[itzul] homme du monde

B. Oihartzabal b.oihartzabal a bildua wanadoo.fr
As, Uzt 8, 20:38:43, CEST 2014


Corpus batzuetara behako bat eman dut 'homme du monde' hori orain arte 
nola itzulia izan den ikusteko. Azaletik, bistan da, eta Prousten 
itzulpenei bereziki so eginez (holako jendea Prousten mundukoa baita 
osoki ). Hona ondorioak:
J.A. Arrietak jadanik erran digu 'munduzale' eta 'mundu-gizon' baliatu 
zuela gehienik bere itzulpenean ("Swann-enetik").
Behako bat eman diet Orpustanek egin Prousten lanen itzulpenei ere. 
Honek gehien-gehienetan 'munduko gizon' eta 'gizon mundutar' erabili du.

'Femme du monde' anitzez gutiagotan agertzen da Prousten lanetan. 
Arrietak 'goi-mailako emakume' itzultzen du, eta Orpustanek 'munduko 
emazte' (Stendhalen 'Maitasunaren ikasten' ere bai).
ETC corpusean 'munduko gizon' eta 'mundu-gizon' beste zenbait itzulpen 
lan batzuetan agertzen da. Ez dut kasu horietan jatorrizko testuan 
zuzenzer agertzen zen beti egiaztatu ahal izan. Halere, adibideetako 
perpausak ikusiz, badirudi batzuetan bederen 'homme du monde ' horren 
pareko zerbaiten aipatzeko erabili izan direla sintagma horiek. J. 
Elosegik 'munduko gizon' erabili du (Diderot, 'Rameauren iloba') , U. 
Urritikoetxeak (Imre Kertész, 'Zoririk ez') eta A. Garicanok (Leo 
Perutz, 'Bederatzietarik bederatzietara') ere bai.'Mundu-gizon' J. 
Muñozek (Stendhal, 'Parmako kartusia') eta X. Mendiguren Bereziartuk 
(Bergson, 'Morala eta erlijioaren bi iturriak') erabili dute .
Badirudi, beraz, orain arte euskaratzaileek 'homme du monde' itzuli 
behar izan dutelarik, 'mundu' hitza nolazpait gorde nahiago izan dutela. 
'Gizon handiki' ere sei aldiz agertzen da ETCn; behin ere ez, haatik, 
gure 'homme du monde' delakoari dagokion testuinguru batean.

Ohargarria da, bestalde,itzulpenak ez diren ECT corpuseko testuetan ez 
dudala aurkitu horrelako adibide anitzik. Bat , A. Ladronen /Xake 
Mate/-koa izan daiteke: "Munduko gizonak gara eta ez dugu zertan elkarri 
mehatxuka ibili". Bestea Goenkale-koa(2004): "Hi, ni mundu gizona nauk, 
e?". Perpausak isolaturik agertzen dira corpus horretan, eta testuinguru 
zabalagorik ez da, autorea zertaz ari den zuzen jakiteko. Bigarren 
kasuan bereziki ez dakit frantsesezko 'homme du monde' hura denetz 
gibelean… Artetik errateko, 'mundu-gizon' elkarketaren adibide bakarra 
da itzuliak izan ez diren testuetan.
Izan ongi,
Beñat



-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20140708/833aaee2/attachment.html>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago