[itzul] altua/handia
Alfontso Mujika
alfon a bildua elhuyar.com
Al, Aza 5, 14:22:50, CET 2007
Niri ere ondo iruditzen zait zenbait magnituderekin "altu" erabiltzea,
baina ez zait ezinbestekoa iruditzen.
Pentsa genezake berez "handi/txiki" bikote kalifikatzailea dagokiola
jatorren edozein magnitude kontagaitzi, teorian behintzat. Adibidez,
"bero handia" esango dugu, eta ez "bero altua", fisikatik kanpora
"maitasun handia" edo "neke handia" esaten dugun modu berean.
Baina, fisikan behintzat, magnitude kontagaitzik edo neurgaitzik ez dago
(fisikan -fisika klasikoan, behintzat-, nola edo hala, zuzenean edo
zeharka, neurtzerik ez dagoena ez da existitzen). Eta, neurtzeko, eskala
bat erabiltzen dugu. Eta, eskala batean, normal-normal erabiltzen ditugu
"altu" eta "baxu" izenondoak eskalako posizio bat kalifikatzeko. Gero,
analogiaz, neurtzeko eskalan "altu" ageri den balioa zeri dagokion, eta
dagokion hori ere "altu" kalifikatzen dugu.
Uste dut mekanismo horrek funtzionatzen duela etengabe.
Are nabarmenagoa da hori tenperaturaren kasuan. Tenperatura termometroan
ikusten dugu, eta, horregatik, "altu" edo "baxu" erabiltzen dugu. Alde
horretatik, nik ere uste dut hobe dela (ia-ia "ezinbestekoa" esango
nuke, tradizioari erreparatuta) "tenperatura altua/baxua" esatea.
Tenperatura, baina, zeri dagokio? Gorputz baten beroari edo
barne-energiari. Eta beroa nahiz energia kalifikatzeko, egokia da
"handi/txiki" bikotea, nire ustez; hau da, ez dut uste beroa eta
energia kalifikatzeko ezinbestekoa denik "altu/baxu" bikotea erabiltzea.
Gainerako magnitudeetan ere, nire ustez ez da ezinbestekoa "altu/baxu"
bikotea. Adibidez, Elebilak edo Googlek berehala esango digute "presio
handi", "bolumen handi" (litro edo metro kubikoetan neurtzen denaz ari
naiz, ez hotsaren mailari buruzkoaz), "intentsitate handi", "energia
handi"... askoz gehiago erabili direla "presio altu", "bolumen altu",
"intentsitate altu", "energia altu"... baino.
Gauzak, gainera, are konplexuagoak dira; adibidez, "energia" hitzarekin
"altu/handi" bikoteaz gainera, "asko" ere erabiltzen da. Bolumen
geometrikoan "handi/txiki" bikotea erabiltzen da, baina soinuaren
intentsitateari buruzkoan ez dut uste berdin jokatzen dugunik. Bestalde,
"handi" erabiltzen den batzuetan, antonimo gisa ez dugu "txiki"
erabiltzen, "gutxi" baizik...
Alfontso Mujika
Elhuyar Hizkuntza Zerbitzuak
Patxi Petrirena(e)k dio:
> Egun on!
>
> Ezinbestekotzat daukat 'altu' hainbat neurrirekin
> (tenperatura, tentsioa, presioa, interesak...). Beste
> hainbatetan, zalantza izaten dut, 'altu' edo 'handi'
> ('abstrakzio-maila handia', baina 'gaixotasun-indize altua',
> ezta?). Azkenik, hainbatetan 'altu' desegoki erabiltzen dela
> uste dut: "adin altuko langileak", "sektoreak lortu duen
> dinamismo altua", "maila altuko nazioarteko aldizkariak"...
> Corpusetan aurkitu ditut azkeneko horiek, eta tankera
> horretako gehiago.
>
> Ustez bi muturrak garbi samar ikusten ditut, baina adibide
> mordoa agertzen zait 'erdiko' eremu horretakoa. Beharbada
> adibide sorta bat ekarriko dut beste tarte batean.
>
> Patxi
>
>
>> Askotan entzun izan dugu altua/baxua tenperaturari lotuta
>> bakarrik erabili behar dela euskaraz, baina sarritan
>> entzuten edo irakurtzen dira izenondo horiek beste
>> zenbait hitzi loturta ere: tasa, presioa, intentsitatea,
>> disoluzio-maila, zifra... Fisikako eta demografiako gaiak
>> lantzean, askotan ageri zazikigu, eta ez dugu jakiten
>> nola erabili: handia/altua, goi-; txikia/gutxi/baxua/
>> behe-; ertaina...
>>
>> Ba al daki inork nola erabili behar diren, edo gai hori
>> inon landua den?
>>
>> Mila esker, aldez aurretik.
>>
>> Bakun.
>
>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago