[itzul] 2tzul, Itzultzaileen Irizpen Biltegia

EIZIE info a bildua eizie.org
Ost, Aza 12, 09:58:03, CET 2008


Kaixo, ItzuLeko kide guztiok:

Berri ustez on bat iragarri nahi dizuegu, ilusio handiz iragarri ere.  
ItzuLek, hamar urte bete dituen honetan, senide jaio berria du: 2tzuL  
(Itzultzaileen Irizpen Biltegia), EIZIEren bloga. http://www.eizie.org/2tzul

ItzuLek mezu asko eta askotarikoak jaso ditu 1998an sortu zenez  
geroztik. Guztietatik ere, atera dugu probetxuren bat denok ere. Mezu  
batzuen kontuak, galderak, auziak, egun batean bideratu dira: galdetu,  
erantzun eta kito; beste batzuek, ordea, denbora gehiago eta azterketa  
sakonagoa eskatu dute, hari luze eta esanguratsuagoak ekarri dituzte.  
Eta hariei tiraka-tiraka, gaia janzteko adina eta adinakoak ere lortu  
dira askotan.

Bada, 2tzulek horixe izan nahi du: ItzuLetik berreskuratzea merezi  
duten gai horien bilduma lantzeko/janzteko bidea.

Aspaldi zuen EIZIEk proiektu hau gauzatzeko asmoa, eta hala jakinarazi  
zion ItzulBaitari, baita proposatu ere asmo hori abiarazteko.  
Harrezkero, igaro dira hilabete batzuk, baina azkenean hemen da 2tzuL.  
EIZIEren blog hau elkartearen web guneko atal bat izango da, 2008  
urtearen amaiera arte ItzulBaitak kudeatuko duena eta 2009tik aurrera  
EIZIEk.

Bloga moderatua izango da. Moderatzaile eta arduraduna Patxi Petrirena  
da.

Nolanahi ere, funtzionamenduaz gehiago jakin nahi izanez gero, blogean  
bertan eskuineko zutabean agertzen diren atalak irakurtzea izango da  
onena: atarikoa, argibideka, jarraibideak.

2tzuLen estreinako/estreinaldirako gaia

Senide berri honi soineko itxurazkoa egin nahi eta, zer hoberik KOLORE  
dotore batez eginikoa baino? Nolakoa egin, ordea? Kolore berdekoa,  
berde kolorekoa ala sagar-berde kolorekoa? Beharbada, udazkenekoa  
dugula eta, iratze onduaren kolorekoa?

Ez dizuegu eskatuko berehala erabakitzeko, Patxi Petrirenak prestatu  
duen KOLOREAK txostena irakurrita askoz ere irizpide gehiago izango  
baitugu auzi horri aurre egiteko.

Guk behintzat pozez egin nahi diogu ongietorria 2tzuL ahaideari. Zuek  
ere hala egingo ahal diozue!

Mila esker eta laster arte.

Mila Garmendia

ItzulBaitako kudeatzailea

itzulbaita a bildua eizie.org



  


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago