal Herria, ala?
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago