[itzul] kirol albisteak eta genitiboa

Juan Garzia Garmendia juangarzia a bildua gmail.com
Lar, Aza 21, 10:00:21, CET 2015


Ni ere saiatua naiz bereizkuntza horren ingurukoak maiseatzen; SENEZen,
besteak beste.

Labur-labur hemen:

Izen-sintagmei zuzenean (tartean beste postposiziorik ez dela) eransten
zaion -KO postposizioa lokatibo delakoarekin lotu ohi dugu (alde batera
utzirik NOLAKO adierakoak), baina nik nahiago dut esan nola edo halako
kokapena adierazteko baliatzen dugula joskera hori: oinarrian, bistan da,
leku-kokapena dugu, baina, haren proiekzioz, baita denbora, erakundea,
arloa eta abar ere.

Beraz, kokapen horren ideiak zilegiztatzen du semantikoki, nola edo halako
"espazio" fisiko nahiz mental baten irudikapenak, dena delako sintagman -KO
hori agertzea. Hori, kontu orokorrari dagokionez. (Jakina, erdaraz denak
berdin "de" izatea da arazoaren eragile nagusietarikoa, zenbaitek
itsusitzat jotzen badu ere bistakoa den hori bistaratzea).

Bada, ordea, erabilera desegoki nabarmenekin batera,
"erakarpenezko"tzat-edo jo daitekeen kutsadura bat, -EN genitiboarekiko
lehia bortitza sortzen duena, haren lekua hartzeraino. Hara: posposizioa
baliatuz izenlagun bihurtu nahi dugun izena nabarmen lekuzkoa bada,
leku-adierazpenetan erabiliko denez maizenik, horren inertziaz "gehiago
pentsatu gabe"-edo, -KO postposiziora jotzen du automatiko hainbatek, -EN
genitiboaren aukera burutik pasatu ere gabe noski.

Hortik, nik uste, nahaste edo ordezte hori. Areago, izenlagun horrekin doan
izena bera ere "espazio" adierakoa bada: "Afrikako mapa" ["Afrikaren mapa"
adierazteko], edota, toponimoa bezain nabarmen "leku" huts ez den izen
batekin: "gure bihotzeko mapa" ["gure bihotzaren mapa" adierazteko].

Kutsadura bertsua eragiten du, zenbait testuingurutan, analogiak:
"elkarteko lehendakaria" > "elkarteko zuzendaria" ["elkartearen zuzendaria"
adierazteko, hots, "elkartea zuzentzen duena", eta ez "elkartean auskalo
zer zuzentzen duena"]. Izan ere, analogiak analogiak, desberdinak dira bi
izenon jokoak: zuzendariak elkartea zuzentzen du (edo behar luke), eta
lehendakariak, berriz, ez du ez elkartea ez besterik *lehenda(ka)tzen.

Hala, bi ikuspegiak lehian daudekeen gehienetan, -KO nagusitu ohi da,
aukeran, kasu eta hizkera gehienetan: "etxeko/autoko giltzak".
Bereizkuntzak, hala ere, hor dirau berez: "katedralaren hormak/ateak" vs
"katedraleko hormak/ateak". Ez dabil "erakarpen"-mekanismo beretik oso
urruti "Eibarko herria" moldeko joskera, "Eibar herria" aposizio
teorikoaren ordez guztiok normal darabilguna (oroimenak huts egiten ez
badit, hala ere, "Eibarren errixa" dakar antzinako bando zaharrak:
erdarazko "(pueblo) de (Eibar)" preposizio berezi, esanahirik gabekoaren
ordain gisa zein postposizio aukeratu inoiz zalantzan ibili ez ote garen
iradokiz).

Bietara irudikatzen diren izenen kasuan ere, "espazio" adierak erakarri-edo
egiten du -KO atzizkia,  ia-ia -EN genitiboaren lekua guztiz hartzeraino
zenbaiten mintzamoldean, bereizkuntza galaraziz: "gobernuko aginduak"
["gobernuaren aginduak" adierazteko].

Azken sail horretakoak dira kiroletako adibideok, baina kutsadura
larriagotzen duen kontu batekin: "Oiartzun" zein "Brasil", oinarrian eta
maizenik, toponimo dira, eta eratorria da beste adiera, hots, "Brasil",
"Oiartzun" = "herri horren izen bera duen kirol-taldea". Horrekin loturik,
(kutsatzearen) alde berera tiraka, -EN genitiboak eta -N lokatiboak forma
bera hartzen dute halako askotan: "Brasilen", "Oihartzunen"... Horregatik
guztiagatik, "talde" izen arrunta esplizitatzera jotzen du askok, garbi
utzi beharrez ez dela hor "herri" adiera ulertzekoa: "Hondarribia taldearen
gola/garaipena/entrenatzailea".

Barka laburpena luzeegi bada.




Joxe Mari Berasategi<jxmbezu a bildua gmail.com> igorleak hau idatzi zuen (2015(e)ko
azaroak 20 21:53):

> Aupa, itzulkideok
>
> aspalditxoan bakea eman dizuet harrikada honekin, baina...
>
> 1)
>
> Oiartzun*go* entrenatzailea (nesken talde nagusiarena)
>
> nor ote da?
>
> Jon Alkorta
>
>
>
> Ba ote?
>
> Bai, bai, Jon Alkorta da,
>
> baina ez da Oiartzun*goa*
>
> Errenteria*koa* baizik.
>
>
>
> Beraz, hobeto
>
> Oiartzunen entrenatzailea, ezta?
>
>
>
> Ondo ote legoke
>
> Oiartzungo entrenatzaile errenteriarra?
>
>
>
> Ez ote legoke hobeto
>
> Oiartzunen entrenatzaile errenteriarra?
>
>
>
> 2)
>
> xx. minutuan iritsi zen
>
> Brasil*go* gola
>
>
>
> Non jokatu zen partida?
>
> Brasilen ala handik kanpo?
>
>
>
> Nork sartu zituen Brasilgo golak?
>
> Brasilek?
>
> Venezuelak?
>
>
>
> Brasilek bereak (Brasilen golak)
>
> Venezuelak berea (Venezuelaren gola)
>
>
>
> Guztiak ere Brasilgo golak, ez ordea Brasilenak.
>
>
> Gustura irakurriko ditut iritziak, inork esatekorik /gogorik badu.
>
> Joxe Mari Berasategi
> Gasteiz
>
>
>
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20151121/cbf3d000/attachment.html>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago